INFO

Iruñeko Udal haur eskoletan lanaldi osoak eta eskola mistoen eredua amaitzea eskatu ditu LABek

Iruñeko Udaleko haur eskoletako LABek langileek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan, plantilla organikoaren «berrantolamendua» exijitu dute, lanaldi partzialeko plaza guztiak kentzeko. Eta bestetik, eskola mistoen eredua bertan behera uztea eskatu dute.

Iruñeko haur eskoletako langileak, protestan, asteazken honetan. (LAB)

Iruñeko Udalaren haur eskoletako plantilla organikoaren negoziazioak gertu daudela eta, LABeko kidean udaletxearen aurrean elkartu dira asteazken honetan bi eskakizun argi egiteko: lanaldi partzialak amaitzea eta eskola mistoen ereduari amaiera ematea. 

LABek salatu du Iruñeko Udalaren haur eskolek duten egoera «aurreko urteetako baino okerragoa» dela. Eskola mistoen ereduaren hedapena da okertzearen arrazoietako bat, 2025-2026 ikasturtean eredu honetako beste haur eskola bat gehitu zaie lehendik zeudenei, «gainera, talde politikoen akordioaren ondoren, gehiago irekitzea aurreikusten da», ohartarazi du sindikatuak. 

Gogoratu dute langileek 12 eskoletako zuzendaritzekin batera urteak daramatzatela «komunikazio-hizkuntza bakarrean» oinarritutako eredua defendatzen eta eskatzen: «Aski ongi frogatuta dago pedagogiaren, lanaren eta antolaketaren aldetik eskola mistoek ez dutela funtzionatzen». Eta salatu dute Udalak udal eskolak «truke politikorako txanpon gisa» erabiltzen dituela. 

Lanaldi murriztuko kontratazioak

Egoera okertzearen bigarren arrazoia lanaldi murriztuko kontratazioen igoera da sindikatuaren aburuz: «Plantilla organikoari begira, zenbatekoa den jardun murriztuen kopurua: langile laguntzaileen artean ia % 47koa eta hezitzaileen artean % 29koa. Ikasturte honetan, baina, jardunaldi partziala duten hezitzaileen kopurua % 45era igo da».

«Erabat onartezintzat» jo du LABek lanaldi partzialeko kontratazioen igoera: «Eskoletako haurren familiek behar eta merezi duten zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, beharrezkoa da lanaldi osoko kontratua duten langileen kopurua handitzea, hezkuntza-talde egonkor eta sendoak osatu ahal izateko. Izan ere, lanaldi osoa duten langileekin bakarrik berma daiteke talde kohesionatuak egotea, haurrek erreferentziazko pertsona bat izatea eta haien arretan jarraitutasuna izatea, eta hezkuntza-kalitateari eustea. Horrenbestez, LABek berriz ere aldarrikatzen du lanaldi osoko hezkuntza-hirukotea (bi unitateko hiru hezitzaile egotea lanaldi osoz), haurren eta profesionalen egonkortasuna, koordinazioa eta ongizatea bermatzeko ezinbesteko eredu gisa».

Gainera, hezkuntzarena bezalako «sektore feminizatu» batean, «lan baldintza eskasak direnean, errekonozimendu sozial, ekonomiko eta politikoa behar dugu, eta, beraz, ezin dugu onartu kontratu partzialek dakarten prekarietate hori betikotzea», gaineratu du. 

Horregatik, LABek argi adierazi du lanaldi partziel horiek «desagertu» egun behar direla, eta horretarako, «kolektibo osoaren mobilizazioaren aldeko apustu sendoa» egiten dutela mahaigaineratu dute. Eta ohartarazi zute Udalaren haur eskoletako langileek «ez dutela baztertzen greba egitea».