Katxalinen XI. martxa solidarioan 5.000 pertsona inguruk hartu dute parte
Katxalin elkarteak urtero antolatu ohi duen martxa solidarioa ospatu da gaur Donostian, bularreko minbizia zein ginekologikoak dituzten pertsonei babesa eskaintzeko eta gaixotasunaren ikusgarritasuna lortzea xede duena. Lortutako dirua ikerketara bideratuko da.
NAIZ
Donostia
Bularreko eta ginekologiako minbizia duten Gipuzkoako pertsonen elkarteak, Katxalinek, urtero antolatzen duen martxa ospatu da gaur Donostian. 5.000 pertsona inguruk hartu dute parte, kamiseta arrosak soinean zituztela. ‘Marea arrosa’ deiturikoak gaixoei babesa helarazi diote.
Katxalinen XI. Martxa Solidarioa 11:00etan abiatu da Alderdi Ederreko lorategietan jarritako irteera-arkutik, udaletxearen aurrean, zinta moztu ondoren. Bertan izan dira hainbat ordezkari politiko eta instituzionalak, besteak beste, Jon Insausti hiriko alkatea eta udal taldeetako zinegotziak.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak parte hartu dute lasterketan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari ugarik ere bat egin dute deialdiarekin, besteak beste, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiorde eta PSEko buruak, Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako arduradunak eta Azahara Dominguez Mugikortasun eta Turismoko arduradunak.
4,5 kilometroko martxa solidario honekin, Katxalinek bularreko minbizia ikusaraztea eta ikertzen jarraitzearen garrantzia azpimarratzea du helburu, izan ere, «gero eta gazteagoak diren emakumeei eragiten die, baita gizonei ere».
Martxa honetan bildutako dirua BioGipuzkoa Institutuko Bularreko Minbizia Ikertzeko Taldera bideratuko da.