INFO

Euskaraz lan egiteko eta zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen

Euskaraz lan egiteko eta artatzeko eskubidea aldarrikatu dute LAB, ELA eta Steilas sindikatuek Gasteizen antolatutako mobilizazioan. Azkenaldian izaten ari den oldarraldi judiziala salatzeko probestu dute aukera, EAJ-ri ausardia eskatuz.

Gasteizen egindako mobilizazioa (Raul BOGAJO | FOKU)

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek manifestazioa antolatu dute gaur Gasteizen, euskarak zerbitzu publikoetan arreta eta lan-hizkuntza gisa behar dituen lege bermeak exijitzeko helburuarekin, asteartean Iruñean egin bezala

Mobilizazioan parte hartu dutenen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hizkuntza ofiziala izan arren, azken urteetan euskarak oldarraldi judiziala jasan izan du hizkuntzaren erabilera oztopatzeko. 

Bertaratu diren pertsona guztiak ‘Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’ lelopean abiatu dira Legebiltzarrera. Bertan amaitu den elkarretaratzean LABek gaztelerak administrazio publikoan dituen eskubide berdinak aldarrikatu ditu euskararentzat. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, euskara eremu publikotik baztertzeko «indar atzerakoiek» bigarren maila batean kokatzeko saiakera egiten dute. Horretarako, PPk eta VOXek estrategia oso narbarmena bultzatzen dute eta hainbat administrazio gobernatzen dituzten EAJk eta PSEk indar atzerakoien estrategia horrekin bat egitean eremu juridikoaz baliatzen dira. 

LAB-en esanetan, «epai euskarafobo eta ulergaitzak» estrategia honetan ezinbesteko tresnak dira, izan ere, hizkuntzaren oldarraldi judizialaren bidez oztopatzen da euskararen erabilera. 

Horrez gain, EAJ-ri ausardia eskatu diote Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko EH Bilduk egindako proposamena babestearren.

LAB-ek Hego Euskal Herri osoan mobilizazioa zabaltzeko intentzioa dauka. Horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldi nazionalera joateko deia ere luzatu du.

Prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, bidea euskara gehiago bultzatzea da, hizkuntza «kohesio sozialerako zubia» izan behar dela azpimarratuz.