
Sektore publikoan euskaraz lan egin eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko kanpaina jarri dute martxan LAB, ELA eta Steilas sindikatuek.
Iruñeko Parlamentuaren atarian astearte honetan egin duten agerraldian LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak eskatu ditu euskararentzat. Horretarako, «euskararen kontrako epaiak salatzea, administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea, administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza gisa izateko duten eskubidea bermatzea, euskararen lege berri baten beharra aldarrikatzea eta diskriminazioarekin amaitzea» eskatu du, besteak beste.
«Zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez daude bermatuta Nafarroan, ezta Nafarroako hizkuntza propioa ofiziala den eremu ofizialetan ere», ekarri du gogora.
Horrela, lanpostu publikorako lehiatzeko, euskara «baztertu egiten dela» salatu du, atzerriko hizkuntzak baloratzen diren bitartean. «Legez aitortua den zerbitzuetan ere, zerbitzu publiko askotan ez zaie bermatzen herritarrei euskaraz artatuak izatea; euskarazko hezkuntza herrialde osora zabaltzea oztopatzen eta mugatzen du gobernuak, eskubide hori legez onartua dagoen arren», gehitu du.
ELAk bere aldetik adierazi duenez, «euskararen kontrako epaiak etengabe diktatzen ari diren testuinguru honetan, beharrezkoa da euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunon eskubideak aitortzea».
Horretarako, zonifikazioarekin amaitzea defendatu dute. «Izan ere, gaur egun, posta kodearen araberako hizkuntz eskubideak daude, eta horrek bigarren mailako herritarrak sortzen ditu». Hau gainditzeko, 1986ko Euskararen Legea gainditu behar dela azpimarratu du, «euskara Nafarroa guztian ofiziala izateko behingoz».
ELAk «hizkuntz eskakizunek gora egitea» aldarrikatu du. «Esaterako urtero portzentai bat adostuz, erabiltzaileek euskeraz artatuak izateko eskubidea derrigorrez bermatua eduki arte». Bestetik, «euskararen ezagutza merezimendu moduan baloratzea hizkuntz eskakizunik ez dagoen plazetan» ere defendatu du.
Bestetik, pribatizatu-itundutako eremuetan, «langileek euskeraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskeraz artatuak izateko eskubidea bermatua eduki dezaten, zerbitzua ematen duten enpresek euskera planak egitearen derrigortasuna ezartzea pliego bidez» lehentsi dute. Eta, modu berean, PAI desagertzea
«Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak eskatu dute euskara hizkuntza ofiziala izatea Europar Batasunean. Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba jartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea», gaineratu dute.
Era berean, Merezimenduen Dekretuak ez lukeela «zonifikazioan sakondu» behar adierazi dute. «Alabaina, oraingo Gobernuak onartutako Dekretuak ingelesa, frantsesa eta alemana baloratzeko aukera ematen du, euskara baloratzeko aukera ezabatzen duen bitartean».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
