Joanes Aleman, Amaia Etxeberria, Ibai Ripodas, Irati Zabalza, Ibai Sueskun, Garazi Autor, Aritz Gomara
Sortu Donibane

13 urte hauek

Hamairu urte dira espainiar polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta Legaz auzokidea hil zutela Iruñeko Donibane auzoan. Ez dira sobera aldatu geroztik, gatazkaren alde bat (bando bat) direla ere ukatzen dutenak. ETAk borroka armatua utziagatik ere, zanpatzaileek zanpatzaile segi; askok hau gertatzean, inuxenteki-edo, bestelakorik izanen zela pentsatzen bazuten ere. Orduko hartan, Madrilen izandako atentatu bat erabili zuten aitzakia gisa, euskal disidentziaren kontrako giroa sortzeko. Giro hartatik eratorri zen Donibaneko hilketa. Hori nahikoa ez eta ederki jipoitu zituzten Martin Azpilkueta karrikara hurbildu zirenak, eta bereziki, Irache tanatorio inguruan elkartu zirenak.

Modu berean, Ertzaintzak Hernanin, Angelekiko elkartasunez egindako protesta bat indarrez zapuztu ondoren, Kontxi Sanchiz hil zen. Autokritikazaleek (Ezker Abertzaleari autokritika eskazaleek hobeki esanda) beraz, badute nondik hasi.

Ez da burua gehiegi estutu behar gaur egungo egoerarekin alderatzeko. Adibide bat jartzeagatik, hor dugu Nafarroako Gobernuak funtzionario publikoen eta eskuin muturraren biktimei egindako omenaldiaren harira gertatutakoa (omendutakoen artean zen Angel Berrueta). Berriz ere berdin: erail egin zituzten eta hori gutxi ez eta haiei samina adieraztea edo jasandako indarkeriarengatik omentzea galarazi eta debekatu nahi.

Hauek dira etikaz eta giza eskubideez hitz egiten dutenak. Demokrata gorenak. Haien artean buru dabil Espainiaren zerbitzura leial aritzen den UPN alderdia. Nafarroaren nortasunaren oinarri den euskara gartsuki eraso eta Nafarroa konkistatu zuten gaztelarren defendatzaile sutsu izan arren, nafartasunaren bandera eta zoritxarrez, hein handi batean, monopolioa dutenak. Garbi dago botereak (botere ekonomikoak elikatzen duen botere mediatikoak) ahalbidetzen diela kontraesan horien estaltzea.

Altsasukoa da beste adibide argi bat. Berdin da antolatutako ekintza bat izan edo tabernako sesioa izan. Estatuen erantzuna antzekoa da beti. Haien legeek babesten duten indarkeria erabiltzea eta askotan, baita haragokoa ere. Zentzu honetan, kontutan hartzeko ohartarazpen bat: Euskal Herriak ez dezake onar lege espainol eta frantsesen barnean egiten den indarkeria, hau da, ez lirateke abusu gisa deituak bakarrik salatu behar, honek, beren indarkeriaren zilegiztatzea ekarriko bailuke. Haien legeak erlatibizatu eta konkretu aurkeztu beharrean (espainol, frantses, kapitalista…), unibertsal, objektibo eta inpartzial moduan jotzera eramanen baigintuzke. Honen ildotik heldu da, okupazio indarrek alde egitearen eskaera. Izan ere, hauen abusuak bakarrik salatuko bagenituzke, haien alde egitea legearen betetze soilera bideratuko genuke eta ez funtsezko arrazoiera, hau da, lehen aipatu bezala, herri honen okupazioaren indarrak direla esatera.

Arestian esan bezala, 13 urte iragan dira ustezko bakezaleen bandoko ziren bi gizon armatuk, ordura arte bakean zen okin armatu gabea hil zutela. 13 urte ukazioan eta zanpaketan. 13 urte Euskal Herriaren aldeko lanean. Ez da besterik, ez da ez opari ez «kontzesiorik». Euskal Herriaren eraikuntzan segi behar, oztopoak oztopo; bidea borroka dugula alegia. Eta gauza jakina da, eraikuntza horren zeregin garrantzitsuenetakoa herri kontzientziaren garapena dugula. Herri honek herri dela sinetsi eta pentsatu behar du. Eta kontzientzia horren atal inportanteenetakoa dugu iraganaren oroimena eta batik bat, bidean (behartuta) gelditu direnen oroitzapena.

Aipatuako guztiagatik eta zuei burura etor dakizkizuen beste hamaika arrazoirengatik, deitzen zaituztegu Donibanen eginen den omenaldian parte hartzera.

Search