Rebeka Ubera
Aralarreko idazkari nagusia

2015, inflexio urtea

2015. urteko Aberri Egunaren karian, Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrontzat orain artekoa ez den etorkizuna aldarrikatu nahiko genuke batek baino gehiagok. Ez gure herri zahar bezain kementsuaren iraganari uko egiten diogulako, baizik eta 2015.a inflexio urtea izatea nahi dugulako, makina bat urtez etxetik bertatik hasita izan ditugun mendekotasun jarrera eta jokabideei amaiera eman nahi diogulako eta amaiera eman diezaiekegulako guztion artean. Determinazioz, auzolanaz, ausardiaz eta, batez ere, eguneroko lanarekin. Aldarrikapen hutsean geratu gabe, Europan eta munduan izatez eta «egitez» herri bat bagarela berretsi nahi dugu.

Nortasunez eta eskubidez nazioartera begira eraiki nahi dugu herria, urteetan zanpatuak izaten ari zaizkion eskubideak berreskuratzeko, auzolanean bide propioa egiten ari den jendartea bidelagun izanik. Izan ere, badugu politika egiteko eredu propioa, auzolanarena, herrigintzarena. Gurea, berezkoa, duguna. Nahiz eta azken urteotan bestelako kultura politikoa gailendu, zeinean bestelako ezaugarri batzuk nagusitzen diren, herritarren eta politikaren artean horma sendo iragan-ezinak eraikitzen duena.


Baina, hala ere, bagoaz. Ari gara Herrigintzaren bidea egiten gure herrian, auto-eraketa etengabean, Euskal Herriko leihoak ireki nahian mundura; nazioartean ematen ari den erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratiko eta oinarri-oinarrizko eskubidearen paradigma aldaketa eta eboluzio iraunkorrean, gure herriak eta gure herritarrek ere erabakitzeko eskubidea egikaritzen jardunez. Baditugu adibideak: Katalunia, Eskozia, Kosovo. Bakoitza bere ibilbide moldearekin, bere bide propio berezituarekin. Guk ere, eraiki genezake gure adibidea eta egin gure bidea: Euskal Bidea, independentziarako bidea.


Baina bide horretan, argi daukagu ezin garela geratu gure zilborrari begira, gure etxe barruan, uharte bat izango bagina bezala. Espainiako estatuak batik bat eta Frantziako estatuak bere itzalean, gure herriaren aitortza ukatzearekin batera, gure herritarren eskubideak –eskubide zibilak, politikoak, sozialak, laboralak– zapaltzen ditu. Anormaltasunean bizi gara, Espainiako estatuaren lege eta jarrera erabat antidemokratikoen menpe. Elkartasuna, demokrazia eta konponbidea kriminalizatzen duen estatu baten mendeko gara. Gure herria iraganera bueltatzeko helburuarekin ari dira, era horretara, nazioarteko estandar demokratikoetatik nabarmen urrunduaz. Baina etorkizunera begira gaude jada.


Herri zahar bezain kementsu, bizi eta anitz honek, etorkizunera begiratzen du; aurrera egin nahi du «pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak» lelopean. Guztiona izango den Euskal Herria eraikitzeko. Eta xede horretan, nazioartean estatu ez inperialista izatea lortu duten eta oraindik ere estatu izateko ekinbidean diharduten herri aurrerakoi eta solidarioekin elkarlanean aritzeko eta auzolanaren bideari ekiteko ahalegina areagotu eta sendotu behar dugu.


Aterabiderik ez daukan kale ilun horretatik bai ala bai atera behar gara. Herri eta gizarte gisa, egiten ari garen norabidea 180 gradu biratu beharra daukagu. Horixe da, hain zuzen, euskal gizartearen gehiengoa aldarrikatzen ari dena. Izan ere, gure gizartea, gure erakundeak, baita euskal gizarteko alderdi politiko nagusienetakoa  ere anormaltasunean murgilduak daude. Preso politikoak kartzeletan bahituak dituzte, eta ez da ezer gertatzen; presoen senideak elkartasuna praktikatzeagatik atxilotzen dituzte eta gure erakundeak ez dira gai erantzun irmo bat emateko.


Beraz, bi aukera ditugu: Madrilera begiratzen jarraitu, inoiz etorriko ez diren akordioen bila edo euskal herritar guztiok batera gure bidea egitea, bakegintza eta elkarbizitza demokratikoa eraiki. Eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea egin. Ez dago miraririk. Ez dago bidezidorrik.


Guk Madrili begiratzeari utzi eta aurrera egitearen aldekoak gara. XXI. mendea ezin da erregimen eta zurikerien mendea bilakatu Euskal Herriarentzat.


Horregatik, urratsak eman nahiko genituzke orotariko bidelagunekin, herritarrekin, alderdiekin, eragile sozialekin. Hauteskundeetan lehiakide politikoak izanda ere, gizarte eredu antagonikoak defendatu arren, argi daukagu alor batzuetan elkarrekin egin behar dugula bidea. Euskal Herriaren eta herritarren erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenekin, berandu baino lehen herri bezala eta herritar bezala eremu guztietan dagokigun erabakitzeko eskubidea gauzatzeko; demokrazian benetan sakondu nahi dutenekin, eta bakea eraikitzeko prest dauden guztiekin.
Gizarte justuagoa eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen gizartea eraikitzeko, desberdin pentsatu eta desberdin biziko direnen arteko elkarbizitza erdiesteko… Azken baten, gizartea normaltasunean kokatzeko aukera paregabea daukagu, anormaltasuna atzean utziaz behin betiko. Herriaren askatasuna eta gizarteko premien erantzunak bat eginez.   


Baina horretarako, beharrezkoa da alderdikerietatik aldentzea, alderdien interesak bigarren maila batean uztea eta herri ikuspegia lehenestea. Euskal gizartea ezin dugu alderdikerietara kondenatu, ez eta alderdien arteko akordio mugatuetara. «Eliteen» akordioetatik harago doazen akordioak behar ditu Euskal Herriak, behetik gora eraikiak. Ezinbestekoa da erantzukizunarekin jokatzea; funtsezkoa da herri eta gizarte bezala jokatzea. Ahalik eta akordio zabalenak bilatzen ahaleginduz. Garaia da lanean hasteko euskal eragileekin eta euskal gizartearekin oro har, bakea eta elkarbizitza eta baita ere erabakitzeko eskubidea berandu baino lehen errealitatea izateko gure herrian.


Guk ez badugu egiten, nork egingo du?

Search