Aitor Irigoien
Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

4.000 urte

Zenbat eta gehiagok eman pausoa, orduan eta gutxiago izango dira besteak, eta gero eta zailago eta deserosoago egingo zaie berdin jarraitzea

4.000 urte. Bada zerbait. Baina zenbat da zehazki? 35.040.000 ordu izan litezke, edota 1.460.000 egun; 80 urteko bizi-itxaropena kontuan hartuz, berriz, 50 belaunaldi desberdin hartuko lituzke. Jokoz kanpo uzten duten zifrak dira, gure egunerokoan erabiltzera ohituta gauden erreferentzietatik harago doazenak.

Andatza mendian gora, bideko kartel bat irakurritakoan jarri nintzen horretaz guztiaz pentsatzen. Bertan hainbat hondakin mota agertzen ziren zerrendatuta. Eta bakoitzaren ondoan, mendian botaz gero, lurrak haiek xurgatzeko beharko lukeen denbora: fruta azalak, 4 hilabete; plastikoa, 100-1.000 urte; beira 4.000 urte. Kartel esanguratsua iruditu zitzaidan, zer pentsatua ematen duena. Une hartan eskuan nuen plastikozko kantinplora han utziz gero, 3014. urtean bukatuko zukeen lurrean desintegratzen. Motxilako kristalezko ontzia botaz gero, han jarraituko luke… 6014a arte! Horrek guztiak natura eta gizakion arteko harremanaz hausnartzera eraman ninduen. Izan ere, naturak guri eskaintzen digun guztia eta guk itzultzen dioguna balantzan jarrita, argi dago ez garela gauzak behar bezala egiten ari. Herri Andinoetako indigenek Pacha Mama-z (Ama Naturaz) izaki bizidun gisa hitz egiten dutenean, batzuek barre egiten diete, eta inozotzat hartu. Baina haiengandik, bereziki naturari dioten begiruneaz, ikasteko asko dugula esango nuke.

Sakoneko afera da naturarekiko harremana, gizarte osoari eragiten diguna. Eta hondakinen gaia horren baitako puntuetako bat da. Ez bakarra, noski, baina bai garrantzitsua. Azkenaldian, aitzitik, asko (eta sarri oker) hitz egin da hondakinez. Hasteko, hondakinak zabor gisa tratatzeari uztea komeniko litzateke. Izan ere, hondakinak baliabideak dira, berrerabili eta birziklatu daitezkeenak, berriro erabilgarri bihurtzeko. Zaborra, hein handi batean, hondakinak bereizi gabe, denak batera, botatzearen ondorioz sortzen da. Hondakinen %85-%90 birziklagarria baita, hots, %10-%15 soilik da birzikla ezin daitekeena (errefusa).

Lehenik eta behin, ondorengo galdera egin beharko genukeela iruditzen zait: Nork sortzen ditu hondakinak eta zaborra? Ez da naturaren lana, ez da zerutik erortzen… Guk sortzen ditugu. Eta, ondorioz, guri dagokigu irtenbidea ematea. Gutariko bakoitzarena da erantzukizuna, eta denok jokatu beharko genuke arduraz eta zerbait egin. Europako zuzentarauek argi finkatzen dituzte lehentasunak: 1) Prebentzioa, hondakin gutxiago sortzea; 2) Berrerabilpena; 3) Birziklapena. Beraz, hondakin des- berdinak bereizita jasotzea ere bada konponbiderako urratsetako bat. Funtsean, ohitura aldaketa txiki bat soilik suposatzen du honek, eta borondate pixka bat jarriz, ez da batere zaila. Gauzak ondo egiten ahalegintzea, ikastea eta hobetzea.

Egiari zor, arlo honetan badugu zer hobetu. Bide luzea dugu aurretik, zabortegira doazen hondakinen zati handiena birziklagarria baita oraindik. Denok esaten dugu birziklatzen dugula, baina birziklatze tasen datuak nahiko gordinak dira: 2013an, Gipuzkoan %38 «soilik» birziklatu zen. Eta hori ekimen gehien martxan jarri dituena izanda. Ez dira emaitza onenak, beraz, kontuan izanda zenbait herritan %80tik gora eta hainbat herrialdetan %75 birziklatzen dela. Baina, positiboki begiratuta, urtez urte pixkanaka pausoak ematen ari garela ere antzeman daiteke. Gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta gero eta gehiago(k) birziklatzen dugu. 2010ean, esaterako, Gipuzkoako tasa %26,90ekoa zen, eta azken 6 urteotan bikoiztu egin da tasa, zabortegietara bidalitako tonak asko jaitsi diren bitartean.

Haatik, gero eta hondakin kopuru handiagoak sortzen ditugu (urtero %5 gehiago), guztioi suposatzen digun gastu eta dirutzarekin. Horren atzean, «herrialde garatu» deiturikoetan nagusi den bizitza eta garapen eredua dago. Produkzio eta kontsumo masiboan oinarritua, «erabili eta bota» leloaren menpean, enpresa erraldoien interesen gatibu, gutxi batzuen interes eta mozkin ekonomikoek gidatuta. Hala, duela 30 urtetik hona hirukoiztu egin da sortzen dugun zabor kopurua. Kasu honetan, aurrera egiteko, zertxobait atzera begiratzea ere ondo legokeela uste dut. Plastikozko egungo errealitatetik, granelarekin oroitzea; erosketa zentroetatik, berrerabilpenaren kulturari so egitea… Eta aukera bakar gisa saltzen diguten egungo sistema zalantzan jartzea, nori ekartzen dizkion onurak eta zeinen bizkar aztertuz, alternatibak josiz…

Jokoan dagoena ez da soilik gure osasuna, bizi kalitatea, ekonomia… gure ondorengoen etorkizuna eta ingurumenaren bizirau- tea bera baizik. Gure egungo ekintza eta jarrera txikiek dituzten ondorioez jabetzeko unea da. Zenbat eta gehiagok eman pausoa, orduan eta gutxiago izango dira besteak, eta gero eta zailago eta deserosoagoa egingo zaie berdin jarraitzea. Guk hautatu beharko dugu gauzak ondo edo gaizki egitea; ondorengoei mundu hobea ala zaborrak gain hartutakoa uztea; azken finean, kristalezko botila hori berrerabili eta birziklatzea ala mendian botata uztea hurrengo 4.000 urteetarako…

Search