Joseba Garmendia
UPV-EHUko irakaslea

466 aldiz handiagoa

Washingtoneko jatetxe batean afaltzera geratu ziren Gerald Ford presidentearen kabineteko hainbat pertsona Arthur Laffer ekonomialariarekin. 1974ko irailaren 13a zen. Mahai-zapi batean azken honek kurba bat marraztu zuen, zergen jaitsieraren abantailak adierazteko. Historian ez da egongo marrazkirik eragin handiagokoa.

Laffer kurba ezagunak alderantzizko U itxura du eta ideia oso sinplea erakusten du: zerga-presioa etengabe igoz gero, une bat iritsiko da zerga-sarrerak murrizten hasiko direla, pertsona eta enpresek nahiago izango dutelako lana egiteari edo ekoizteari utzi edo iruzurrean jardun. Lafferen hitzetan zerga-presioa %100ekoa balitz sarrera publikoak huts bilakatuko lirateke. Txotxolokeria hori XIV. mendean Ibn-Khaldun arabiar filosofoak adierazia zuen. Berritasuna ez datza esatean A maila batetik aurrera zergak igotzean ogasunek jasotako sarrerak jaitsi egingo direla. Nobedadea Mendebaldeko ekonomietan zerga presioa A mailatik gora zegoela esatea zen, eta, ondorioz, zergak jaitsiz diru-bilketa handitu egin daitekeela. Azken baieztapen ez zientifiko horrek, egia errebelatua bailitzan, azken lau hamarkadetako zerga-politika gidatu du. Reagan eta Thatcherretik hasita, Rajoy arte, marrazki hori erabili dute zergen jaitsiera justifikatzeko. Denek porrot egin dute: zergak jaitsi zituzten, diru-bilketa ahuldu egin zen eta atzera zergak igo behar izan zituzten. Eskema sinple horrekin jarraituz, presio fiskala A mailatik behera dagoela erakusten du ebidentzia enpirikoak. Hala ere, kontua da inork ez dakiela non dagoen A puntu hori. Batzuek %35ean dagoela diote, eta, beste batzuek, %80an. Estimazio ia denek herrialde gehienak maila maximoaren azpitik daudela diote, hots, zergak igotzeko tartea dutela. Mahai-zapi marraztu hori Googlen eta Bookings Institutioneko bitrina batean topa daiteke.

Lafferen kurbari kritika ugari egin zaizkio. A puntua non den estimatzea oso zaila da. Presio fiskala ez datza zerga tasa bakarrean; zerga ugarien oinarri ezargarrien gainean ezartzen diren tasa ezberdinen, tarte-mugen, kenkarien eta hobarien emaitza agregatua da, behin dirua jasota kalkulatzen dena. Hau da, presio fiskal berdinak (zerga eta kotizazio sarrerak barne produktu gordinaren proportzio gisa) muturreko egoerak isla ditzake, presioa zer errenta motaren gain eta nola ezartzen den arabera. Zerga batzuk progresiboak eta beste batzuk erregresiboak baitira. Kritika akademikoagoak ere badaude: Laffer kurbak ez du zertan jarraitua izan behar; presio-fiskala %100ean balego, diru bilketa ez litzateke zero izango; maximoak anitzak izan daitezke; Laffer kurba bera geografia eta denboran zehar aldakorra da, eta abar.

GESTHA hazienda-ikuskatzaileen elkarteak urteak daramatza proposamenak egiten zerga ereduaren inguruan, zerbitzu publikoen sostengua ziurtatzeko eta errentaren ekitatezko birbanaketari begira zerga sistemaren progresibotasuna hobetzeko. Estatu mailako aholkuak badira ere, hemen ere aplikagarriak dira, ogasun propioa izanik, zergen egitura eta diru-bilketaren problematika antzekoa baita. BEZaren ezaugarriak Estatuak erabakitzen baititu, baita zerga zuzen nagusienen (PFEZ eta Elkarteen Gaineko Zerga) egiturak. Laburtzearren, proposamen garrantzitsuenak honako lauok dira: baga, zerga-zama handiena 30.000 euroz beherako errentek jasaten dutenez, zerga sistemaren progresibotasuna zuzendu, kapital eta enpresen gaineko presio efektiboa handituz; biga, zerga zuzenak indartu, azken urteetan BEZaren pisua handitzen joan baita, eta, hau kontsumoarekiko zerga proportzionala bada ere, errentarekiko erregresiboa da, zenbait eta errenta handiagoa erlatiboki gutxiago bideratzen baita kontsumora; higa, SICAV eta antzeko formula saiheskorrak erreformatu, fortuna handiak bidezkoa ordain dezaten (zerga iruzurraren %72 fortuna eta enpresa handiek egiten baitute); eta azkena, iruzurra borrokatu.

Iruzurrean arreta jartzen badugu, ez dago txosten ofizial nahikorik neurtzen saiatu direnak. Aurten UPV-EHUko hiru katedradunek, Zubiri, Fernández-Macho eta Gallastegik, bat argitaratu dute, EAEko ezkutuzko ekonomia eta iruzurraren tamaina kalkulatzen dituena. Sarean aurki daiteke. Emaitza nagusiak bi dira, ezkutuzko ekonomia Barne produktu gordinaren %17,4 adinakoa da eta urtean 3.700 milioi euro jasotzeari uzten zaio iruzurraren ondorioz (%60, 2.220 milioi, euskal ogasunei dagokie, eta, gainontzekoa, gizarte-segurantzari eta Estatuari). Txosten honek hedapena eskasa izan du masa-komunikabideetan.

Bestalde, Nafarroa Garaian iruzurraren ondorioz jasotzeke geratu dena 358 eta 477 milioi artean kalkulatu da. Iruzurraren aurkako Plan berria onartu da aurreko hilabetean. Neurri interesgarriak baditu. Hala ere, oso bitxiak dira aurreko 2014-2017 Planeko hainbat eduki. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen datuen arabera, Alemanian, Frantzian edo Erresuma Batuan dituzten langileen erdiak ditugu Ogasunean. Proposaturiko neurrien artean arreta deitzen du gainerako Foru Aldundiekin informazio trukaketarako hitzarmenak 2014 arte ez zirela planteatu, ezta iruzur trama globalizatuen inguruko ikuskarientzako formakuntza-planak ere. Ikuskatzaile berriak kontratatzeko neurria, 45 gehiago lau urteren buruan, ez da bete. 43 teknikari zeuden 2014an, eta, orain, 60. Ez dirudi oso serioa iruzurraren aurkako lanak.

Kontraste argigarria egin dezakegu, EAEn gizarteratze errentaren inguruko iruzurrak eduki duen tratamenduarekin. Gai horrek egunkarietako portadak eta telebistetan orduak bete zituenean, sekulako ikuskaritza prozesua hasi zen. Lanbidek laguntza guztiak banan-banan aztertu zituen. Auskalo zenbat langile aritu ziren horretan. Ziur ogasuneko ikuskatzaileak baino gehiago. Zurrumurruak nahiko dira familia konkretuen gaineko ikerketak abiatzeko. Ertzaintzak eta beste poliziek ere kontrol eta errebisio prozesu horretan parte hartzen dute. Lanbidek “kontrol unitatea” sortu du. Are, gizarte-errentaren onuradunei hatz aztarna elektronikoaren sistema ezartzea aztertzen ari da. Eta komunikabideetan sekulako trataera izan du. Batzuetan lotsagarria, aurreiritzi gezurtiak zabalduz. Bi titular adibide gisa, itzal handieneko egunkarietatik hartuak: «La picaresca de la renta de garantía» (2013/03/01); «¿Un empleo? Gracias, pero prefiero seguir cobrando la ayuda» (2011/09/18). Horren guztiaren ondorioak diskurtso xenofoboa, baldintzak gogortzea, esfortzu publikoa kontrolera bideratzea, populazioaren zati ahulena modu iraunkorrean susmopean ezartzea eta errenta sozialaren programa murrizteko presioak dira.

Errealitatea oso bestelakoa da, ordea. Har dezagun Nafarroako egoera. Iaz 63,9 milioi euro erabili ziren gizarteratze-errenta finantzatzeko. Onuradunak 28.839 kide izan ziren, hots, 12.875 familia, eta horien artean 10.820 adingabe. Laguntzen batez bestekoak adierazgarriak dira oso: familiako 4.913 euro urtean, 409 euro hilabetean. Pertsonako 2.216 euro urtean, 185 euro hilabetean.

Babes sozialaren gaineko iruzurrarekin obsesionatuta daudenentzat datua. Pentsa dezagun muturreko kasua. Gizarteratze laguntzen onuradun guztiak, andre zaharrak, etorkinak, alargunak, umeak bere gain dituzten emakumeak, epe luzeko langabe kronikoak… gezurti hutsak dira eta ez dute laguntza hori behar. Hau da, aurrekontu guztia –63,9 milioi– iruzur huts izango balitz ere, Nafarroak kudeatzen dituen zergen iruzurraren %15era baino ez litzateke iritsiko. Baina esparru honetan iruzurra kalkulatu egin da. Gizarteratze Errentaren %1,4 bakarrik da iruzurra, 895.000 euro orotara, aurreko gobernuaren hitzetan. Hau da, zerga iruzurraren %0,21. Beste era batetara esanda, hobeto ikus dadin: gizarteratze errentan dagoen iruzurra baino 466 aldiz handiagoa da zerga iruzurra. Bidezkoa litzateke, hortaz, zerga iruzurrari aurre egiteko 466 aldiz baliabide gehiago, portada gehiago, telebista eta irratitan minutu gehiago eskaintzea. 466 aldiz arreta, ardura eta garrantzi gehiago.

Search