Itxaso Apraiz eta Ritxi Hernandez
Euskal gune ekosozialista

Irailak 27: tximeletak tsunamia eragiteko lehen urratsa

Trantsizio horrek sarritan aipatzen ez den funtsezko ondorio bat dakar berarekin: behar-beharrezkoa izango dela, herrialde aberatsotan behintzat, energiaren eta materialen kontsumoa nabarmen murriztea. Hau da, ezin izango dugula jarraitu, orain arte bezala, gero eta energia eta material gehiago kontsumitzen eta, argi eta garbi esanda, kontsumo horien azeleragailua itsu-itsuan zapaltzetik frenoa behar bezala zapaltzera pasatu beharko dugula.

«Tximeleta baten hegalen mugimenduak planetaren beste muturrean tsunami bat eragin dezake». Tximeleta efektu hori aipatzen denean, zera azpimarratu nahi da: egoera zehatz batzuetan, ekintza txiki batek aldaketa oso nabarmenak eragin ditzakeela.

2018. urtean, Greta Thunberg, 15 urteko neskatilak, ostiraletan klasera joateari utzi eta horren ordez Suediako Legebiltzarraren aurrean «klimaren aldeko eskola greba» jartzen zuen kartel batekin esertzen hasi zen. Ondoren, nazioarteko milaka eta milaka ikaslek bide horri jarraikiz hainbat greba eta mobilizazio egin dituzte ostiraleetan. Eta orain, irailaren azken ostiralerako, 27rako hain zuzen, mundu osoan greba eta mobilizazioak egitera deitu gaituzte munduko agintariek hitzetatik ekintzetara pasa daitezela exijitzeko: klima larrialdia izenda dezatela eta egoera horri aurre egiteko neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzatela.

Aldarrikapen horiek egiteko gainera, datu eta ebidentzia zientifiko argi-argietan oinarritzen dira.

Zer esaten dute zientzialariek klima aldaketari buruz? Bada, hiru ideia nagusi:

Lehenengoa, klima aldaketa ez da agian gertatuko den zerbait, ez eta etorkizuneko arazo bat ere. Ez, inondik ere ez. Une honetan bertan gertatzen ari da, eta nabaritzen ari da kontinente eta ozeano guztietan. Eta ondorioak nabarmen-nabarmenak dira bai ingurune naturalean (batez besteko tenperatura igotzea, glaziarrak urtzea, itsas maila igotzea, muturreko gertakari meteorologikoak ugaritzea...), bai ekonomian (oinarrizko elikagaien produkzioa murriztea, muturreko fenomeno meteorologikoek, suteek eta bestek eragindako kalteen kostuak handitzea...) bai eta gizartean ere (lurraldeen galera, goseteak, pertsonen desplazamendu masiboak areagotzea…).

Bigarrena, klima aldaketa hau, planetan orain arte gertaturikoak ez bezala, giza jarduerek eragindakoa da.

Hirugarrena, hori horrela izanik, gure eskuetan dago zein izango den aldaketaren intentsitatea eta berarekin dakartzan ondorioen kaltegarritasun maila.

Eta zer egin beharko litzateke klima aldaketaren kaltegarritasun maila ahalik eta txikiena izan dadin? Hona hemen bi helburu nagusi:

Lehenengoa: planetaren batez besteko tenperaturaren igoera katastrofikoa ekidin.

Planeta berotzen ari da (aurreindustriatik hona 1,1°C igo da batez besteko tenperatura) eta argi dago tenperatura zenbat eta gehiago igo orduan eta handiagoa izango dela ordaindu beharreko faktura ekologikoa, ekonomikoa eta soziala eta orduan eta txikiagoa izango dela planetaren ahalmena gizakiak elikatzeko eta,oro har, bizirik mantentzeko.

Klima aldaketaren ondorio latzenak ekiditeko, zientzialariek zera esaten digute: mende amaierarako planetaren batez besteko tenperatura ez dela 1,5ºC baino gehiago igo behar, langa horretatik gora berotze prozesua asko azeleratu daitekeelako eta  berarekin dakartzan ondorioen larritasuna nabarmen areagotuko delako.

Kontuan hartzen badugu honez gero 1,1 gradu igo dela tenperatura eta urterik urte etengabe ari dela igotzen, erraz konturatuko gara erronka ez dela bat ere makala, aipatutako segurtasun maila ez gainditzeko oso-oso tarte txikia baitago (0,5º C baino ez, mende osoan!).

Larrialdi egoeran gaude, jokoan asko daukagu eta denbora agortzen ari zaigu.  Baina, orain arte ikusitakoaren arabera, argi dago munduko agintariak ez direla egiten ari egin beharrekoa. Izan ere, Trumpen, Bolsonaroren eta abarren bidetik, hau da, ezer ez egitearen bidetik jarraituz gero, mende amaierarako tenperaturaren igoera 4 eta 6 gradu artekoa izan daiteke; baina Parisko Hitzarmena betetzeko Gobernuek (Europako Batasunak barne)aurkeztutako konpromisoekin igoera segurtasun mailatik oso urrun geratuko litzateke, 2,5°-3,7°Ckoa izain daitekeela aurreikusten baita. Eta horrek, besteak beste, miloika eta miloika pertsona kondenatuko ditu heriotza zigorrera. Eta egoera horrek izenik badu: genozidioa!

Bigarrena: Berotegi gasen isurketa kopurua nabarmen murriztu.

Frogatuta dago zenbat eta berotegi gas (CO2, metanoa, nitrogeno oxidoak…) gehiago pilatu atmosferan  orduan eta gehiago igotzen dela planetaren tenperatura. Hau da, parametro bien artean erlazio zuzena dagoela. Horregatik, tenperaturaren igoera katastrofikoa ekiditeko behar-beharrezkoa da berotegi gasen isurketen murrizketa azkarra eta nabarmena egitea.

Berotegi gas horiek, batik bat erregai fosilen (ikatzaren, petrolioaren eta gas naturalaren) errekuntzan isurtzen dira. Horregatik, errekuntza horiek dira azkar eta nabarmen murriztu behar direnak. Izan ere, herri aberatson kasuan, 2050. urtea baino lehenago erregai fosilik gabeko ekonomia izatea lortu beharko genuke eta, horien ordez, energia berriztagarrien aldeko erabateko apustua egin. Hau da, horrek oso epe laburrean trantsizio energetiko sakon-sakonari ekitea eskatzen du.

Baina, trantsizio horrek sarritan aipatzen ez den funtsezko ondorio bat dakar berarekin: behar-beharrezkoa izango dela, herrialde aberatsotan behintzat, energiaren eta materialen kontsumoa nabarmen murriztea (ikerketa batzuen arabera, Europan adibidez, energiaren kontsumoa erdira jaitsi beharko litzateke, eta EEBBetan are gehiago). Hau da, ezin izango dugula jarraitu, orain arte bezala, gero eta energia eta material gehiago kontsumitzen eta, argi eta garbi esanda, kontsumo horien azeleragailua itsu-itsuan zapaltzetik frenoa behar bezala zapaltzera pasatu beharko dugula.

Gero eta desberdintasun sozial nabarmenagoak dituen mundu honetan, trantsizio energetiko horrek kontuan hartu behar du klima aldaketaren ondorio bortitzenak pobreak pairatzen ari direla, nahiz eta berotegi gas gutxien isurtzen dutenak izan. Horregatik, pertsona guztiek bizitza duina izateko duten eskubidea errespetatu nahi badugu, trantsizioa ezinbestean sozialki bidezkoa izan behar da eta demokrazia ahalik eta zabalenean oinarritu behar da, horixe baita berme bakarra trantsizioa gehiengoen (ez eliteen) interesen izenean egin dadin.

Klima aldaketaren ondorio latzenak ekiditeko bide orria, beraz, ondo deskribatuta dago, bibliografia zientifikoa ugaria da, eta proposamenak argiak eta zehatzak dira. Baina, zoritxarrez, urteak joan eta urteak etorri, bilkurak eta gailurrak bata bestearen atzetik egin eta, hala ere, egoera, funtsean, gero eta kezkagarriagoa da, berotegi gasen kontzentrazioa atmosferan etengabe handitzeak ondo erakusten duen bezala.

Larrialdi egoerak norabide aldaketa sakona eskatzen du, ez orain arte bezalako aldaketa kosmetikoak, eta aldaketa hori lortzeko neurri argiak eta zehatzak, ez orain arteko aldarrikapen hutsalak. Horregatik, irailaren 27koak garrantzi berezia du. Izan ere, norabide aldaketa hori soilik gauzatu daiteke tsunami herritar baten ondorioz, eta 27a horretarako lehen urratsa izan daiteke!

Search