Josu Jimenez Maia
Saharako Kabiak

Aberastasunik handiena, jakintza أخير الصكاطة صكاطة العلم

Hassanierazko esaera zahar horren arabera, jakintza da pertsona batek erdiesten ahal duen aberastasunik handiena. Ondasun materialekin gertatzen den ez bezala, jakintza, ezagutza, ez da galtzen, ez gastatzen, ez higatzen, bizitza osoan zehar bidaide eta laguntzaile leiala dugularik. Tateh Lehbib lagun sahararrak esan dit hassanierazko esaera zahar hori arabiera klasikoan erabiltzen den bertze erranairu baten parekoa dela: «Eskatu jakintza sehaskatik hilobiraino». Nolanahi, bi esaerek diotenez, ikastea etengabeko prozesua da, eta jakin-minak ez du ez adin mugarik, ezta amaierarik ere.

Noblea bezain pobrea den Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 50 urte beteko ditu laster, eta gaur Saharako errefuxiatu kanpamentuetako batean, melfa koloretsu batez jantzitako irakasle bat ari zaie ume txikiei eleak aletzen, jakin-mina ernaltzen; umeak irakasleari begira daude, hitzak irensten dituztelarik. 

Argi dute zeinen garrantzitsua den heziketa, trebakuntza eta kultura. Gogo aldartearen bat-bateko asaldura sortzen dit irakurtzeak edo entzuteak hezkuntzan halako kopuru bat gastatu dela, edo irakasleen formazioan hainbeste gastatu dela. 

Kulturan eta hezkuntzan sartzen den dirua beti da inbertsioa, sekula ez gastua. Horregatik Saharako Kabiak elkartearen leloa hauxe da: “Herri jantzia, askatasun hazia”; bestela esanda: «Aberastasunik handiena, jakintza»; edo hassaniera:

أخير الصكاطة صكاطة العلم

Search