J. Agustin Ozamiz Ibinarriaga

Aberastu hiztegi emozionala

Eraginik sakonena subjektibitatetik sortzen da. Subjektibitatea mentalizazioaren bitartez eraikitzen da. Dinamika hauek taldean sortzen dira, ekintzak eta gogoetak garatzerakoan. Mentalizazioaren dinamikan hizkuntza eta hizkera gakoak dira.

Ikastolen lana emankorra izan da. Neu izan nintzen lehenengo irakasle mutila Bizkaian. 1968an hasi nintzen Deustuko ikastolan lanean. Orduantxe ez geneukan libururik euskaraz. Euskara batuaren premia larria zen. Laster hasi ziren testuak ateratzen, lehengo "Saioka" eta halakoak, euskaraz ipuinak argitaratzen. "Kili Kili" zen ia irakurgai jolasgarri bakarra. 50 urte hauetan izugarrizko lorpenak izan dira haur eta gazteen hezkuntzan, euskaraz. Bilbo osoan, ume eta nerabe gehienak ikastoletan edo D ereduan ikasten ari dira.

Antzerako lorpena izan da EHU/UPVn. Martin Mateok kontratatu ninduen Bilboko unibertsitatean, 1978an, Euskal Herriko Unibertsitate barruti berrian ikasketak euskaraz garatzeko. Enrike Knör, Araban, eta Xabier Kintana, Juan Luis Goikoetxea eta Patxi Uribarren, karmeldarra, Bizkaian, sartu nituen taldean, lan hura egiteko. 40 urte hauetan asko aurreratu da. Baina, asko dago egiteko oraindik unibertsitatean irakaslego artean, batez ere, katedradunen artean.

Gaur egun, euskara dakien jendetzaren kopurua handituz doa. Gazteen artean, gehienek euskaraz dakite. Hala ere, ez da erabiltzen edo gazteleraz sarriago hitz egiten da lagunen artean. Zergatik? Zein motibazio dago? Nola bultza daiteke euskaraz dakienak gehiago erabil dezan? Hau da, gaur egun, daukagun erronka euskalgintzan.

Eraginik sakonena subjektibitatetik sortzen da. Subjektibitatea mentalizazioaren bitartez eraikitzen da. Dinamika hauek taldean sortzen dira, ekintzak eta gogoetak garatzerakoan. Mentalizazioaren dinamikan hizkuntza eta hizkera gakoak dira.

Mentalizazio kontzeptuaz zera ulertzen da: norbera eta besteak, gogoaren egoeren terminoetan ala hitzetan, aditzeko ahalmena. Gogoaren egoeren sailak hauek dira: sentimenduak, sinesmenak, intentzioak eta nahiak. Nolanahi ere, hausnarketarekin eta horretarako erabiltzen ditugun hitzekin zerikusia dauka mentalizazio kontzeptuak. Haurren egitura preflexiboetan oinarritzen da hausnarketa, baina hitz egiten ikasten den eran sortzen da ahalmen hori.

Gurasoek edo zaintzaileek hausnarketarako gaitasuna sortzen dute umeengan: hitzez adierazteko nahiak, sentimenduak, sinesmenak, intentzioak. Hala ere, bizitza osoaren zehar gara daiteke gaitasun hori lagunekin, nahiz eta haurtzaroan oinarriak ezarri.

Besteen egoera mentala irudikatu ezinean, komunikazioa oso mugaturik izaten da. Elkarrizketaren oinarria, halabeharrez, elkarren arteko kooperazioa bezala ezartzen da. Hitz egiten duenak, edonola ere, bestearen ikuspuntua kontuan izan behar du beti, komunikazioa efektiboa izan dadin. Hausnarketaren funtzionamendua ere oso lotuta dago oinarri horretara.

Azter dezagun gaia beste ikuspegi batetik. Automatizazio, zibernetika eta adimen artifizialaren sasoian ba ote da testuinguru horretara moldatzen den hizkera gure inguruan? Horretaz, esan daiteke ingelesa dela teknologia horretarako hizkuntza ezinbestekoa, zeren eta nazioarteko testuinguru batean garatu baita, eta nazioarteko hizkuntza da. Baina, hausnarketa pixka bat eginez, ikuspegi primarioa gainditzen badugu, ohartuko gara egoera honi aurre egiteko, benetan testuinguru berri honekin egoki lana egiteko eta ahal den egokien moldatzeko, gizakumeen arteko emozioez, komunikazioz eta espirituz ohartzen eta aditzen jakin beharko dugula. Beraz, arlo honetara moldatzen eta garatzen den hizkera bat behar dugu derrigorrez, baldin eta nahi badugu gure hizkuntzak eta izaerak iraun dezan. Beraz, euskaraz emozionalki ondo alfabetatuz, eta adimen espiritualaz, testuinguruko adimenaren hizkera garatu behar dugu nahitaez. Eta, orain arte, hori ez dugu patxadaz egin.

Getxon, Egizu-k antolatuta, irakurle txokora joaten naiz ia hilero. Era guztietako liburuak euskaraz irakurtzen ditugu, eta idazleekin eztabaidatzen ditugu. Irakurri ditugunen artean, poesia barne, oso hiztegi emozional laburra dagoela esango nuke. Gehienetan metaforak erabiltzen dira emozioak adierazteko. Ez dakit gai izango garen, Erdi Aroan herri boteretsuek sortu zituzten antzerako idazleak bultzatzeko. Baina gakoa argi dago, pertsonen emozio, amets, drama, pasioak deskribatzen dituzten narratibak behar ditugu. Egoera larria izanik, beharbada nire atsekabeak egoerari aurre egitera bultzatzen nau, errukigabe, samurtasunez eta gozo, baina sendo, nire kutuna den hizkuntza laguntzeko. Laztana, kutuna eta auzo-lan hitzak entzun gura ditut nire inguruan, eta ez gehiago kale borroka, zulo, kalimotxo, amorru, etsaia, eta horrelakoak. Horrela, gure hizkuntzaren etorkizuna ziurtatuz gain, oreka psikologikoa ere sustatuko dugu.

Dena dela, behar horretaz ohartzen ari garela uste dut. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitaratutako "Euskararen Estrategia" dokumentuan, zerbait aipatzen da horretaz. Hala nola, Jaurlaritzaren 117. Konpromisuan esaten dena, edo Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2. Puntu estrategikoan adierazten dena.
Amaitzeko, ariketa bat egitea proposatzen dizut. 9 emozio aipagarrienetatik, bilatu beste hiru hitz, emozio esparru bakoitzeko, antzeko emozioak adierazten dituztenak. Saiatu erabiltzen zure eguneroko harremanetan hiru hilabetez, edo eta baita zuri gustatzen zaizun musika estiloak sortzen dizkizun emozioak izendatzen saiatu. Ea zer gertatzen zaizun ikusi. 9 emozio aipagarrienak hauexek dira: haserrea, beldurra, poza, ezustekoa, tristura, jelosia, maitasuna, lotsa, samurtasuna.

Search