Josu Iraeta
Idazlea

Aberria egunero

Duela urte batzuk, egunkari honetako irakurle gehienak jaiotzear zeudela, Aberri Eguna ahopean, oso ahopean, aipatzen zen zerbait zen. Ezin dut asko zehaztu, baina bai esan, Aberri eguna ospatzeko nik ezagututako lehen deialdiak Donostiako Antigua auzoan egitea zuela helburu, auzoko  parrokiaren "barruan" hain zuzen.

Deialdiak berak adierazten digu euskaldunok garai haietan bizi genituen egoera "bereziak". Deialdiarekin jarraituz, gaineratu behar dut etsigarria eta arraroa izan zela, oso arraroa. Goiztiarrenak elizara hurbildu zirenean, barrualdean lekurik ez zegoela ikusi zuten, jendez gainezka zegoela, aurreikusitako ordua baino askoz lehenago. Guardia zibilek, poliziek eta senideek bete zuten. Arrakasta handia.

Aberri Egunaren ospakizuna, denboraren joanean, oso gutxi ezagutzen diren egoerez josita dago. Batzuk benetan esanguratsuak dira, eta, beren garrantziagatik, azken hamarkadetan bizi izan duguna markatu zuten.   

Nire ustez, eta sozialki eztabaidatua izan arren, ez zen pentsaezina izan, batzuek adierazi zuten bezala, logikoa baizik. EAJ eta EE bezalako euskal indar politiko "erreformista" batzuen amore emate eta errenditze prozesua nagusitu zen garaiak ziren, jarrera eta helburu politiko "moderatuetatik" abiatuta, noraezean aurrera egiten jarraitu zutenak,  utzikerian  bidetik, sinboloak ere bazterrera utziz.

Jokabide hori, gutariko askorentzat, esaten dudan bezala, logikoa zena,  Euskal Autonomia Erkidegorako "Euskadi" izenaren usurpazioa azaltzen zuen mekanismoa bihurtu zen.

Horrela, ekintza politiko horren arduradunek, EAJk eta EEk, Madrilekin "elkarlanean" jardun zuten zonetan zatitze autonomikoan, Iparraldea eta Nafarroa "Euskadi" ez zirela ikusaraziz.

Gauza bera esan daiteke ikurrinari buruz; izan ere, bandera hori Autonomia Erkidego jakin bateko, “Baskongadetako”, sinbologiari esleitzean, hainbat argudio eman ziren ikur hori  beste Autonomia Erkidego batean – Nafarroan-  ofizialki erabili ezin izateko. Hori horrela egin zen, eta ezkutatzeko jauzi dialektiko guztiak gorabehera, inork ezin du ukatu.
Geroago, Eusko Jaurlaritza behartu zuten bere armarritik  Nafarroako kateak erretiratzera.

Hamarkada askotan zehar, Euskal Estatutuaren arduradunek, Estatutu hark esan nahi zuenari buruz herria engainatzeko ahalegin itsuan, sinboloen mailan egindako engainuen  “fruituak” jaso ditugu.

Hori da erreformistek ezarri zuten errealitate politikora prostituitutako sinbolo batzuk “egokitzeko” bide tristea.

Antzeko zerbait gertatu zen Aberri Egunarekin, sinbolo horrek, “Euskadi” edo ikurrinaren izenak bezala, sortu zuen taldearen esanahia eta ordezkaritza gainditu baititu, gure herriaren borrokak aberastuta, bere askapen nazionalagatik.

Amore emateko bidean, “erreformistek” Euskal Estatutuaren gabezia larriak herriaren begietara ezkutatzeko beharra ikusi zuten. Horretarako eta bere ezarpenaren ondoren Aberri Egunaren errebindikazio eta borroka edukitik husten hasi ziren, zeren, zertarako aldarrikapena eta borroka, nahi zuten guztia Estatutuarekin bazuten? Hori zen EAJ eta EEko erreformisten logika.

Horiek dira “Bascongadas” terminoa erabiltzen dudanean batzuek kopeta zimurtzeko dituzten benetako arrazoiak. Gaiztakeriaren egileei min ematen die, eta haien alderdikideak lotsatu egiten dira.

1980tik aurrera, mobilizazioei uko egin zieten, eta “ospakizun instituzionalak” ekarri zituzten, noski, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, hura bakarrik baitzen Euskadi.

Orduan jaso zuen Herri Batasunak Aberri Egunaren zuzia, borroka egun gisa eta berriro altxatu zuen.

Hurrengo urteetan, eta aurreko deialdiek izandako "arrakasta" ikusita, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak ez zuten erakunde-ospakizunik  egin. Baina hori bai, ekitaldi instituzionalak gertaera handi batekin ordezkatu zituzten, "Torrebruno" ekarri zuten.

Ez zaitezte ikaratu, ondo irakurri duzue, "Torrebruno", italiar abeslari eta komikoa. Zehatzago esateko, esan dezaket "DEIA" egunkariak 1982ko apirileko 1.491 zenbakian, honako hau idatzi zuela 5. orrialdean: "Torrebruno Bilboko Aberri Egunean".

“Torrebruno” eta euskal dantzen alarde bat izan ziren hilaren 12rako ekitaldirik aipagarrienak –Eusko Alderdi Jeltzaleak Aberri Eguna dela-eta Bilboko Erakustazokan antolaturiko egitarauaren barruan–. Arratsalde horretan bertan, Leioako Txikilandia taldeak jardun zuen “abiatzaile”” gisa. Aberri Egunaren amaiera gisa, “Torrebruno” aritu zen bere pailazo eta zirku saioekin.

Hamarkada batzuk igaro dira, eta denok ez gaude pozik  haren garapenarekin, eta hala jakinarazi dugu publikoki. Baina ez gaude bakarrik, beste batzuk ere badaude, demokraziaren eta zintzotasunaren “sinbolo” direnak, eta -nire ustez- barkamena eskatu eta haien ibilbidea zuzendu beharko luketenak.
 
Inork ez zituen euskal sinboloak  eta erakundeak muga horretaraino galbideratu behar. Borroka, sakrifizioa eta lan askoren ondorio direlako. EAJ, ETA, JAGI JAGI, ANV, Euskal Sozialistak, Komunistak, baita Anarkistak ere. Borrokan ari den herri langile guztiarena.

Erabaki garrantzizkoen aurrean eta “urrats” berriak ematen hasi aurretik, komeni izaten da hontzaren jarrera antzeratzea eta atzera begiratu ondoren, egindako bidea ongi aztertu. Jakina, ez dira denak pozez eta bihotza dardarka egongo, batez ere, aspaldian urduri dabiltzanak. Ikasi bai dute, “gutxiengoak batera gehiengoak garela”.

Oharra: Jator eta zintzotasun jarrerak, ez lukete historia manipulatzeari bide eman behar.

Search