Abertzaleak, gehi...
"Berria" egunkarian Iñaki Galdosek idatzitako "Abertzaleak" izenburuko iritzi artikuluan zenbait burutazio azaltzen ditu kontzeptu horren gainean, eta horrek, alegia, abertzaletasunak, zer ikusi izan dezakeen Ikasle Abertzalearen izen aldaketarekin. Kexu da bere ustez «gero eta gutxiago gara ideologikoki nazionalistak garela onartzen dugunok»; behintzat, «soilik» abertzaleak direnak.
Iritzi horrek arazo bat dauka, Joxe Azurmendik zioen bezala, nazionalismoak daude, ez dago nazionalismoa izeneko gauza bakar bat. Eta nazionalismoen artean badira marxismoaren galbahetik igarotakoak. Izan ere, beti berezi izan dugu nazio zapatzaileen nazionalismoa eta nazio zanpatuen aldekoa.
Horrela izan da beti. EAJk, bere nazionalismoa Kristau Demokrata izaerarekin osatzen zuen (Sabino Aranaren ustean hobe Euskadi zapaldua baina kristaua, libre eta laikoa baino); bere garaian, Alemanian eta Italian ideologia horietakoek agintzen zutenean; eta ezker abertzalea sozialismoarekin uztartuta agertzen zen. Batak zein besteak oinarri nazionalista aldarrikatzen zuten, nahiz eta batena estrategia independentista izan eta bestearena autonomikoa, sozial arloan proposizio desberdinak garatuz.
Munduan era guztietako nazionalismoak daude (sozialistak bezain beste), ezkerreko zein eskuineko. Esate baterako, nazionalismo faxistak daude, xenofoboak eta arrazistak, zapaltzaileak eta baztertzaileak. Espainian adibidez, Voxen nazionalismoa dugu. Baina nazio zanpatuan ere sortu litezke gisa horrelakoak; esaterako Katalunian (katalanista gainera). Gurean oraindik azaldu ez badira ere, lehen edo beranduxeago azalduko dira, euskal aberria moroen inbasiotik salbatzeko. Txio batean hauxe irakurri nuen: «I987. Pilota partida eten egin da Angelusa otoitzeko. Egun, Realaren partidu etanbat eten egin dugu bi jokalari Ramadan garaian zeudelako. Euskadi suntsitzen ari gara. Konturatzen garenerako ez dira geratuko izan ginenaren errautsak ere. Euskadi Salba Dezagun! Delako Erik Salazar batek sinatzen zuen
Komunismoak ere, hasieran internazionalismoa zuen oinarri. Baina azkar aldatu zuen ikuspuntua. Bigarren Internazionalean nazioa toki berezia hartu zuen eta nazio inperialisten defentsan (bakoitza norberarena) lerratu ziren Lehenengo Mundu Gerran. Hirugarren Internazionalean mundu guztiko langileak eta herri zapalduak batera aldarrikatzen ziren.60. hamarkadan kolonialismoaren aurkako borrokan, Alderdi Komunistak nazio zanpatuen borroka horren buru bihurtu ziren toki askotan. Esate baterako, Vietnamen Ho Cho Min komunista genuen nazioa askapenerako borroka gidatu zuena; Mao abertzale zen japoniarren aurka; inoiz ez zuen abertzale izateari utzi; eta, zer esanik ez, egungo Txinako Partidu Komunista.
LKIren laugarren kongresuan zara genion: Gure jarrera komunista eta iraultzailearekin kontsekuenteak gara: Euskadin badago nazio askapenerako prozesu bat, eta prozesu horrekiko konpromezua baieztatzen dugu, beren sektore erradikal eta kontsekuenteenak izanik. Intentzioa behintzat bazegoen
Euskal Herrian abertzaletasunaren eta sozialismoaren sorreran, biak korronte uztargaitzak ziren. Abertzalea ezin zen sozialista izan eta, alderantziz, sozialista izanik ezin nazionalista izan (euskalduna, jakina, ordurako PSOE nahikoa espainiarra baitzen).60 hamarkadan sortu zen ETA, Nazio Askapenerako erakunde sozialista eta iraultzailea; geroago zatikatu zena ildo desberdinetan. Garaia hartan asmatu zen nazio askatasuna eta justizia soziala uztartuko zituen bi aurpegien txanpon beraren metafora.
Gaur egun, txanponaren bi aldeen metafora bera ere zaharkitua geratu zaigu. Balio izan zuen bere garaian, baina gaur egun emantzipazio osorako xedea bi aurpegiaren txanpona baino, izaera poliedrikoa duen emantzipazio proiektua aldarrikatuko nuke. Alde batetik, aipaturiko bi mugimendu nagusiak (langile mugimendua eta nazio askapenekoa) asko aldatu direlako, gurean eta munduan; eta, batez ere, emantzipazioaren egitasmoa askoz zeharkakoagoa delako, non mugimendu berrien garrantzia asko handitu den, batez ere, feminismoarena eta ekologismoarena; besteen protagonismoa apalduz. Langile borroka eta nazio borroka berpizteak ez luke zertan beste borrokak gutxietsi; aitzitik, uztartu egin beharko lirateke. Hau da, Euskal Herriko eraikuntza nazional demokratikoa, ezkerrekoa, ekologikoki jasangarria eta ikuspuntu feministatik emantzipatzailea; eta proiekzio internazionalistakoa. Emantzipazio prozesuaren irudi geometriko horrek alde guztiak barne hartzen ditu, batak bestea baldintzatzen du eta aldagaien interakzioa lortzen du: lurraldea, energia, elikadura, ekologia, zaintza, gorputza, baldintza materialak eta esplotazio ekonomikoa.
Inor ez da abertzale soila. Nik uste, Euskal Herrian gero eta gehiago gara abertzale kontsideratzen garenok, baina ez soilik abertzale. Abertzale eta plus modukoak, LGTBIQ plus antzekoak; abertzale heterodoxoak, hainbat gaietan bezala. Agian intentsitatean jaitsi egin dugu (hobe intentsoak baino, askotarikoak eta zabalak), baina beste asmoekin uztartzea da gure askatasuna nahia. Esaterako, egunotan, feministek eztabaidatu dute zer aportatzen dioten euskal nazionalismoari
Horregatik, Ikasle Abertzale erakundearen bilakaerari buruz ezin dugu neurtu bere izaera abertzaletasunaren galbahetik soilik; beren proiektua nola gauzatzen duten baizik, eta abertzaletasunak horren barruan zer indarra duen.
Sinesten badiegu, Euskal Estatu Sozialista bat aldarrikatzen dute. Beren jarduera euskal lurraldean gauzatzen dutela (nahiz eta aliantzak izan zenbait tokietan), euskara dutela ardatz (Txilardegik zioen euskara zela euskaldunun aberria)..., nahikoa ezta? Beste kontua da, zeini ematen zaion lehentasuna edo nola artikulatzen duten praktikan. Hor hasten dira kontuak. Beraientzat, eta guretzat.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.