Marije Fullaondo *

Abian gara, zatoz gurekin

Eztabaida ariketa dugu Abian, hainbat eta hainbat lagunen iritziak eta ekarpenak jasoaz orain bost urte ekindako ezker abertzalearen norabidea egokitu nahi duen ariketa. Dagoeneko eztabaida bere garai erabakigarrian barna ibiltzeko tenorean da. Ariketan murgiltzeko eskaintza eta gonbita izan nahi du idazki honek.

Gure estrategia politikoa molde berriez garatzea erabaki genuen Zutik Euskal Herria izeneko bidea hautaturik. Harrezkero bost urte joan direla, garaia bada ibilitakoaz hausnartzeko. Aukera berriak ireki dira, bistan da, eta lorpenik ere izan du bideak, nola ez. Baina arazoak ez dira nolanahikoak. ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi zuen arren, egun Euskal Herrian biolentzia politikoak oso presente eta eraginkorra jarraitzen du izaten. Helburu politiko zehatzak bilatzen dituen biolentzia pairatzen dugulako egunez egun. Frantziar eta espainiar estatuek ez diote beren indarkeriari uko egin eta egiturazko ukazioa ezartzen digute euskal herritarron borondate eta erabaki demokratikoen gainetik. Ekonomiaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz edota garapen ereduaz, nonahiko eta etengabeko inposizio tresnez baliaturik herri gisa landu nahi ditugun ibilbideak trabatzera, ixtera datoz estatu bien aparatu guztien egiturazko bortxak.

Gatazkaren konponbideari bide bat eskaintzearen alde ezker abertzaleak eginiko ekarpenari estatuek emaniko erantzuna erabateko itxiera izan da, eta indartsuen sentitzen diren esparruan biolentzia eta zigorraren areagotzea erabiltzen ari dira, prozesua bere osotasunean zapuzteko. Blokeoa eragiteko. Lortu ere egin dutelarik halako ataka gaiztoan Euskal Herriaren indar sozialen eta burujabetza premiak garatu ezinik harrapatuta geratzea. Horretan, konponbidearen alde ustez diren indar politiko batzuen laguntza izan dute. Blokeo hori ezker abertzalearen arazoa bailitzan.

Egia da, zinez, “Zutik Euskal Herria”-n marraztu genuen bide orrian oso bestela irudikatu genuela ibilkera. Bestelako jokabidea espero genuen behin borroka armatuaren desagerpena emanda hainbat eragileren aldetik. Eta gure gabeziak eta hanka-sartzeak ere kontuan hartzekoak dira, jakina. Baina blokeo honek Euskal Herriaren erabakien errespetu eza du oinarri, ez dugula indar eta sendotasun politiko askirik osatu estatuek prozesu demokratiko baten emaitza diren erabakiak errespeta ditzaten. Hil ala biziko kontua dena, bistan da.

Aukerak hortxe dira, ordea, bizirik eta oparo. Panorama politikoa irekia da, oso, eta oinarri berriak finkatzen ari dira. Funtsezko aldaketak abian dira Euskal Herriko lurralde guztietan, baita eragile herritarren artean ere, gure geroa eraikitzeko ahalmena eraginkortzeari begira.

Estatuek ez dute eskaintzarik Euskal Herriarentzat, euskal jendartearen gehiengo oso-oso zabala den euskal langileriarentzat. Krisiaren izenez jantzita datorren erasoaldi kapitalista oso bortitza ari gara pairatzen, langileen esplotazioa areagotuta. Bazterkeria eta prekaritatea larriagotuta, bizitzaren arlo guztiak kontsumo eta negozio bitarteko bihurtu nahi duen gizarte eredua inposatzera datoz, bertoko jauntxoekin eskuz esku. Eredu patriarkalak indarrean jarraitzen du, emakumeekiko egiturazko diskriminazioaren edota indarkeria matxistaren betikotzeak erakusten duen bezala. Nazioarteko eremuan jokabide inperialista gero eta bortitzagoa oinarri, estatuen legedi gero eta errepresiboagoak eta jokabide gero eta xenofoboagoak bultzatzen dituztela. Estatuen kontrol-botere hori euren mugen barnean kolokan jartzen duten mugimenduak gogor zigortzen ari dira, europar instituzioen inposizioez eta multinazionalen botere erraldoiekin eskutik helduta.

Horregatik, burujabetzaren aldeko hautua dugu, gaur egun, oligarkiaren aurkako urrats eta ariketa eraginkorrena. Europako mendebaldean gorpuzten ari diren prozesu burujabe guztiek (Eskozia, Katalunia, Korsika) jendarte horien gehiengo langilearen aldeko hautua indartzeko aukera berriak irekitzen dituzte. Beren lanetik bizi diren herritar xeheen interesen aldeko bideak marrazten dituztela.

Herrien eta jendeen ahalduntze bideak jorratu behar ditugu eta burujabetza molde askatzaileak garatu, bizimodu duin eta askeak garatzeko aukerak irekitze aldera. Esan bezala, estatuen eskaintzak Euskal Herriarentzat morrontza eta menpekotasuna baino ez dakar, europar inperialismoaren ahuldadeak herriek eta langileek ordain ditzaten mehatxuz eta beldurrez jositako eskaintza pozoitsua.

Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetarazteko bidea hobeto marraztu eta gure ibilkera sendotu nahi dugu Abian prozesuaren bitartez. Prozesu demokratikoa eraikitzeak derrigorrez eskatzen digu estatuen inposizio eta ukazioen gainetik pasatzea, euskal herritarrek beren instituzioetan hartutako erabakien errespetua irabaziz. Geure buruaren jabe jokatuaz soilik irekiko baitugu burujabetza osoaren, independentziaren aukera.

Ahalegin eta ariketa aldeaniztun honen baitan euskal jendartean independentziaren aldeko hautabidea gorpuztu eta hedatuko da, gero eta herritar gehiagok partekatuko baitu gurekin independentzia beharrezkoa den estadio eta tresna politikoa dela jendarte aske eta bidezkoa lortzeari begira. Horixe da gure hautua. Horixe da gure eskaintza. Independentzia eraikitzeko bidea elkarrekin garatzea, euskaraz askatasun osoz bizi nahi duen ororekin, jendartea gizon-emakumeen arteko aukera berdintasunean oinarritu nahi duen ororekin, neoliberalismo kapitalistak inposatu nahi digun eredu sozialari oso bestelakoa kontrajarri nahi dion ororekin, berdintasunezkoa eta bazterkeriarik gabea. Euskal Herriak bere buruz aske erabakitzeko eskubidea duela uste eta defendatzen duten guztiekin. Zuekin.

Horren aldeko egitasmoa da euskal Estatua eskuratzearen aldekoa. Eta estatuen inposizioari aurre egitea eskatzen diguna, konfrontazio demokratikoa hitzetatik harago, ez mobilizazio edo ekintza isolatuetan, jarduera sendo eta iraunkorretan garatuta baizik. Ezberdin aritu eta pentsatu izan dutenen arteko elkarlan sendo eta iraunkorragoa ere eskatuko digun hautabidea da independentziaren aldeko gurea.

Eginkizun ugariak eta konpromiso sendoak eskatzen dizkio honek guztiak, beraz, ezker abertzaleari. Gure barruan hainbat kontu aldatzeko erabaki sendoak behar ditugu. Batetik, urratsak egiten jarraitzeko barne trinkotze politikoa finkatu eta eraginkortu behar dugu, estatuen eta inposizioen aurrean behar den konfrontazio demokratikoa altxatzeko Euskal Herrian. Bestetik, besteekiko elkarlanean aritzeko malgutasuna eta lan egiteko molde berriak eskuratzea. Eta guztiaren oinarri, mugimendu gisa gure barne bizitza eraberritzea eta behetik gorako dinamikei lehentasun osoa eskaintzea.

Horren aldeko apustua da Abian ariketa. Eztabaidatzeko osatu dugun txostena eskuragarri duzu www.ezkerabertzalea.info webgunean, baita ere prozesuan bildutako ekarpenen laburpena eta beste. Baina espetxeetako harresien aurrean adierazi genuen bezala, txosten batean kabitzen ez den ariketa da Abian, jarrera politiko eta pertsonala aldatzean oinarritzen den apustu politikoa, askoren artean, konpromiso eta engaiamendu urrats txikiz eta praktikoz josiko duguna. Erabakiak hartzeko tenorea dugu eta auzo/herrietako batzarretan dago orain gakoa. Bertan parte hartuko dutenen esku dago aurrerabidea nolakoa izango den zehaztea. Aspaldiko kantaren oihartzuna dator gogora: «Lagun etor gurekin, denok elgarrekin, badugu zer egin. Gu ez gira lotsatzen, etsaia non hazten, han da gudukatzen... Elkarri lotuz buru gorputzak!». Abian gara.

(*) Sinatzaileak: Marije Fullaondo, Igor Arroyo, Oihana San Vicente, Pello Otxandiano, Amaia Elkano, Eneko Aldana, Kizkitza Gil de San Vicente, Xabier Alegria, Nuria Altzugarai eta Iñigo Erkiaga

Search