Fito Rodríguez
Idazlea

Abuztua erail zuten

Gaur egun Donostiako udal gobernuan dauden EAJk eta PSEk ez zituzten iaz begi onez ikusten Abuztuaren 31ko gertaera latzak gogorarazteko Donostia Sutan elkarteak antolatutako jarduerak.

EAJ taldea, alde batetik, kexu zen interpelazio baten bidez, honelakoak esanez: «Donostia Sutan elkarteak, ‘Donostia 1813- Isildutako sarraskia’ izeneko jardunaldiak antolatu ditu, eta Udala, ikur eta guzti, laguntzaile gisa agertu da jardunaldi horietan, ekitaldi hauek izan ziren: Testigantzak izeneko hitzaldia, Iñaki Egañak emandakoa; omenaldi bat Plaza Berrian, hala jartzen baitzuen programan, 1813. Donostia. Hiru inperioren biktima dokumentalaren emanaldia oinarri zuena; eta Parte Zaharreko kaleetan jarritako erakusketa bat, non Donostia Sutan elkarteak, panelen gainean, bere teoriak azaltzen zituen gertakari haren inguruan, hala nola hiria zein testuingurutan suntsitu zuten, nork suntsitu zuen eta horrek geroko indarkeriekin zer analogia dituen. Inori ez dio ihes egiten argudio ildo hori Udal Gobernuaren gustukoa dela… eskatzen diogu [orduko] Udal Gobernuari utz diezaiola era honetako oroitzapen ekitaldiak bere ideologiarekin bat datozen eta/edo gaur egungo bere behar politikoak betetzen dituzten interpretazioetarako propaganda gisa erabiltzeari».

Halaber, duela urtebete, Napoleonen gerrateko Abuztuaren 31ko suntsiketa dela eta, egun Donostiako alkateordea den Gasco jaunak Udalaren webgunean Donostia Sutan elkarteak 1813ko gertakariez argitaratutakoaz mozioa aurkeztu zuen. Haren aburuz, «zenbait historialari eta akademikok salatu du manipulazio lerratia eta kalitate akademiko gutxikoa dela Donostia Sutan-ek 1813ko suntsiketaren gainean» kaleratutakoa. Bere aburuz, «adierazpen askatasunak ez du esan nahi zorroztasun historikorik eta gertatutakoaren kontaketa benetako eta dokumentuz egiaztatutakorik izan behar ez denik, interpretazio politiko alderdikoi eta oinarri akademikorik gabekoak alde batera utzita. Hori dela eta, guk uste dugu gutxieneko kalitate eta zorroztasun zientifiko bat izan behar litzatekeela Donostiako Udala bezalako erakunde baten webean adierazpenak eta edukiak argitaratu ahal izateko».

1813ko Wellingtonen garaipen militarrak ospatzeko sortu zuen (enkarguz) Beethovenek bere Opus 91. Urte berean estreinatu zuen Vienan 7. Sinfoniarekin batera, nahiz eta 1816an birmoldatu eta Londresen Ingalaterrako erregeari eskaini zion. 7. Sinfonia baino askoz ezagunago bihurtu zen militarren aldeko konposizio hura eta, azkenean, Beethovenek berak, nazkatuta, deitoratu zuen «Opus 91. konposizioa lelokeria hutsa» izan zela arrapostuz. Aurretik ere antzerako iritzi aldaketa izan zuen musikariak zeren 3. Sinfonia, hastapenetan, Napoleoni gorazarrez idatzi bazuen ere, berak bere burua enperadoretzat hartu zuenean, korsikarraren izena, erabateko haserrealdiaz, partituraz kanpo utzi zuen Beethovenek.

Hala Wellingtonen nola Napoleonen omenaldiak izan dira historian nahiz artean guregana arrakastaz iritsikoak. Haien guda inperialistek eragindako sarraskiak, ordea, isilduak izan dira. Ez dugu, demagun, ‘Donostia Sutan’ izeneko sinfonia edo ohikoaz aparteko beste historia alternatiborik eta, hura egin beharra aldarrikatu izan denean, jakina, «interpretazio politiko alderdikoi eta oinarri akademikorik gabekoak… gutxieneko kalitate eta zorroztasun zientifikorik gabeko» ekarpen bihurtzen dute botere erakundeetatik, tokian tokiko ikuspegi motza, nonbait.

Donostiako suntsiketaren azken erantzule, ñabardurak gorabehera, Wellington bera izan zela ezin da kolokan jarri. Iberiar penintsulara etorri aurretik ere, Indian zegoelarik, hemen egindako sarraskiaren antzerakoak zuzendu zituen britainiarren kolonialismoaren mesederako.  Wellington, beraz, gerra kriminala izan zen, eta hori frogatua utzi zuen hemen eta Indian.

Hori guztia gogoraraztearekin batera, orduko giro haren unibertsaltasuna nabarmendu nahi dut nik, baina beste ikusmiratik, ez irabazleen alde egindako ekoizpen kulturaletatik, galtzaileen begietatik baizik.

Napoleonek, Frantziako Iraultzaren mezua antzutu zelarik, bere inperioa eratu zuen, eta, haren politikaren ondorioz, nazionalismoak sustatu zituen Europa berri bat sortuz. Gerra napoleonikoak izan ziren herrien independentziaren abiapuntua (oraindik ere espainiar kulturarentzat ‘Independentzia Gerra’ deitu ohi zaio horri).

Beethovenengan ere islatzen dira orduko kontraesanak. Musikaria, hastapenean Napoleonen alde jarri zen eta, berehala, Napoleonen aurka.

Gaur egungo Donostiako Gobernuaren aburuz, ekitaldi horiek antolatzea «ideologia eta propaganda baita manipulazio lerratia ere bada», baina, EAJk edo PSEk uste dutenaren kontra, arteak, musikak edo literaturak behin betiko finkatutako bertsioen kosmopaletismoari aurre egiteko balio dute. Garailearen irudia argiztatzeko izan beharrean gertaeren beste ertzei erreparatu ahal izateko, hain zuzen. Napoleonen gerrateko garaikoak dira kulturgileak boteretsuen mendeko artisau izatetik artista izatera pasatzea, eta, horrekin batera, lehen intelektualak plazaratzea.

Intelektualen eta artisten izaera horri heldu behar diogu berriro orain ere gogoetaz eta iradokizunez kultura inoiz baino menperatuago dagoen sasoi hauetan. Iraganaren berri ez ezik, iragan horrek gureengan utzi duen arrastoari kasu eginez. Donostian abuztua erail zutelako eta horri buruz hausnartzea ez dagokigulako donostiarroi soilik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren egoitza, Gasteizen, Wellington izena daraman kalean dago eta…

Search