Beatriz Arana eta Julio Villanueva
AHT Gelditu! Nafarroa

AHTren aldeko plataforma: AHTren mafia Nafarroan

Duela hilabete batzuk, AHTren aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan, Foru Komunitatean makroazpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Plataforma hori Nafarroako AHTren proiektuaren ahultasun une batean sortu da, hamalau urte baino gehiago iraun duten lanen ostean, bultzatzaileek nahi bezain azkar aurrera egiten ez duelako eta proiektua erreskatatu zuten Next Generation funtsak agortzear daudelako.

Plataforma horren sustatzaile nagusiak Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (CEN), Merkataritza Ganbera, Institución Futuro think tank erakundea eta ingeniarien zenbait elkargo dira. Erakunde horiek Nafarroako enpresa eliteen interesak ordezkatzen dituzte; izan ere, aurrekaririk gabeko krisi ekosozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa naturaren eta langile klasearen bizi kondizioen gainetik jartzeko, noiz eta azken hori gero eta kaltetuago dagoenean bizitzaren garestitzea, murrizketak eta pribatizazioak direla eta. Era berean, badirudi bost axola zaiela eraikuntza arloko muturreko lan esplotazioa, Euskal Herriko AHTren obretan hamahiru langileren heriotza eragin duena. Hasieran, erakunde horiek beren enpresa harremanen sarea hauspotuz, 41 antolakunderen atxikimendua lortu zuten plataformaren sorrera agiriaren inguruan.
 
Manifestua izenpetzen duten enpresa elkarte oso gutxik –eta are gutxiago beste mota bateko antolakundeek– jasoko dute AHTtik nolabaiteko onurarik; izan ere, bere garaian CEOEk adierazi zuen bezala, «enpresek salgaien trenbide garraio eraginkorra behar dute, eta ez AHTrik», Espainiako Estatuko gainerako lekuetan bezala, Nafarroan ere merkantziarik ez baitu garraiatuko. 

Plataformaren atxikimenduen zerrendan deigarria da zenbait antolakunde ikustea, babesa zergatik eman duten ez baitago batere argi. Batzuk aipatzearren: Iturgintza eta Berokuntza Enpresen Elkartea (Anafonca), Laguntza Entitateen Nafarroako Elkartea (ANEA), Irakaskuntza Zentroen Nafarroako Elkartea (CECE), Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala, beste askoren artean.. Ez ote dira elkarte horiek jasandako presioak erabakigarriak izan kasu askotan plataformari atxikitzeko? 

Era berean, atxikitako erakunde askotan, zuzendaritza batzordeek modu antidemokratikoan hartu dute erabakia, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe, eta horien artean daude CA Osasuna, Anapeh, Iratxe kontsumitzaileen elkartea eta abar. Jardunbide horrek, noski, ezinegon handia sortu du kide askorengan. 
Patetikoa da UGT bezalako sindikatu batek, teorian langile klasearen interesak defendatu beharko lituzkeenak, patronalaren plataformarekin bat egitea. Horrez gain, eta nola ez, plataformak izaera erreakzionario nabarmena duen Sociedad Civil Navarraren babesa du. 

Une honetan, plataforma banakako zein taldeko atxikimendu kanpaina bat bultzatzen ari da. Horren helburua da jendarte mailan legitimatzea makroazpiegitura horren eraikuntza; izan ere, Nafarroako jendartearen zati handi batek ez du hura ontzat hartzen, kezkaz ikusten baitu ingurunea suntsitzea, poltsiko pribatuak gizentzeko diru publikoa xahutzea, eta herri xehearen ohiko trena ziztu bizian hondatzea, tren elitista bat bultzatzeko. Makroazpiegitura horrek, Nafarroan eraiki den inoizko azpiegitura suntsitzaileena, xahutzaileena eta antisozialena izan arren, ez du izan ez bideragarritasun azterketarik, ez eta parte hartze prozesurik txikiena ere. 

Plataformaren helburu nagusia da presio lobby gisa jardutea Nafarroako eta Madrilgo gobernuen aurrean. Ildo horretan, salatu behar da urrats garrantzitsua egin dutela trenbide azpiegiturak bultzatzeko (AHT batez ere) Lan Batzordearen sorrerarekin. Hura Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Gobernu zentraleko Garraio Ministerioak eta Atlantikoko Korridorerako mandatariak eta Nafarroako AHTren aldeko Plataformak osatzen dute, hau da, erakunde publiko-pribatua da, azkenaldian modan dagoena. 

Mafiak egiten duen bezala, AHTren aldeko Plataforma da gaur egun Nafarroako AHTren hariak itzalpetik nahieran mugitzen dituena. Datozen hilabeteetan, Nafarroako AHT Gelditu! ekimenak fokua jarriko du itzal hori argitzeko, hau da, hariak nola mugitzen diren eta zein interesekin azaleratzeko.

Search