Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Alde hemendik!

Errege berria eta era berean estatuburu berria  derrigorrez berriz ere ezarri nahi diguten honetan, badirudi Estatuaren agintariek, militarrek nagusiki, opari goxoa egin nahi izan diotela Espainiako errege izango denari, jakin dezan garbi asko nortzuek agintzen duten bere erreinuan. Izan ere, ez da huskeria lau euskaldun abertzale atxilotzea, eta beste hainbatek Intxaurrondoko koartelera deklaratzera joateko agindua jasotzea, eta noski, ez da kasualitatea hori orain gertatzea. Gustukoa ote du Felipe VI.ak oparia?

Zer leporatu behar diete lagun hauei? Oiartzundik hurbil dagoen baso txikia pago zuhaixkaz josia –halabeharrez– noizbait guri, senitartekoei, lagundu izan digutela landatzen? Hori al da legez kanpoko ekintza? Baso polit bat sortzea?

 Bada, zoritxarrez, era batera zein bestera azken berrogeita sei urteotan Euskal Herriaren alde hildakoak berrehunetik gora ditugu dagoeneko, eta bakoitzak du edo ditu bere maiteak: senitartekoak, lagunak, ama, aita, senarra, emaztea, seme-alabak, neba-arrebak eta zerrenda luzea...

Senitartekoek ondo dakigu betiko joan zaigula geure bihotzeko maitea, hala eta guztiz ere, behar dugu mundu honetan tokitxo bat beretzat. Urtean behin elkartzeko, edota bakoitzak nahi duenean loreak eskaintzera joateko irribarre goxoenarekin.

Egia da, gure gogo-bihotzetan bizi direla, eta hortik inork eta inoiz ez dizkigutela kenduko, baina, egia da ere, Oiartzungo basoak ez diola inori kalte egiten, alderantziz esango nuke, izadiak, naturak berak eskertzen digula mendi gorria baso bihurtu izana.

Noski, pentsamendu berekoak ez direnak badaudela garbi dago. Guardia zibilak beren kabuz ez direla etorri ere garbi dago, askotan basoa tiro-zelai gisa erabili arren, eta zuhaixkak apurtu edota orpotik atera ere egin arren.

Nire aburuz, garbi daukadana hau da: «Duque de Ahumada»-koek agindu berezia dute gure senitartekoen izena eta izana ezabatzeko. Gizartetik kentzeko. Eta gogora ekartzekotan gorrotatzeko izatea madarikatuak izan daitezen sekula sekulorum! Eta hau lortzeko, bidea libre...

Min egitea ere bazuten helburu, lortu dutela esango nuke. Berria etxekoen bidez jakin dudanean, eta ondoren irratian entzu- tean, inpotentziak harrapatu nau. Eta orain zer?, galdetu diot neure buruari.

Asko izango zarete ni bezala momentu hori bizi izan duzuenok, baina orain eta gero badugu zeregina: amore eman ez, lehena, eta gogotik borrokatu ondoren, basoa baso izan dadin, eta bakoitza bera, bere izanarekin eta izenarekin. Hori da zor dieguna gure maiteei, baita geure buruari ere senitarteko legez.

Bide luze eta malkartsua marrazten ari zaigu betidaniko etsaia, baina geure nortasunari pertsona eta herri bezala eutsiz bidea aldats gora izan arren, ez dut zalantzarik aurrera ekinaz libre izango garela. Lortuko duela Euskal Herriak bere subiranotasuna ezkerretik eraikia.

Askatasunerako ibilbide honetan, ezinbesteko dugu indar errepresiboak desagerraraztea, eta herriko horma batek dioen bezala, neurea egiten dut aldarria: «Alde hemendik! Ni se os quiere ni se os necesita».

Search