Agustin Rodriguez Apaolaza
Altza XXI Herri Ekimena

Altza XXI-ek jakitera eman nahi du Jaurlaritzak bat egin duela Aduritz-Akularren ez eraikitzeko helburuarekin

Landa lur izaerak, eremu naturalaren ezaugarriak eta nekazal lurren gaitasun estrategikoak bertan ez eraikitzea gomendatzera eraman dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen organoa. Horrela adierazi du Plan Orokorraren tramitazioan Aurrerapideari egindako txosten loteslean. Behin eta berriz kezkatua agertzen da eremu urbanistikoak eragiten duen landalurraren azalera zabalaz, nekazal ustiapenentzat eta gaitasunentzat ekarriko lukeen galeraz, Donostialdeko PTPan eremu estrategikotzat jotako lurrak izanik, eta Natura Ondarea eta Aldaketa Klimatikoaren zuzendaritzak ingurumen bideragarritasuna kuestionatu du.

Altza XXIek interpretatzen du gomendio bezala planteatu dena debekua izango litzatekeela ez balitz lurrak 2010eko Plan Orokorretik urbanizagarri bezala sailkatuak daudelako. Denbora ez da alperrik pasa eta orduan neurri gabekoa bazen orain hirigintzaren irizpide berriak (jasangarritasuna, gizarte kohesioa, aldaketa klimatikoa saihestea...) defenda ezina bihurtu dute.

Gauzak horrela, interes publikoak ez du onartzen Aduritz-Akularreko ia miloi bat metro karratu landa lur urbanizatu eta eraikitzea. Asmo horrek sustatzaile pribatuen interes partikularrari erantzuten dio. Inguruabar horretan kokatu behar da Odon Elorza eta Letamendiaren aldarrikapena. Gogoratu behar zaie oraingo egoera euren ardura dela hein handi batean, ez alperrik Elorza 20 urtez alkate eta Letamendia hirigintzako zinegotzi 16 urtez izan zirelako, hau da, azken 30 urtetan 30.000 etxe berri eraiki badira eta hiriaren etxebizitza parkearen %96 salmenta librekoa bada, eta bakarrik %4 ziztrin bat babestua, beraien ardura ere bada.

Hiriko alkateak ere esku hartzen ari da etxebizitza-politikaren buru izateko lehia horretan eta Plan Orokorraren aldaketa puntual bat iragarri du Altzako lurzoruari dagokionez, 2010eko diseinuarekin ekonomikoki bideragarria ez dela aipatuz. Duela hilabete batzuk Plan Berezia aldatzeaz hitz egin zigun, zalantzarik gabe Plan Partziala aipatu nahi bazuen ere. Behin eta berriz entzungor egiten zaio orain autonomia-erkidegoko ingurumen-organoaren irismeneko dokumentuan inprimatuta dagoen egia bati: Aduritz-Akular ezin da izan Donostiako bizitoki-arazoak kolpe batez konpontzeko kokalekua.

Eraikigarritasunaren lagapenaren %15 etxebizitza publikoa lortzera bideratzeko legezko agindua behin eta berriz ez betetzea, 1994ko legetik jada nahitaezkoak ziren etxebizitza babestuen estandarrak ez betetzea (2006ko legeak areagotu egin zituenak), industria-eremu zaharkituen birkalifikazioak ez bideratu izanak osorik etxebizitza babestura, horiek dira praxi txarretako batzuk, arduradun politiko jakinak agerian uzten dituztenak, orain irtenbide azkar eta merkeak nahi dituzten berdinak. Baina irtenbide hori erasokorra da ingurune naturalarekin eta haren balioekin, eta Altzako ingurune herritarrarekin eta sozialarekin, onartezina bihurtzen dela. Ez dute altzatarrek bakarrik esaten (2011n Odoni babesa kendu zioten, besteak beste, proiektu honekin tematuta zegoelako), baizik eta Eusko Jaurlaritzak ere argi eta garbi esan berri du.

Ez interes pribatuek, ez beren buruek, ez beren ezintasunak abaildutako udal gobernu batek ezin dute errealitatea aldatu: ezin dela planteatu mendia 70eko hamarkadan bezala urbanizatu eta kolonizatzea.

Elkarte honek bere webgunean (www.altzaxxi.org) etxebizitzari buruz argitaratu dituen monografikoak irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search