Gabriel Zabala eta Anuntzi Alonso Curieces
Preso ohiak

Amnistiarako bide luzea

Ezker abertzalea ezin da ulertu amnistiaren aldeko borroka ulertu gabe. Ezker abertzalearen izaera politikoa hein handi batean amnistiaren aldeko gestorak moldatu du. Hain zuzen ere, mobilizazio iraunkor bat aurrera eramanez, Euskal Herriko herri zein auzo guztietan zabaldu eta antolatu zen ezker abertzaleko lehenengo erakundea amnistiaren aldeko gestorak izan zen.

Biltzartasunak, kolektibotasunak, elkartasunak,  borroka grinak, iraunkorki berritzeko beharrak, eta, botere eta alderdi politikoekiko mesfidantza mailak, erroak ditu lau hamarkadetako amnistiaren aldeko borroka iraunkorrean. Honek guztiak arrasto oso pertsonalizatua utzi du ezker abertzalearen corpusean.

Geure oroimena gara, batik-bat. Orain dela 40 urte, 1976ko uztailaren 9an Santurtziko jaietan, amnistiaren aldeko martxa desegin zuten bortizki Guardia Zibilen tropek. Kargaren nahastean, armak eskuetan Kristo Reyko gerrillari faxistek jendetzaren aurka tiro egin, eta, Santurtziko bi herritar zauritu zituzten balaz eta Normi Mentxaka (46 urte) erail zuten. Egileak bertako ultraeskuindar ezagunak izan arren, inor ez zuten atxilotu.

Bi hilabete geroago, irailaren 8an Hondarribiko jaietan Guardia zibilak erabiliz tiroka hartu zuen amnistiaren aldeko beste mobilizazio bat, eta Josu Zabala gaztea hil zuten. Franko urte bete lehenago hila zen, baina erregimen faxistak bertan jarraitzen zuen. 1976 eta 1977an, euskal gizarteak askatasuna eta amnistiarekiko zeukan konpromiso politikoak kale eta plazak bete zituen. Gero eta handiagoak ziren amnistiaren aldeko martxek zein asteek, poliziaren errepresio itzela jasan zuten, eta 12 hildako eta balaz zauritutako 20 lagun izan ziren.

Garai hartan amnistiaren aldeko borroka zein eszenatokian kokatzen zen ulertzea garrantzitsua da. Testuingurua altxaraztekoa zen; helbururik premiazkoenak, espetxeak hustu eta erregimen frankista bukatzea. Amnistia eskaera aldarrikapen zuzena zen. Ez zen akordio gisa hartzen, herriaren lorpen zuzen gisa baizik. Lekuko argiak dira garaiko «espetxeak apurtu», eta «amnistia ez da negoziatzen» goiburuak.

Aipatutako helburuak ez ziren lortu. 1978an. Erregimen frankista, erregimen monarkiko konstituzional bihurtu zen. Goizetik gauera TOP (Tribunal de Orden Publico) Audientzia Nazional bihurtu zen, «grisak» janzkera aldatuta Polizia nazional, errepresiogileak betiko demokrata, Gorte Frankistak izena aldatuta Diputatuen Kongresu, eta Guardia Zibilak Guardia Zibil jarraitu zuen. Demokrazia benetan hutsetik abiatzeari eta Estatuko herrientzako askatasunari aukera itxi zitzaien.

Ezker Abertzalea, gogora dezagun, erreforma frankistaren aurka argi azaldu zen mugimendu bakarrenetakoa izan zen eta garai politiko berri bati ekin zion, kontzeptu negoziatzaileari, hain zuzen. Lehenengo KAS alternatiba eta gutxieneko demokratikoen egitarauaren bidez, eta gero Alternatiba Demokratikoa eta erabakitzeko eskubidearen inguruan gehiengoak biltzeko egitarauaren bidez. Garaiotan, amnistiaren aldeko borrokak, ezker abertzaleak egindako ekarpen politikoetara egokitzen asmatu du. Bilakaera, testuinguru eta estrategia ezberdinei dagozkien hiru ideiatan labur dezakegu; amnistia, erregimen frankistaren bukaerako testuinguruan, amnistia ETA eta Estatuen arteko negoziazioan, eta amnistia estatuen gainezkatze independentistan gehiengo sozial, politiko eta sindikaletik abiatutako testuinguruan, proposamen eta aliantza ildo ausartaz.

Aipatutako azken fasean gaude. Abian eztabaidaren ostean, ideia nagusia prozesu independentista eraldatzailea abian jartzea da; Euskal Herria (herri gisa) eta Estatuen arteko konfrontazio demokratikorako testuingurua lortzea, alegia. Hau da, gatazkak ondorioztatutako ezker abertzalea eta estatuen arteko lerrokatzea alde batera utzi, eta konfrontaziorako testuinguru zabalagoa bilatu bai arlo nazionalean, baita gizarte-arloan ere. Horretarako beharrezkoak dira indar metaketa berria, transbertsala eta zabala batetik, eta nagusitasuna bilatze aldera, boterearen aurkako ildo ausarta bestetik.
    
Orain gutxi arte, ezker abertzalearen estrategia guztien erdian, oinarrizkoa ideia izan da ETA eta estatuen arteko aldebiko eskema negoziatzailea; abiapuntua izanik, beste aldaketa kualitatibo batzuk ekarriko zitzakeen eskema. Azken lau urteotan ikusitakoa kontuan hartuta, esan beharra dago eskema agortuta dagoela, eta ezin duela ezker abertzalearen ikuspegia baldintzatu. Ondorioz, indar-palanka beste eremu batean eraiki beharra dago; prozesu independentista. estatuak gainezka egin dezan, aldebakarreko prozesuan nahikoa indar metatzeko gai bagara, soilik, ahalmena izango dugu gatazkaren ondorioen erabakitasunari zein arrazoi eta erroei heltzeko. Bidean, erronka nagusietakoa da amnistiaren aldekoa borroka berritzea, prozesu independentistarekin eta prozesura batzen diren alde guztiekin bat egin dezan. Euskal estatuaren premiaz jabetuta gehiengoa artikulatuz gero, beharrezkoa izango da aipatutako gehiengoak amnistiaren alde egitea. Kontua da, gatazka armatuaren historiaren irakurketan, beste hainbat sektore, ez daudela ehuneko ehunean ados gurekin. Ezker abertzalearen ikuspegia eta kontaketa ahaztu gabe, gatazkaren ondorioen erabakitasunaren inguruan jendetza-lana artikula dadin, zein adostasun puntu behar ditugun identifikatzeko gai izan behar dugu.

Azterketa politiko guztiak bidezkoak dira, baina benetan garrantzitsua analisien erabilera da. Amnistiaren aldeko borroka berritzeak hiru eztabaida nagusi behar ditu; prozesu independentistarekiko egokitze politikoa, mobilizazioari bultzada ematea eta arlo juridikoa eguneratzea. Hirugarrena «ohiko legezkotasuna eta salbuespenezko legezkotasuna» dikotomia aztertzea da. Alegia, salbuespen legezkotasunaren amaiera aldarrikatu eta lortze aldera, lan-dinamika bultzatzea. Bereziki, 7/2003 lege organikoa, preso gehienei ohiko legezkotasuna ukatzen baitie.

Ezker Abertzaleak garaipen eta porrotak izan ditu arlo guztietan; arlo politikoan, erakunde-arloan eta hauteskundeetan. Eskarmentudunak gara kolpeak jasotzeko orduan. Era berean, ibilbide hauetan ikasi dugu indar eta proposamen berriak ekarrita, borrokarako eta berrikuntzarako gaitasun handiena garatzen. Begi bistakoa da, ezinezkoa izango zela herrietako, espetxeetako eta urrutiagoko milaka militantek parte hartu ez balute. Betiere, beste batzuek garaipenetan baino duintasun handiagoa aurkitu dugu ezbeharretan. Bai, 40 urte igaro dira Normi Mentxaka eta Josu Zabala hil zituztenetik, eta amnistiak lortzeko helburu izaten darrai. 40 urtetan gauza asko aldatu dira; testuinguru politikoa, euskal gizartea, nazioarteko egoera. Badira, ordea, pare bat elementu 1976koen oso antzekoak: 78ko erregimenarekiko haustura izateko benetako aukera (prozesu independentistaren gakoa), eta une berean, espetxeak husten hasteko ezinbesteko premia. Ez gara anbizio handikoak, nahikoa dugu askatasuna. Normi Mentxakak eta Josu Zabalak ere askatasunaren alde egin zuten borroka.

*Artikulu hau sinatzen dute baita ere Rikardo Prieto Vicentek, Esteban Gonzalez Betolazak, Juan Maria Olanok, Maite Diaz de Herediak, Josu Beaumontek eta Julen Larrinagak.

Search