Joxe Iriarte ‘‘Bikila’’
Alternatibako kidea

Amorru duina

Inork uste ez zuenean, funts putre baten erabaki bihozgabeak, aberatsen morrontzapeko epaile baten aginduak eta kapitalaren uniformedun zakur amorratu diren polizia saldoaren oldarraldi gupidagabeak gizartea astindu dute. 

Ordea, ez da hain salbuespenezko kasua: Espainiako Estatuan, Euskal Herrian bezala, milaka etxegabetze gertatzen dira urtero. Etxebizitza mugimenduak egunero borrokatzen du haien aurka, askotan isiltasun mediatikoaren aurrean, beste alde batera begiratzen baita langile auzoen egunerokotasunean presente dagoen drama baten aurrean ere. Oraingoan ezin izan dute. Mari Carmenen kasua izan da sua piztu duen txinparta. 

Zortzi urte boterean eta Gobernu progresista ez da gai izan arazoari sustraitik heltzeko, kapital espekulatzailea eta errentaduna kontrolatzeko, merkatua arautzeko. Etxebizitzaren gaia Gobernuaren agendatik kanpo egon da, eta legez zerbait konpondu nahi izan duenean ezintasunak gainditu du, edo interes desberdinen gatazkan trabatua geratu da. Ikusiko dugu Gobernuak azkenean zer egiten duen. Baina, oraingoan, jendeak kalea hartu du eta ez dizkio barkatuko hutsegiteak. 

Askotan gertatzen da: denbora luzez geldirik zegoenak, bat-batean, eztanda egiten du. Borroka sozialaren satorrak burua altxatzen du. Eta horrek dena aldatzen du. 

Azken urtean eskuin muturrak markatu du agenda. Oraingoan aldrebestu egin zaio kontua, eta haizeak norabidez aldatu du. Noiz arte? Ezker eraldatzaileak probestu behar du giroa, eta gauzak aldatzeko anbizioa azaldu behar du. Faxismoaren beldurrez ez atzera ez aurrera aritzea, gobernuaren makuluaren papera betez, ez da aukera. Zirt edo zart egiteko okasioa orain da. Faxismoari aurre egiteko eta, aldi berean, kapital espekulatzaileari gogor ekiteko eragin behar da. Gobernua estu lotu behar da, eta, aldi berean, kaleak astindu behar dira indar erreakzionarioen aurka. Denbora gehiegi daramagu defentsiban, ofentsibari ekiteko garaia heldu da. 

Bertigo garaiak dira, eta, hamarkadetako geldiaren ondorioz, jauzi politikoak gerta daitezke ezustean. Gutxitan gertatzen da hori, baina gertatzen da. 2011ko maiatzaren 15ean gertatu zen Espainiako Estatuan, erreferendumaren garaian Katalunian eta orain, berriz, etxebizitzaren krisiarekin. Eskuinak aukerak azkar aprobetxatzen ditu, eta azken hamarkadan guk baino gehiago eta hobeto egin du. Kontua da haizea kontra jarri zaiola etxebizitza larrialdiarekin, eta, herri-klaseen beharrak oinarri izango dituen politika baten bidez, gatazka ezkerrerantz azkartzeko aprobetxatu behar dugula: alokairuen murrizketa, kontratu mugagabeak; kontsumo prezioen indizeari lotzen ez zaizkion igoerak, baizik eta soldaten batez besteko hazkundeari; funts putreen eta bankuen etxebizitzen desjabetzea; alokairuaren muga soldaten %20ra. Ez dezatela etxetik bota inor, zure etxeak irabazten duzuna baino gehiago ez dezala balio; ez dezatela funts handiek bizitzeko behar ditugun etxeekin espekulatu. Kontsigna horiek Gobernuaren politikatik kanpo egon dira, baina herri-klaseek partekatzen duten logika artikulatzen dute, eta, logika horrek, urrezko aro bat du erakusteko, eta bere pisua nabarmentzeko. Gobernuari exijitu behar zaio maizterren sindikatuaren erreibindikazio guztiak onar ditzala. 

Hauteskunde atarian gaude, aurpegia zuritzeko garaia. EAJk klase ertainentzako etxebizitzaren beharra saldu nahi du botoak lortzeko; baina, dirudienez, errenta baxuko herritarrak, etxebizitza sozialak eskuratzeko dirurik ez dutenak, ez zaizkio axola. Eta, gainera, etxebizitza publiko asko galdu dira bere erruz. Kaleratzerik Ez plataformak salatu du: «Onartezina da 1981etik Eusko Jaurlaritzak Bizkaian sustatu dituen 50.000 bat etxebizitza sozialetatik gehienak jabetza pribatukoak izatea edo funts putreen esku egotea. Egun alokairu publikoko parke zabal bat egon zitekeen». Hori izan beharko litzateke ezkerreko politika. Ez dugu lurrak eskaintzerik ez bada errenta sozialeko proiektuei emateko. Horrek du ardura eta lehentasuna. 

Bestalde, EAJk eta Juntsek indar asko jartzen dute etxebizitza baten edo biren jabe direnen eskubideetan. Bai, sektore horrek izan behar du errenta justu baten bermea; baina ez du eskubiderik alokairuarekin espekulatzeko. Horrela gertatuz gero, espekulatzaile bihurtzen dira; eta zigorra jaso behar dute. 

Faxismoaren aurkako kontsigna orokorrak hutsalak dira ez badira egokitzen herriaren beharretara. Alemanian ikusi da; arazo zehatzetan oinarritu den politikak egin du aurrera. Berlinen, Die Linke alderdiaren arrakasta lekuko. Moderazioak ez du ezertako balio polarizazio egoeran. 

Search