«Andaluces kanpora!»
Amona zena Burlatan bizi zen. Han eman nituen nik lehenengo urratsak eta ahoskatu aurreneko hitzak, gazteleraz. Garai hartan, euskaraz entzun nezakeen hitz bakarra nire izena zen, askotan, «El Hari» bezala entzuten nuena. Hiru urte nituela, gurasoekin Barañainera joan nintzen bizitzera, baina urtetan ia asteburuero joaten ginen amonarenera.
Antonia zuen amonak izena, baina «Moña» esaten zion jende guztiak. Moña, haren senarra eta hiru alabak, Villanueva del Arzobispokoak ziren, eta ordurako ia ez zuten inor herrian. Familiak iparralderantz jo zuen, lan bila; bizitza hobe baten bila. Eta topatu zuten: Tarragonan, Madrilen eta Nafarroan. Hainbeste senide zituzten Burlatan, non, azentuari eutsita ere, beren saltsan irudikatzen nituen nik. Ez zen hala. Amonak herrimin sakona izan zuen beti.
Burlatatik Barañainera joateko Iruñea inguratzen genuen, batzuetan. Eta, halakoetan, Burlata eta Atarrabia artean zegoen pintaketa bati begira geratzen nintzen beti: «Andaluces kanpora!» Zalantza dut amak ere begiratuko zion ala ez. Ez nion inoiz galdetu.
«Andaluces kanpora». Zein zen nire familiaren erdiak egindako bekatua? Jaengo herri batean jaiotzea? Handik alde egitea? Hona etortzea? Urte asko pasatu dira. Orain, «El Hari»-k euskaraz idazten du eta gure hizkuntza irakasten die ikasi nahi duten hainbat nafar eta nafarturi.
Ama andaluziarra izanda ere, Burlatako ilerik horiena zuen. Oporretan Oslora joan zenean, norvegieraz zuzentzen zitzaion jendea. Norvegian, biztanleen %95 ingelesez ongi hitz egiteko gai da. Eta norvegiera ez da desagertzen ari. Izango da etorkinik ez dutela? Ez, ez da hori: ia bostetik bat ez da Norvegian jaio. Izango da norvegierak ez duela inoiz eraso zuzenik pairatu? Ez, 400 urteko gaua deritzon epean zehar, daniera izan zen hizkuntza ofizial bakarra. Orduan, testuinguru globalizatu batean, ia guztiak ingelesez hitz egiteko gai badira, eta hainbeste etorkin badago, nola eusten diote beren hizkuntzari? Egongo da azalpenen bat, baina ez zait okurritzen.
Ultraeskuinen gorakada bizi dugun garai honetan, abenduaren 5ean, “Euskara hizkuntza antifaxista” lemapean egingo du manifestazioa Euskal Herrian Euskarazek, Durangon, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskaldunaren independentzia eskatzeko. Zerbaitengatik izango da, baina ez zait okurritzen.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.