Alaitz Fernandez Uriarte

Antisistema medikuntza

Medikuntza alternatiboa baino egokiagoa izan liteke medikuntza antisistema. Ez da erraza izaten begiak estalita mantendu dituen zapia kendu eta haratago begirada luzatzea. Ez da erraza izan inguratzen gaituen sistemak gure osasuenan daukan esanguragarritasunaren onarpena. Sistemak gaixotzen gaituela alegia. Pentsamendu gogorra.

Mundu mailan hilkortasun eta morbilitate gorena daude gaixotasun kardiobaskularren menpe. Gaixotasun hauen atzean aldaezinak litezkeen arrisku faktoreak badaude. Egia. Gizonezkoa izatea. Estrogenoek urteetan emandako babes gabe hilerokoa bukatuta dauden emakumeak. Gaixotasun kardiobaskular aurrekarien presentzia familian. Norberaren genetika. Denak lirake arrisku faktore aldaezin. Baina badaude aldagarriak diren arrisku faktoreak. Badaude prebentzio estrategia sakonez gaixotasun kardiobaskularren sorrera gutxituko duten arrisku faktoreak ekiditeko aukera. Bizitza estiloari lotuta daude aldatzeko gaitasuna duten arrisku faktore hauek. Tabakoa. Gure artean oraindik horren presente. Askatasun indibidualaren arerio erretzearen aurkako lege oro. Askeak izan omen gara erretzen hasteko. Ariketa fisiko eza. Mugimendu eza. Prozesu ebolutiboan, sofari kateatua izan den gizakia bihurtu gara. Prozesu ebolutiboan sistemak, sofari kateatutako gizaki bihurtu gaitu. Eta orokorrean kate horri lotuta dator ultraprozesatuak izan diren elikagaien kontsumoa. Bizitzeko era horrek gure hilkortasunean, gure bizi kalitatean duen eraginak ez du behar duen ahots ozena gizartean. Ez du behar duen ahots ozena sisteman. Natural bilakatu den kapitalismoak bultzatzen gaitu bizitza estilo horretara. Bizitza estilo sedentario, kontsumitzaile eta bakartira. Eta natural egin dugun sistema honen bizitza estiloaren osasun ondorio kaltegarriei erantzuna emateko aukera, sistema berak bakarrik dauka. Industria farmazeutikoa.

Ikuspuntu zientifiko batetik medikuntzaren zutabeetako bat den farmakologiak suposatu duen garapena ukatzea ez liteke zuzena. Metodo zientifikoan oinarrituta burutzen den lan orok behar luke askotan izaten ez duen errespetua. Gizaki libre izateko prozesuan ezagutza beharrezkoa baldin bada zientzia ezagutza horren parte bada. Arazoa da zientzia erabilia izan dela sisteman oinarria den etekin ekonomikoa are gehiago handitzeko. Arazoa da industria farmazeutikoak garatutako printzipio aktiboak direla askotan sistemak bizi esperantza eta kalitatea hobetzeko eskaintzen dituen aukera bakarra. Perbertsoa, zitala. Sistema perbertso eta zitala. Bizitza estilo kontsumitzaile, sedentario eta bakatira bultzatu, osasun sistemari printzipio aktiboen bidea sustatu eta mundo mailan etekin hendienetakoak lortzen dituen industria diruduna muga gabe areagotu.

Arazoa ez da zientziaren garapena, arazoa ez da osasun sistema eta medikuntzak egiten duen zientzian oinarritutako printzipio aktiboen erabilera legitimoa, prebentzio eta bizitza estilo osasungarri baten sustapenerako sistemak duen gabezia sakon eta kontzientea baizik. Arazoa ez da ezagutza medikoa, arazoa ez da ezagutza zientifikoa. Arazoa sistema bera da eta horregatik egokia izan liteke antisistema medikuntza.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search