Aralar, asfaltora kondenatua?
«Harrizko galtzadetatik asfaltozko autobidera, gizakiaren bidexka izan da beti bera…» kantatzen zuen Mikel Markezek bere lehenengo diskoan. Errealitate horrekin topo egin baitu gizakiak azken urte gutxitan; eta gutxitan diot 100 urte ez baitira ezer milaka urtetan bere hartan iraun duen paisaia, modernizazio, «aurrerabide», industrializazio etabarrekin erabat aldatzeko.
Aralarrera ere iritsi ziren, galtzada zaharretan oinez ibiltzetik 4x4 ibilgailuetan mendian gora joateko garaiak. Urte asko dira Aralarren pistak egiten hasi zirela; ezagutu ditugu bertan 6 hilbetez artzainak, artalde txikiekin, txabola zaharretan, argi indarrik gabe, egunero artaldea bilduz...
Guk artzaintza hartatik gaurkora eman diren aldaketak ikusi ditugu eta ikusten jarraitzen dugu. Artaldeak 500, 700 ardi eta haundiagoak dituztenak ere badira, artzain bakar baten izenean. Ondorioz lehen bi edo hiru artzai zeuden saroi batean, orain bakarra kabitzen da. Askotan ardiak antzututa igotzen dituzte mendira eta horrek artaldea egunero txabolara bildu beharrik ez izatea dakar, eta kasu askotan kotxez artaldera gerturatu eta mendiko txabolara joan ere egin gabe berriz beraien etxeetara itzultzen dira artzainak. Zenbait kasutan gainera lan hori morroiek egiten diete, gehienetan atzerritarrak. Gaur egun dituzten 4x4 ibilgailuekin Aralarko ia toki gehienetara iristen dira, nahiz eta horretarako baimenik ez duten. Bitartean ikusi dugu azpiegitura berriak nola egin zaizkien, txabolak konpondu, berriak egin, ur sarea osatu, eguzki plakak jarri, jeztokiak…, dena diru publikoarekin; eta poztu izan gara hobekuntza hoiek ikusita; eta ikusi dugu pista berriak nola egin diren, Amezketatik Ariñatera, Nafarroa aldetik, Guardetxetik Igaratzara, Donitturrieta aldera, Ataundik Mendibilera, Zaldibiatik Ausa Gazteluko lepora… Aralarren ezagutzarik ez duenarentzat esan daiteke mendiak berak eta paisaiak dituen ezaugarriengatik egin daitezkeen pista gehienak eginda daudela. Izan ere Enirio-Aralar Mankomunitateak berak 2003an onartutako plangintzan, Goroskintxukoa salbu, eta hau ere aztertu behar genuke zeinen interesen arabera adostu zen, etzen pista berri gehiagoren beharrik aurrikusten, eta Goroskintxuko kasuan garbi idatzita dago bertatik gora pista egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkela; eta oraingo asmoa aurrera jarraitzea da.
Amezketa aldean gauza bera gertatzen da, Arritzagan, ingurune malkartsu eta harritsua izanik, amildegia toki askotan, ezta inolaz ere pistarik eraikitzea aurrikusten 2003ko planaren arabera, bertan artzantza mantentzea da helburua , inundik ere ez sustaztea. Gainera baso landaketak proposatzen dira bertan. Paisaiak berak ezarri du marra gorria, zoritxarrez gaur egun inor ez baigaude prest lan jakin batzuk egiteko; itsasoan senegaldarrak ari dira lanean, tabernetan eta adinekoak zaintzen hego-amerikarrak, eraikuntzan eta baso lanetan errumaniarrak… Zoritxarrez Aralarko zenbait ingurunetan gaur egungo artzaintzak ez du etorkizunik, nola eta INEM-eko zerrendan artzaintza aukera moduan azaltzen ez den; bai ordea beste ingurune batzutan. Enirio, Oidui, Mendibil, Igaratza… Aralarren hego mendebaldean aspaldi egin ziren pistak, eta hor ikusten ari gara profesionalki lanbide horretan ari diren artzain askok nola egiten duten lan. Txaboletara kotxez iristeak izango du abantailarik, batez ere bertan bizi izaten diren artzainentzat. Zeren, zenbatek pasatzen dituzte egiazki 6 hilabete goian? Edo bi hilabete bakarrik pasatzen dituzte? Eta bertan daudenean zenbat aldiz jaisten dira behera? Astean bi aldiz? Egunero? Badakigu denetik dagoela, baina 6 hilabetez bertan egoten den artzainik ia ezta geratzen. Badira zenbait artzain benetan beraien lanbidea eta mendia maite dutenak, lanbide horretara salto egitea erabaki zutenak bizimodu hori maite dutelako. Errespetuz eta pozik bizi direnak… Noiz entzungo ditugu horiek hizketan? Aralarren egoteak zein abantaila dituen kontatzen? Zeren badakigu neguan beheran, nahiz eta errepideak izan, eztela lan errezagoa artzainarena; lur sail txiki eta sakabanatutan larratzen dituzte ardiak, itxitura hautsietatik artaldeek ihes egiten diete, auzokoen kexak…Zergatik jarraitzen dute Aralarren? Zeren harrigarriki, zenbait artzain esaten ari den moduan, XIX. mendean bezala bizi direla…ez dute ez meritu makala! XXI. mendeko Goierri, Tolosaldea, Gipuzkoako sozioekonomiaren barnean, ez baitaude ilarako azken tokietan, zorionez.
Aralar gure sehaska da, gure arbasoak bertakoak ziren eta maite dugu mendi hori. Liluraz begiratu izan diegu bertako artzainei eta ulertu dezaket ipuina baino lanbidea dela gaur egun askorentzat, baina Aralar mendia da, Natur Parkea da eta Natura 2000 sarean sartuta dago. Goroskintxu mendia da, ez da Ordiziako auzo bat errepide bat behar duena, ez horixe, mendia da eta bertara pista bat egiten ari dira legez kanpo, mendi babesle eta paisaia babesle izendatutako eremu batean, pista edo errepidea esango nuke zeren ezaugarri hoietako pista bat, 3,5 metro zabal, zenbait kurbatan 5 metroko zabalera hartzen duena, azpia balastro eta harriz indartua, asfaltatzeko prest dago. Ahalik eta aldapa txikiena izango duen bidea egitearren izugarrizko txikizioa egiten ari dira, leku aldapatsu eta harritsua delako eta ortzimugarekin paralelo doalako bidea, mendia erditik moztuz bezala. Baziren alternatiba hobeak bide horren ibilbideari dagokionez, baina ibilgailu bat bere gurdiarekin ganaduz beteta bertatik pasatzea ez luke ahalbidetuko, orain egiten ari direnak bai ordea. Garbi dago bide horrek helburu jakin bat duela, hiru artzainen aitzakitan, ganaduzaleak beraien 4x4 eta traktoreekin Alotzako ganadu harrapalekura iristea, eta Alotza 1200 metrora Aralarren erdi erdian dagoen goi larrea da, Aralarren bihotza!
Bide honek Aralarko «oreka» guztiz hautsi du dagoeneko; ez naiz ni pisten aldeko aldarria egiten hasiko baina pista bat egitekotan badira Aralarren lehentasun gehiago luketen inguruak; paiasain askoz inpaktu txikiagoa eragingo luketenak eta bertan dauden artzain kopurua eta ereduarengatik ere esaten dugun oreka hori hautsiko ez luketenak.
Goroskintxuko pista hau ere diru publikoarekin egindakoa da, Natur Parke batean, legez kanpo, lur publikoetan, urtero diru laguntza inportanteak jasoz bizi diren zenbait abeltzainentzat…beraien negozioen mesedetan. Eta dena zergatik? Erantzun sinplea du ba galdera horrek… oinez ez ibiltzearren, zeren profesionalki horretaz bizi den batek, ganadua mendira bidaltzea erabaki badu, bertara joan beharko du ganadua zaintzera. Eta mendira oinez joan behar da, mendian kotxez ibiltzea ez da eskubide bat, mendiari eraso egitea baizik. Natur Parke batean delitua.
Aralar Natur Parke publikoa izatetik, rantxo pribatu izateko bidean jarri nahi dute; jakin dezatela ez dutela lortuko! Aralar bizirik eta guztiona izango da!