Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Argazkiak

Badira herri honetan itxaropenerako argazki eder askoak, batzuetan gutxiegi baloratzen ditugunak, herri hau bide onean doan adierazgarri

Euskal Herria momentu honetan argazkietatik definitzeko erronka jarri diot neure buruari, artikulu hau idaztera eseri naizenean. Ikus-entzunezkoek komunikazioan gero eta eragin handiagoa dute argazkien kaltetan. Baina oraindik argazkiek komunikatzeko maiz bideogintzak baino gaitasun handiagoa dutela esango nuke, edo hala sentitu dut nik azken aste hauetan.

Zaila da argazkiak sailkatzea. Badira argazki politak, aseptikoak eta gogor eta itsusiak. Azken hauekin hasita, asteon Arrasateko parkinetik ateratzean, mutil gazte bat ikusi dut kartoi baten gainean lotan. Lurrazalean azkenaldian inoiz ikusi ez dudan etxegabe taldea ikusi dut, eta nago inflazioaren ondorioak eta teorikoki horri aurre egiteko Europar Banku Zentralak hartu duen interesak igotzeko erabakiak ez ote duen talde zaurgarria orban ikaragarri bat bezala hedatuko. Argazki gogor horiek inguruan gero eta gehiago ikusiko ditugula dirudi, eskuartean ditugun aurreikuspenen arabera. Egoera horiei erantzuteko, jendarte haserretu baten argazkiak ikusiko ote ditugun zalantzak ditut halere.

Bitartean, Bergaran AP1eko Lesarriko tunelaren erorketaren argazki itsusia dakusat, eta argazki horrek gogorarazi dit tunel horietan inoiz ez dela jarri diru publikoz ordaindu den hormigoi kopurua. Zaldibarko hiru teknikariren inputazioaren albisteari gehitutako erorketaren argazkiak gogorarazi dit hondakinen azpiegiturekin herri honetan dugun arazoak konpontzeke darraiela.

Niretzat itsusiak izan arren, aitortzen dut gustu kontua ere badirela argazkiak. Honela, batzuei antzinako argazkiak gustatzen zaizkie. Faxista taldeak tabernak txikitzen aritu ostekoak. Edota presoak berriro kartzelatzen ikusten direnak, gerra argazkiak direnak bere horretan. Gerra argazkiak diren bezala Estatu terrorismoaren biktimek enegarrenez egin behar izan duten salaketaren argazkia, Barrionuevoren adierazpen eskandalagarri eta inpunitatez betetakoaren aurrean. Sufrimendu argazkia, inondik inora.

Beste mota batzuetakoak baina iraganari lotutakoak maite dituzte ere etorkizuna beste modu batera irudikatzeko, ideologiagatik bezainbeste, imajinazio edo ausardia faltagatik argazkiz aldatu nahi ez dutenek. Hala nola herri honentzat estrategikoak diren gaietan etorkizuneko kontsentsuetan baino iraganeko gotorlekuetan mantentzean erosoago sentitzen direnak.

Argazkiak urtero berritu baina urtero errepikakorrak maite dituztenak dira aspergarrienak. Oro har argazki instituzional tristeak, sorpresarako tarte gutxi uzten dutenak eta etorkizun hobeago baterako itxaropenerako etsigarriak suertatzen direnak. Horrelakoak dira aurrekontuen eztabaidetako politikarienak edota azaroaren 10ean mota batzuetako biktimen oroimenerako Gasteizko legebiltzar barruan dauden kolore politiko guztitako presentziak eta kanpoan, 50 metro eskasera, dispertsioaren biktimen kontzentrazioko kolore politiko ia guztietako absentziak erakusten dituztenak.

Badira argazkiak baloratzeko orduan beste sailkapen batzuk erabiltzen dituztenak. Adibidez, argazkiak eurak agertzen diren arabera baloratzen dituztenak, Wally bailiran argazkietan euren burua ikustea maite dutenak. Eta euren argazkia ikusten ez badute, izugarri haserretzen dira. Agian pentsatu beharko genuke guretzat hainbeste balio duen argazkiak ez duela zertan beste guztientzat hain baliotsu izan.

Argazkiak ikusteko moduak ere badira, norberak ikusi nahi duen arabera. Horrela, argazki berean batek 10.000 lagun ikus ditzake, eta besteak 2.000. Edota hara non EH Bilduk, Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko sare sozialetarako argazki muntaia egiterakoan, Adanero nafar faxistak Pedro Sanchezek diru publikoz ordaindutako kontraprestazioa ikusten duen, errusiar tropak Khersonetik ateratzerakoan batzuk irteera taktikoa eta besteek garaipen militarra ikusten duten bezala. Komenentzia da bistarako betaurrekorik onena!

Guzti hori horrela izanik ere, argazki ederrekin amaitu nahi dut Gaurkoa. Izan ere, badira herri honetan itxaropenerako argazki eder askoak, batzuetan gutxiegi baloratzen ditugunak, herri hau bide onean doan adierazgarri. Horrela, ederrak dira EAEko osasun sisteman gertatzen ari diren barrabaskeria guztien aurrean altxatzen diren Osakidetzako langileen argazkiak. Ederrak diren bezala injustizien aurrean altxatzen diren guzti-guztienak.

Euskaraldiak herrietan utzi dizkigu argazki ederrak. Euskarari merezi eta dagokion tokia emateko prestutasuna dugun herritarrona, gure hizkuntzak bultzada erraldoia, herritarra eta instituzionala behar duela erakusten digun argazki andana. Ezikusiarena egitea eta hamabostaldi polit batera mugatzea ez direla aukera bat erakusten diguten argazki sorta ederra ikusten dihardugu, euskara atzeraka egiten ari den garaiotan berebiziko garrantzia dutenak.

Batzuetan pertsona baten aurpegia izan daiteke esanguraz beteriko argazki ederrena. Eta niretzat hori EH Bilduko Tuterako alkategai Edurne Leon Sanchezena da. Erriberan ezkerreko independentismoak pauso erraldoi bat eman du, eta, Edurnek argazkian erakusten duen irribarreak tamainako erronka eta konpromisoa erakusteaz gainera, ilusioa eta indarra erakusten ditu, gauzak aldatzeko, aurrera egiteko prest dagoen belaunaldi berriarena, gaztetasuna adinako prestutasuna duen emakume baten eskutik.

Ederrena, halere, eta ez naiz batere objektiboa, atzoko Bilboko argazkia da. Herri honen askatasunaren aldeko argazkia, etorkizun baketsu eta justuago baten aldeko argazkia, konformagaitza den olatu geldiezinarena. Herri hau, iraganera baino etorkizunean argazki epiko bilduma jarraitu bat egiteko determinatuta dagoela erakusten duen argazkia. Abantean goaz, anbizioz, geldiezin eta hori zoragarria da.

Search