Beñi Agirre
Euskara irakaslea

Autonomia forala

Nabarraldek eskaintzen duen foruei buruzko on-line ikastaroen lehenengo ikasgaian irakasten da «foru» hitza polisemikoa dela. Alegia, esanahi asko eta kontrajarriak ere adierazteko erabiltzen dela. Hortaz, «foru» adjektiboari laguntzen dion edozein substantiboz osatutako kontzeptua ere polisemikoa izango da. Gauza asko adieraz lezake, edo ezer ez.

Donostia, hiri forala da. Antso VI.a Nafarroako erregeak San Sebastian de Hernaniko tenentziatik bereizi eta pribilegio batzuk eman zizkien Urgull azpia populatzera etorritako baskoi-gaskoiei. Inguruko biztanleek ez zituzten abantaila edo pribilegio batzuk eman zizkien erregeak. Eman bezala, kendu ere ken zitezkeenak. Hala ere, gaztelarrek 1200ean Donostia konkistatu zutenean antzeko abantailak mantendu zizkieten. Ez populatzeko asmoarekin, ez, Donostiako artisau, merkatari, ontziola-jabe edo marinel trebe eta boteretsuak haien kontra oldartu ez zitezen baizik.

1812ko Konstituzioak berriz, Gipuzkoako lurralde osoan Castaño jenerala bere ezpata astintzen ibili ondoren, foruak ezabatu zituen. Ez zegoen ez Donostia ez Gipuzkoa foralik. Gaztelak edo Espainiak emandakoa, Espainiako Konstituzioak kentzen ditu. Pribilegiorik ez. Zeren eta foru modu horretan, Diputazio Foralen iturburua ziren probintzia foral sistema horretan, Espainiak ezarritako probintzia muga-marren barruko erakundeen eta Espainiako erregearen arteko hitzarmena sinatzen zen. Arau horiek errege berri bakoitzeko sinatu eta errespetatuko zirela zin egiten zuten.

1841ean, Nafarroako Lege Hitzartuaren bidez, Nafarroako erresuma (Gaztelak izendatutako erregeorde bat buru zuena) probintzia forala bihurtu zen. 1937an lehenengo Euzko Jaurlaritza antolatu zen Francoren altxamendu faxistaren garaian. Franco hilda, Gernikako Estatutuaren eraginez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako probintziak Eusko Jaurlaritza berri batean antolatu ziren probintzia foralaren izaera mantenduz eta administrazio egitekoak, arau eta eskumenak partekatuz.

Hortaz, esan daiteke Eusko Jaurlaritza probintzia foralen administrazio erakunde bateragarria den aldetik, autonomia foral izaera duen erakunde autonomoa dela Espainiarekiko. Orain arte ikusitako foru adibideen antzera, estatu subirano baten eta lurralde erakunde foralen arteko administrazio eskumen batzuk kudeatzen dituen erakunde arauemaile eta betearazlea da.

Estatua, berez, monarkikoa, errepublika erakoa, diktadurapekoa, presidentziala edota demokratikoa izan daiteke. Estatuaren baitan administratu daiteke nazio bateko edo hainbat naziotako jendea. Kontzeptu ezberdinak baitira estatua (administrazioa) eta nazioa (pertsonak).

Nazioa da balio komun jakin batzuekin identifikatu edo ezaugarri batzuk partekatzen dituzten pertsonen batura edo multzoa. Forua, berriz, arau multzo bat da. Batak sentimendua, identitatea edo kidetasuna adierazten du eta besteak administrazio era.

Nabarralderen irakaspenetara itzuliz, «foru» hitzak badu beste adiera bat. Alegia, zuzenbide piriniotarraren irizpideei jarraituz erreinuaren botere banaketa, eskubide eta betekizunak arautzen zituena: Foru Zaharra, Erresumaren Konstituzioa eta gainerako foruen iturburua. Horixe izan zen atzerrian hezitako Tibalt I. Nafarroako erregeari, Antso VI.a aitonaren kargu berean goratzeko aukeratutakoari, erregetu aurretik idatziz jarri eta zin eginarazi ziotena. Foru Orokorra ere deitu zaiona.

Hortaz, forua izan daiteke nazio baten konstituzioa, konkistatzailearen eta konkistatutako jendearen arteko hitzarmen indargabetzailea, hiriari emandako pribilegio multzoa edota gaur egungo hitzarmen kolektiboen antzera ofizio batean ari direnen eskubide eta betebeharren zerrenda. Nazio foralari subjektu politikoa jartzearen arabera, zerbait esan nahi izango du edo ezer ez.

Search