Joxe Arregi. Itzulpena: Xanti Begiristain Madotz

Aylan, ikonoa

Shangaiko Burtsaren ziurgabetasunak edota Ibexen gorabeherak urduri jarraitzen genituen bitartean, etorkinen kuotei buruz eztabaidatzen genuen modu zikoitzean. Kuota minimoak, gure behar ekonomikoak asetzeko edo gure kontzientzia garbitzeko, edo bestela, azaleko eran nabarmentzen genuen gure azken Smartphoneren giga ahalmena.

Siriako hiru urteko mutiko honen irudiak, bakarrik, babesgabea, Turkiako hondartza batean hilda, bihotza uzkurtu digu. Ezin diogu begiratu, baina nola utzi begiratzeari? Bere begi txiki itzaliek begiratzen digute eta islatzen gaituzte. Bere odol izoztuak, Abelenak bezala, lur eta itsaso hondotik oihu egiten digu: “Non dago hire anaia?”.

    Aylan Kurdi du izena. Ikus ezazu argazki hori: Aylan zintzilik dago turkiar polizia baten besoetatik, Jesus gurutzean zegoen bezalaxe, “izpiritua eman ondoren”, bizitzako arnasa; zintzilik dago bere oin txikietan oinetakoak jantzita dituela eta bere esku txikiak biluzik, Jesus bezala Mariaren besoetan, munduko Pieta bizidun guztietan. Erorita, hilotz, mutu. Talitha kum (“jaiki hadi, neskatila”), esan zuen Jesusek arameeraz, garai hartan Siriako hizkuntzan, hilda zetzan neskato bati. Jaiki hadi, Aylan! Baina nola jaikiko haiz, guk ez haugu altxatzen?

    Argazkian, ahozpez datza hondartzan, olatu txiki batek leunki laztantzen duen bitartean, bere bidaia tragikoaren azken malkoak bere aurpegian xukatu nahiko balitu bezala. Itsasoak honako hauxe esanen baligu bezala: “Hortxe duzue mutikoa, uretik jaioa, uretan itoa. Inork ez du salbatu Moises txikia bezala, askatzailea. Itzuli egiten dizuet zeuen kontzientzia esna dadin. Nola bihurtu dituzue ur hauek haur-malko itsaso, ama eta gizon etsituenak?”.

    Aylan, itsasertzean hondoa jota, bizitzan, giza historian, hondoa jota dagoen gure gizateriaren irudi beldurgarri bat da. Gure zibilizazioaren naufragioaren lekukoa da, atzo eta gaurko inperioekin, fronteretan babestuak, denak artifizialak, beren Nazio Batuekin boteretsuenen beto eskubideei lotuta, beren ekonomia espekulatiboarekin, erailea, gutxi batzuen onurarako bideratua, finantza botereen mendean dagoen politikarekin. Eta beren erlijio handiekin, ondasunetan eta egia absolutuaren difusioan ainguratuak, planetaren konkista espiritualean tematuta (eta baita militarra ere, hau izugarrikeria!). Gizateria hau porrot egiten ari da. Ez badugu denon artean salbatzen, denok hondoratuko gara.

    Aylan, bizi garen munduaren desadostasunaren erretratu tragikoa da, zeinaren foku dramatikoenetako bat Ekialde Ertaina baita, sunita eta xiiten arteko gerra basatiarekin, beren fanatismo sinets ezinarekin, beren diktadura izugarriekin, beren arimagabeko Estatu Islamikoarekin gizateria, Islam eta bakearen aurkakoa. Nola liteke hainbeste musulmanek, arabiarrak ala ez, sustengatzea, edo onartzea edo isiltzea? Baina Mendebaldea ez da errugabea. Nork elkar banatu zuen Ekialde Ertaina Lehen Mundu Gerraren ondoren orain dela ehun urte? Nork eraman ditu porrotera, harrezkero, Irandik Egiptoraino, jaiotzen ari ziren demokrazia laiko hauskorrak? Nork sustengatu zituen herrialde horien diktadurarik ankerrenak? Nor jabetu zen neurrigabeko petrolio putzuez? Nork makurrarazi ditu bere senideak eta gaizki tratatu, gure senide palestinarrak, Nazio Batuen aginduei ez ikusiarena eginez zinikoki? Nork bultzatu eta finantzatu zuen Al-Qaedaren sorrera lehenik eta gero Estatu Islamikoarena, esku artetik ihes egin arte? Beste mundu bat, beste Europa bat behar ditugu.

    Aylanek gutariko bakoitza geure lekuan jartzen gaitu eta geure erantzukizunaren aurrean. Hiritartasun unibertsala aldarrikatzen dugu. Giza Eskubideak direla-eta harro agertzen gara, eta ez arrazoirik gabe: Europak eta Mendebaldeak munduari eman dioten hoberena baita, Eliza Katolikoaren oposizioarekin, hain zuzen ere, bere artikulu askotxotan, gauzak diren bezala esan behar. Baina ez gaitezen engaina. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren lehen artikuluak honela dio: “Gizaki guztiak aske eta berdinak jaiotzen dira duintasun eta eskubideetan eta senide moduan jokatu behar dute batzuek besteekin”. Bere heriotzako isiltasun profetikoaren hondo-hondotik, Aylanek honela egiten digu oihu: “Europa, ez duzu gezurrik esan behar. Europa, ez itxi zerorren ateak. Eliza katolikoa, utzi zerorren doktrina eta moral obsesioak, eta itzuli Samariar Onaren parabolara”.

    Aylan hitzak zera esan nahi du: turkieraz “argi-koroa”, eta “haritza” hebreeraz, azken hau, arameera edo Siriako hizkuntzaren ahaidea eta arabierarena. Ez dakit zein den izenaren jatorri zehatza; ezta axolarik ere. Aylan argi ikono bat da, bizi hazi bat  haritza baino ahaltsuagoa. Eta ernamuindu, berpiztu eta distira egiten du etorkinak hartzen dituzten gizarte mugimenduetan, itxaropenaren lekuko bedeinkatuak.

Search