Xabier Elizalde, Juan Mari Sansinenea eta Pilar Pingarron
Genozidioaren Biktimen Elkartea

Azaroak 20: kriminal baten heriotza

Ez dezagun ahaztu herri honetan nortzuk hasi ziren indarkeria erabiltzen eta gainera modu masiboan.

La Paz ospitaleko zaintza intentsiboan zegoen gizonaren egoera larria zen aspalditik eta zirkunstantzia hori ezaguna zen populazioaren artean, erregimenak egoera horren benetako gordintasuna azaltzeko ipintzen zituen oztopoak kontuan hartuta ere. Une horietan hilzorian zegoen agure horren ohe inguruan izaten ari ziren maniobrak, mugimendu politikoak, azpijokoak ez dira imajinatzen zailak.

Francoren heriotzarekin 1936ko uztailaren 18an hasitako infernuko ziklo bat modu batean edo bestean itxi zen. Infernuko ziklo bat, eskubide demokratiko indibidual eta nazionalei dagokienez. Tarte horretan guztian Francok, burdinazko eskuaz, modu unipertsonalez, kontrolik, mugarik gabeko eran agindu zuen, altxamendu faxistaren ondoren abentura kriminal horretan lagun izan zituen militar kolpistek emaniko botere absolutua erabiliz. Bere erregimenaren bereizgarri nagusia bere iruditerian sartzen ez zirenen –bere hitzetan, «los anti-España»– likidazioa zen. Ezagunak dira, zentzu horretan, diktadorea hil zenean bere testamentuan utzi zituen hitzak: «Bere etsai bakarrak Espainiarenak izan zirenak izan ziren». Erregimen horrek utzi zituen biktimen kopuruari kasu egiten badiogu, etsai horiek ugariak izan ziren. Bere altxamenduaren ondoren Estatuan sortu zen gatazka armatuaren atzetik hildakoen kopurua 500.000 ingurukoa izan bazen, zifra horretatik 150.000 inguru Francoren aldekoek erailak izan ziren. Kopuru horri dramatismo gehiago emateko, horietako 100.000 baino gehiago toki ezezagunetan lurperatuta daude. Euskal Herriari dagokionez, altxamenduaren ondorioak ez ziren apalak izan, 25.000 inguruk galdu zuten bizitza, milaka batzuk frankistek erailak. Bereziki odoltsua izan zen errepresioa Nafarroan, non 3.500 pertsonak galdu zuten bizitza frankisten erokeria kriminalaren aurrean.

Francoren erregimena definitzeko unean eztabaida ugari izan badira (gaur egun eztabaida horiek jarraitzen dute), faxismoaren ideologia aztertu duen eta gaian espezialista den Wolfgang Wippermann historialari alemanak, “Faxismoa. XIX. mendetik gaurdainoko munduko historia bat” liburuan, «fundamentalista-faxista» gisa (fundamentalistisch-faschistisch) sailkatzen du. Fundamentalista terminoa Eliza katolikoari hain zuzen, zor diogu, frankismoari eman zion estaldura ideologikoarengatik, nazional-katolizismoarengatik. Lehen, Francoren erregimena definitzeko unean izan diren eztabaidak aipatzen bagenituen, horren analisi zehatza egiteko lagungarria da bere oinarriak zeintzuk izan ziren gogoratzea. Lehenik eta behin, Monarkiaren erorialdiarekin haserre zeuden indar monarkikoak eta Errepublika sortu bezain pronto konspiratzen hasi zirenak. Hurrengoak eta aurrean aipatutakoen lagun estuak, indar integristak, Nafarroako karlistak adibidez, eta horiekin Espainian eman zen faxismoaren bertsioa, Falange Española, hain justu. Indar antiliberal horiek guztiek behar zuten, nola ez, esku armatu bat II. Errepublikarekin bukatzeko. Eta esku hori Marokoko abentura kolonialean zailduak ziren militar afrikanistez osatutako talde bat izan zen. Bukatzeko, talde poliedriko horri ideologia errespetagarria emateko gai izango zen elementu bat falta zen. Eta lan hori egiteko prest agertu zena Eliza Katolikoa izan zen, altxamendu hori «Gurutzada» gisa bataiatu zuenean. Eliza horrek, fundamentalista, integrista hezur-muineraino, bere pribilegioak eta bere Weltanschauung-a arriskuan ikusi zituen II. Errepublikaren iritsierarekin  eta kolpisten taldearekin lerrokatu zen gurutze eta ezpataren arteko disimulurik gabeko ezkontzan.

Erregimen frankistak izan zituen oligarkia ekonomikoaren, elite monarkikoen eta Eliza katolikoaren ideologia integristaren aldeko jarrera garbiaz aparte, beste ikuspegi definitu bat, oso definitua esan dezakegu, izan zuen: bere «Espainiaren batasun sakratu eta zatitu ezina», bere «Espainia horrek zuen patu inperiala» desafiatzen zuten eta Estatuaren barruan zeuden beste nazioen aurka zuen gorroto obsesiboa. Gorroto horrek kutsu propio bat eman zion errepresio frankistari bi nazio horietan: bi nazio hauen kulturaren aurrean –hizkuntzaren aurrean bereziki– eta zentzu zabalean nazio bat nazio bezala definitzen zuten nortasunaren elementuen aurrean, frankismoak izan zuen jarrera hiper-erasokorra.

Baina muturrezko indarkeriek beti dute dagokien erantzuna. Eta aurreikuspen hori, gure herrian ere bete zen. Herri, nazio, bezala gure desagerpena bilatzen zuen erregimen kriminal horren aurrean erakunde armatu bat antolatu zen. Erakunde horrek erabili zuen frankismoak ulertzen zuen hizkuntza bakarra; hau da, indarkeria. Egia da, bere jarduera armatua ez zen bukatu diktadorearen heriotzarekin, frankismoaren egiturak diktadorearekin amaitu ez ziren moduan; gauza ezaguna da, behin Pandoraren kutxa irekita zein zaila den berriro ixtea.

Une honetan, «kontakizunaren borrokan» kateatuak gaudenean, ez dezagun ahaztu herri honetan nortzuk hasi ziren indarkeria erabiltzen eta gainera modu masiboan, bere praxiarekin besteen erantzuna eraginez. Eta behin eta berriro autokritikak exijitzen dituztenak –batzuei bakarrik– ez dezatela ahaztu historian konpartimentu estankoak egitea ez dela posible eta herri honetan «por Dios y por España»-ren izenean krimen izugarriak egin zituztenek oraindik ez dutela inolako autokritikarik egin, eta oraindik okerragoa dena, euskal herritarroi ukatzen zaizkigun eskubide politiko, sozial eta zibil guztiak errespetatuak izan daitezen bitartekoak ez dira onartu eta abian jarri; are gehiago, justizia efektiborik ez da gauzatu genozidio haren erantzuleen artean.

Search