Paul Bilbao Sarria
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia

Bada garaia

Joan dira hauteskundeak. Amaitu dira mitinak, propaganda, irrati zein telebistako eztabaidak, kartelak. Aurreko igande gauean jakin genuen zein izango den hurrengo lau urteotarako EAEko Legebiltzarraren osaera.

Horrekin batera, hemendik pare bat hilabetera, Legebiltzar horrek politika publikoak gidatuko dituen lehendakaria hautatu eta lau urteko ziklo berriari ekingo zaio Jaurlaritza berrian.

Legebiltzar berriaren osaerari dagokionez, interesgarria iruditzen zait, urrats eragingarriak egiteko babes politikoa eskain dezaketen legebiltzarkideen kopurua, eta, beraz, babes hori baliatu behar delakoan nago. Duela lau urte antzekoa esan genu- en, eta legegintzaldia amaituta ez zait iruditu Legebiltzarrean zegoen gehiengo hori behar bezala baliatu denik. Halere, egiaztatu ahal izan dugu indarrak norabide berean bildu izan direnean urrats eragingarriak egin direla, besteak beste, Toki Erakundeei buruzko Legean.

Kontseiluak ere kanpaina egin zuen. Ez, noski, alderdi baten edo besteren aldeko botoa eskatzeko. Aitzitik, etorkizunari begira hizkuntza-politika eragingarriak kontuan hartu beharko lituzkeen 13 neurri proposatzeko ekimena garatu genuen. Gure ekarpenak izan du, bai, elementu berritzailerik. Guk aurpegiak jarri nahi izan dizkiogu hizkuntzaren normalizazio-prozesuari; hau da, herritarrak erdigunean kokatu nahi izan ditugu. Aitziber, Izaro, Manex, Lander eta Nerea izan ziren gure kanpainako protagonistak. Euskararen Legea onartu ondoren jaiotako herritarrak, euskaraz hazi eta hezi diren herritarrak, helduarora iritsi diren herritarrak, bizitza profesionala garatu dutenak, horietatik batzuk guraso direnak; baina oraindik euskaraz ezin bizi daitezkeen herritarrak. Horrexegatik milaka herritar horiek erdigunean kokatu eta hurrengo lau urteetako politikek normalizazio-prozesuari epeak jarri beharko lizkiokete. Ikusi dugu, bai, kanpainan gezurretan oinarritutako mezuak zabaltzen saiatu direla batzuk, eta hizkuntzaren gaia parametro desegokietara eramaten; halaber, ikusi dugu, bai, boto batzuen truke zabaldutako mezu desegokiei zein erantzun eman dien gizarteak.

Alderdiak negoziazioetan murgilduta daude gobernu-akordioak adosteko. Gure aldetik eskaera bat eta bakarra: hizkuntza-eskubideen bermea egikaritzeko politikak erdigunean koka itzazue, eta normalizazioari epe zehatzak jarri. Galdera zehatzak bota genituen hau- teskunde-kanpainan, eta alderdien programak ikusita, horietako batzuei egoki erantzuteko neurriak berandu baino lehen abian jar ditzakete, horretarako babes politiko nahikoa baitute.

Izan bedi legegintzaldi berria normalizazio-prozesuari epe zehatzak jarriko dizkiona. Izan bedi legegintzaldi berria Euskararen Legearen ostean sortutako belaunaldiari, eta gu guztioi, euskaraz bizitzea ahalbidetuko diguna. Izan bedi legegintzaldi berria gure hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren amaiera hurbilago jarriko duena. Horretarako, beraz, Legebiltzar berriak arduraz eta erantzukizunez jokatu beharko du. Bada garaia!

Search