Josu Txoperena eta Joseba Ugalde
Ernaiko militanteak

Bada garaia ekiteko, ezta?

Azaroaren 25a izango da laster, urtez urte munduan zein Euskal Herrian lanketa feminista indartsuak egiteko baliatu den eguna. Lanketa horri inolako protagonismorik kentzeko asmorik gabe, hausnarketa bat plazaratzeko aukera baliatu nahi izan dugu zenbait gizon militantek.

Egoera nahiko ezaguna dugu denok: erreakzio garaietan bizi gara. Krisi egoerak hauspotuta, egunero ikusten dugu erreakzioa emakume eta sexu/genero disidenteen aurkako erasoetan. Erreakzio antifeministarekin lotuta, gizon gazteon artean feminismoarekiko aurkakotasun iritziak gora doazen bitartean, emakume, trans eta bolleren gehiengoak balio feministekin eta oro har askatzaileekin bat egiten dute gurean. 

Egiari zor, errealitate deseroso baten aurrean topatzen gara: olatu feminista oso bat altxatu ostean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak hausnarketa eta lan izugarria egin bitartean, Euskal Herriko gizon militante zein ez militanteon gehiengoa oso atzean geratu gara. Noiz eta gure inguruan erreakzio antifeministak ugaritu diren garaietan. 

Argi dago gizon zisheterook ez garela borroka horretan lehen lerroan egon behar dugunok, baina horrek ez du esan nahi egitekorik ez dugunik. Are gehiago, ez dugu hausnartu feminismoarekiko zein egiteko ditugun. 

Jakin badakigu generoa eraikuntza soziala dela. Eraikuntza sozial hori patriarkaturen zapalkuntza sistemaren bidez ezaugarritzen da eta, horrenbestez, gure ortzi muga hori errotik eraistea izan behar da, feminismo materialistak edo Euskal Herriko mugimendu transfeministak erakutsi bezala. Aldiz, ez dugu uste epe laburrean gizonok desagertuko garenik, eta horrek galdera deseroso batzuk jartzen dizkigu mahai gainean: zein da ortzi muga horretara bidean gizonok dugun egitekoa? Zein da gizon bezala egin dezakegun ekarpena erreakzio garai hauetan? Gizon eta emakume kategoriak deuseztatzeko gizonak feminismora gerturatu behar baditugu, nola egingo dugu gerturatze hori? 

Ez ditugu galdera horien guztien erantzunak, eta gure abiapuntuaren egoera prekarioaz jabetzen gara. Baina hanka sartzeko beldurrak ezin gaitu orain arte bezala ardura ez hartzera eraman, asko baitugu jokoan. Hurbil ditzagun beste gizonak feminismora, prest egon gaitezen interpelazioak jaso eta horien aurrean ardura hartzeko, elkar interpela dezagun, zabal ditzagun deialdi feministak inguruan, moztu ditzagun jarrera matxistak eta zalantzan jarri dezagun gure burua. 

Kontraesanak eta hanka sartzeak askotarikoak izan daitezkeen jakitun, uste dugu gizonok ere Euskal Herria feminista irabaztera bidean urrats bat aurrera eman eta borroka feministarekin bat egin behar dugula, gure papera zein den askatzearekin batera. Erronka ez da makala, ez, baina bada garaia ekiteko, ezta?

Search