Ainara Maya Urroz

«Bai» da «bai»

Gure esku dago egiten dugun guztiaren emaitza, gure esku baitago hitzak erabiltzea eta hitzak isiltzea. Gure esku dago ozen eta irmo erratea zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi, eta gure esku dago bitartekoak jartzea herri oso baten nahia eta boza entzunarazteko, hautestontziak jartzea eta demokrazia praktikatzea. Helburuak helburu, gure eskubidea jadanik badugu bitarteko guztiak jartzeko helbururantz. 

«Ez» erraten ikasi behar dut nik, «ez» erraten soilik dakidan arren; edo kosta egiten zait bederen «ez» erratea bertzea ez mintzeko. Artikulu hau idazteko beharra du ene bihotz ukatuak, eta hitz hauek ez dira biktima batenak, dena eta bihotz osoa maitasunez eman duen batena baizik.

Aurtengo esaldia hauxe litzateke: «ez da ez». Emakumeok «ez» arren, ez da erraten ezetzik, eta orduan gizonezko batzuek «da» soilik entzuten dute. Beharbada jendarte hau aldatzen hasi nahi badugu, hizkera aldatu behar dugu, eta slogan eta leloak eraldatu, geu aldatuz ingurukoa aldatzeko. Adibidez, herri euskaldun aunitzetako sarreratan "Herri honetan ez da eraso sexistarik onartzen" irakurri dut, eta bertzelako erasoak bai, onartzen ditugu? Hori da ene zalantza. Badakit gaur egun dugun arazo larri itsu eta gorra gizon batzuek emakume batzuenganako bortizkeria irrazionala dela, baina ez dakit halako leloek eta esaldiek zerbaitetan laguntzen duten. Bertzelako lelo batzuk beharbada eraginkorragoak izan daitezke, hala nola «herri honetan elkarrenganako errespetuaren alde gaude» edo «herri honetan tratu onaren alde gaude». Halako lelo baikor berritzaileak sustatu beharko genituzke, benetan gure pentsaerak aldatzeko. Izan ere, oroitzen naiz ETA erakunde armatua indarrean zegoen garaian, hainbat udaletxetan "ETA ez" jartzen zuela, eta orduan burura etortzen zitzaidan hitz bakarra ETA zen; ni poETA izanik, proETA baten aldeko jarrera hartzera bultzatzen ote ninduen lelo horrek? Txantxak alde batera, eta burua erabiliz, ekiteko eta sortzeko garaia dugu; larunbateko Gure Esku Dagoren manifestazioan Angel Oiarbidek aldarrikatu zuen bezala, ez da garaia begira egoteko.

Hala, «Sí» erraten dute katalanek, aurtengoa baita katalanen urte erabakigarria. Eta bai, «bai» erraten dutelarik, bai erraten dutela zerbait. «Da» aditza bakarrik ez. «Sí» horren gibelean  demokrazia aldarrikatzen dute katalanek. Ene bihotzak ere ez du «Ez» hitzik entzuten, eta «Bai» erran nion ohatzean ene maiteari, geroztik berea naiz osorik, baina ez dut bortizkeriarik erabiliko nirekin ez egotea erabaki duelako.

Gure esku dago egiten dugun guztiaren emaitza, gure esku baitago hitzak erabiltzea eta hitzak isiltzea. Gure esku dago ozen eta irmo erratea zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi, eta gure esku dago bitartekoak jartzea herri oso baten nahia eta boza entzunarazteko, hautestontziak jartzea eta demokrazia praktikatzea. Helburuak helburu, gure eskubidea jadanik badugu bitarteko guztiak jartzeko helbururantz. 

Gure esku ez dagoena da, hain zuzen ere, helburu horretara iristea. Adibidez, maitasunezko eskutitzak eta olerkiak idatzi ondoren, baiezkorik ez jasotzea ez dago gure esku, dena maitasunez emanagatik ere ez da neurri berean jasotzen, edo bertzearen mentalitate matxistaren bortizkeria ekiditea ere ez dago gure esku, bertze hori fisikoki gu baino indartsuago bada. Gure esku ez dagoena da independentzia, herriaren borondatea ez bada hori.

Gure esku dagoen gauza bakarra da egunero jaiki eta irribarre batez gure helburuen nahiz ametsen gibeletik abiatzea, errealitatea biziz eta ametsak konplitzeko bidea eginez. Irribarrearen iraultza susta dezagun, aurten katalanek hasi duten iraultza hau. Aurtengo nire esaldia honako hau da: ezina ekinez egina. Etxalarko Karmen haren gisa, ijitoa ez banaiz ere, nik ebazten dut norekin ibil, nik erabakitzen dut nor hartu erromintxelaz romtzat eta nor minchorrotzat, senartzat eta maitaletzat alegia. Erabakiak erabaki, ez dago neure esku bakarrik edo bikotean bizitzea, baina amets horren gibeletik joanen naiz bihotza lema harturik.

Search