Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Berandu eta gaizki, oso gaizki, baina ez gaitezen ekibokatu

Estrategia sanitario eta ekonomikorik gabe, planik gabe, egoerak gainezka egin du berriro eta Jaurlaritzaren arduragabekeriak, inprobisazioak eta harrokeriak honaino ekarri gaitu

Asteburuan sartu gara EAEko herritarrak Eusko Jaurlaritzak ezarri dizkigun neurri berri murriztaileen arabera bizitzen edo bizirik irauten. Bizirik irauten diot, lanetik etxera eta etxetik lanera ibiltzeari bizitzea deitzea gehiegitxo iruditzen zaidalako. Ezarritako neurriak gogorrak dira oso, gure bizitzetan gehiegi luzatzen ari den anormalitatea are anormalago bilakatuko dutenak. Urrun dira martxoko hasierako egun haiek, arazoaren tamainari neurria hartu gabe konfinamenduak jendartearen elkartasun eta kohesioa sentitzera eraman gintuztenak eta gure zerbitzu publikoen beharra inoiz baino garbiago baloratzera eraman gintuztenak. Lehen aste haien ostean, baina, gure bizitzak pixkanaka berreskuratzeko erabakiak buletinetan irakurtzeko nahiari heldu genion, lehengo normalitatea lehenbailehen itzultzea desio genuen.

Gure agintariek uda eta hauteskundeak salbatzeko fikziozko errealitate bat irudikatu ziguten eta azkar, azkarregi itzuli ginen normalitate berrira, arazoa gaindituta edo kontrolpean zegoela iradokiz. Gure desirak eta agintarien arduragabekeria nahasita eguzkia hartu genuen, terrazak bete, oporretara joan eta bozkatu. Bitartean bagenekien bigarren olatua bazetorrela baina gure agintariek eguzkirik gabeko uda pasako zutela imajinatzen genuen, gure ongizatearen gaineko kezkak udan buru-belarri lan egitera bultzatuko zituen konfiantza genuen. Eguzkirik ez dakit hartu zuten, baina oporrak hartu, hartu zituzten, luzeak gainera. Ez eskoletara bueltatzeko planik, ez osasun publikoaren berrantolaketa eta indartzerik, ez kaltetuentzako laguntzarik, ez ezer.

Estrategia sanitario eta ekonomikorik gabe, planik gabe, egoerak gainezka egin du berriro eta Jaurlaritzaren arduragabekeriak, inprobisazioak eta harrokeriak honaino ekarri gaitu. Orain ere ingurukoak baino askoz beranduago eta gutxienez haiek bezain gaizki. Basque Country marka ez da pandemiari aurre egiteko gobernantza eredu salgarria, lotsa ere ematen du. Lotsa ematen duen bezala Gabonak salbatu behar ditugula dioten arduradun arduragabeak izateak, exekutatzen ez dituzten milioi asko iragartzen dituzten bitartean, inguruan ikusten ditugun dramak titular on baten atzean gorde ahalko balira bezala.

Aste honetan bertan atera ditu EH Bilduk Gobernuaren propagandaren ilunak, eta bagenekiena berretsi. Aurten irailera arte Eusko Jaurlaritzak bere gain duen gastu obligazioa txikiagoa izan da Osasun Sailean eta Hezkuntzako obligazioak ez dira apenas hazi. Azkenik, covid-19aren programa berezian gastatzeko aurreikusitako 362 milioi euroetatik 75 milioi euro soilik gastatu dira. EAJ Trump ezker independentistarekin parekatzen saiatu da eta Azpiazu sailburua bera atera da EH Bilduk ateratako datu horiek (sailburuak berak Legebiltzarrera igorritakoak direnak, bestalde) gezurtatzen saiatzera eta hemendik urte bukaerara arte gehiago gastatuko duela esatera. Pandemia baten erdian iazko gastu bera edo txikiagoa egitea eta beharrezko diren milioi guztiak gastu publikoan ez gastatzeak gobernu honek dituen kudeatzaile kaskarren tamainaren argazkia uzten digu. Eta ez, Azpiazu jauna, ondotxo dakizu ez duzula denborarik izango guztia gastatzeko, aurrekontuko kopuruak eta gehiago gastatu beharko litzatekeen garaiotan.

Eta normala den legez, jendea haserre dago, haserre nago, haserre gaude. Haserre ostalariak, mediku eta osasun arloko langileak, haserre autonomoak, enpresaburu txikiak, erresidentzietako langile eta egoiliarrak zein horien familiak... Haserretzea eskubidea ez ezik esango nuke une honetan sentimendurik naturalena ere badela giza portaeraren ikuspegitik. Haserre, neurriak berandu hartu direlako eta horietako asko ez direlako logikoak eta batik bat haserre, berriro ere ardurak eta sakrifizioak herritar xeheon gain jartzen direlako, bitartean haiek birusari aurre egiteko, aurrea hartzeko mekanismoak ezarri ez dituztenean. Haserre, gastu publikoaren lehentasunek lehengoak izaten jarraitzen dutelako –AHT, metroa...– eta, Europako funtsen lehentasunetan jarri duten lez, enpresa handien interes pribatuen zerbitzura jarraitzen dutelako, gure ostalariek, negozio txikiak dituztenek, behin behineko langileek gorriak ikusiko dituzten bitartean. Haserretzeko motiborik ez da falta eta haserre hori agintarien erabaki politikoen eta gastu politikaren ondoriozkoa bada, guztiz logikoa da.

Baina azken aste hauetan badira sare sozialetan, nabarmentasuna bilatu nahian-edo eta ezkerraren eta askatasunaren izenean, egoera horien ardura ezkerraren gain ezartzeko arduragabekeria dutenak. Denerako balio duen mantra bat bilakatu da "zerbait gaizki egiten ari da ezkerra..." leloa. «Euskararen egoeraren errua euskaldunona da» esan ohi duten bezala, egoera honen aurrean ezker independentistak hartutako jarreran «zerbait gaizki dago» (hala egon behar duelako beti eta salbuespenik gabe), «ez da ezkerrekoa» eta «ezkerrak ez du planik» diote zenbaitek.

Askatasunak murriztea ez ei da ezkerrekoa. Eta askatasunak beti eta une oro defendatzea bai? Egoeraren larritasunari tamaina hartu eta arduraz jokatzea, jendarteari dagoena garbi esatea eta guztion onurarako izango diren aldi baterako neurri mugatzaileen aldeko sakrifizio komunitario/kolektiboak eskatzea noiztik ez da ezkerrekoa? Nire kode binario sinpleen arabera askatasunaren kontzeptu indibidualista eta berekoia ez da ezkerrekoa. Ezkerrak egoera larriei irteera komunitarioak bilatzea izan behar du helburu. Ezkerrak inor atzean utziko ez duen irteerak proposatzea izan behar du jomuga. Norbere askatasunak eta pandemia gutxiesteak ezin baikaitzake eraman heriotza kopuru altu eta gaixo kroniko berri asko izatera eta bide batez egoera hau betikotzera. Horrek sakrifizioak gure gain hartzera eramango gaituen arren. Sakrifika gaitezen eta haserreari eutsi, baina torpedoak, faborez, ardurak dituzten itsasontziei.

Search