Itziar Aizpurua Egaña
Ezker Abertzaleko militantea

Beranduegi ote?

Badirudi gai garrantzizkoenetan beti berandu gabiltzala. Eta, hasiera batean ez zirudien arren, denbora pasa ahala baiezkoan nago. Hala eta guztiz ere, mingarriena ez da berandu gabiltzala, beranduegi izatea baizik. Hortik dator nire galdera: beranduegi ote?

Bada gai garrantzizko bat bihotza mintzen didana: Josu Uribetxeberriarena. Hau nire bihotzean zintzilikaturik bizi da, Cresporen irudia begi-ninietan dudan bezala, onartu behar dudalaka beranduegi izan dela beretzat eta guretzat ere. Baina, zer izan da beranduegi? Zalantzarik gabe gure jarrera, eta esplikatzera natorkizue.

Berandu adjetiboaz honela dio hiztegiak “ohi den, egoki den, behar den uneaz geroago” hau da, beste zerbaitekin alderatuz, ohiturak izan edo epeak ..., denborarekin azken batean. Denbora nork eta zein helbururekin jarri izanak zerikusi galanta duenez, berandu adjetibo hori zenbait gaietan zalantzan jartzekoa da edota eztabaidatzeko modukoa behintzat. Esate baterako, helburuen alde etengabeko jardunean dabilenarentzat ez da inoz berandu izango. Eta honi heltzen natzaio Euskal Herriaren Subirautzaz eta Independentziaz hitz egiterakoan.

Belaunaldiz belaunadi, borroka mota guztien bidez, helburu horri heldu diogu. Atzera-aurrekadak gizaldietan zehar bizi izan ditu Herri zahar honek, eta, nahiz oraindik lortua ez duen bere Burujabetzaren gauzatzea, ez dio helburuari utzi inoiz, etenik gabe unean uneko borroka eskuratuz jarraitu baitu bizirik. Beraz, gure Burujabetza lortu eta Estatu propioa izateko ez da beranduegi, ez horixe!

Europako Herri zaharrena edo zaharrenetakoa garala badakigu. Hala eta guztiz ere, herri askea ez garenez, XXI. gizaldi hasieran munduko kontinente zaharkitu honetako agintari kaskarrenek, espainolek alegia, txirotasunean murgiltzen gaituzte xoxa falta dutelako, eskuz beteka gurea xahutu ondoren. Gainera, bizi nahi badugu, aurrerantzean gehiago eman beharko diegula adierazi digute, Europako Batasunean bizi ahal izateko abiadura mantsoegi daramagula eta. Alegia, berandu gabiltzala eta gerrikoa estutzeko, zulorik badu oraindik!

Eta beranduegi al da hondamendira garamatzetenei harresia ezartzeko? Ez!

Inoiz baino arrazoi gehiago dugu euskal herritar gehienok jasatzen ari garen diru lapurketari aurre egiteko, jakinik, gainera, hau hurbiltzen ari zaigun zaparradaren hasiera besterik ez dela; pertsona legez duintasuna galtzeko tamainakoa omen, datorkiguna, ekonomiaz arituak direnen arabera.

Beraz, 26an greba orokorrari heldu diezaiogun gogotsu; eta aurrerantzean ere izango dugu non eta nola jarraitu, Burujabetza osoa, politikoa eta ekonomikoa, lortu arte.

Baina, ezin gara inoiz aske izan, gu guztion Herriarengatik borrokatu direnek giltzapeturik jarraitzen duten bitartean. Are gehiago diot: berandu gabiltza dagoeneko barruan horrenbeste urte daramatenak atera gabe.

Eta berandu, oso berandu gainera, gaixo dauden hamahiru euskal herritar presoen alde, gehiagok egiten ez badugu zerbait, eta betikook zerbait gehiago. Egoismo hutsez bada ere, beranduegi izan da!, berriz esan beharrik izan ez dezagun.

Izan ere, abertzale eta ezkertiar gisa, herritar gisa, pertsona gisa begiratuta, ‘beranduegi’k porrota besterik ez du adierazten. Arduraz jokatzen badugu, ordea, adjetibo hori betiko desagerraraziko dugu gure hiztegi politikotik.

Search