Bergoglio pertsonaren gogoa eta ezinaren aita santua
Erromako apezpikua hil zaigu. Bere heriotzaren ondoren hitz bi idatzi nahi nituzke, baina zaila egiten zait horrenbeste mugatzea bere izana eta izatea. Baina, gainetik bada ere, saiatuko naiz.
Jorge Mario Bergoglio pertsona. Argentinarra, honek duen esanahi guztiarekin: hizlaria; umoretsua; literatura, antzerkia eta poesia zalea; argentinatar gehientsuenak bezala futbolzalea.
Pertsona aberatsa zentzurik sakonenean: bihotz onekoa, hitza eta besoak zabalik zituena, entzuten zekiena, arretatsua, pertsonekiko bereizkeriarik egiten ez zuena.
Jorge Mario Bergoglio jesuita zen. Beste lagundi guztietan bezalaxe, Jesusen Lagundian ere denetarik ezagutu izan da. Baina, gaurkoan, izan duten misio-grina hori azpimarratu nahiko nuke, Lagundia sortu zenetik hasita. Xabierko Frantzisko nafarra ere Txinara joan zen misiolari. Gogoratu, Hego Amerikan hain zuzen ere, El Salvadorren, nola erail zituzten Ellacuria eta beste hainbat jesuita.
Bergogliok, jesuita izan arren, Asisko Frantzisko maite izan zuen, haren pobrezia, xumetasuna eta haren naturarekiko maitasuna desiratzen zituen. Horregatik hartu zuen aita santu egin zutenean haren izena: Frantzisko.
Frantzisko aita santua. Kardinalen botoek egiten dute bat aita santu −ez du zertan kardinala izan behar− eta seguruenik zerbait ikusiko zuten Jorge Mario Bergogliorengan aita santu izendatzeko. Nolako pertsona halako aita santua izan beharko luke, baina ez da beti horrela gertatzen. Gizon gozo eta on batek pertsona bezala dituen nolakotasuna, gaitasuna eta balioak kontutan hartuta, adorerik badu, funtzionatuko du. Bergogliok funtzionatu du. Asko dira bisitatu dituen herrialdeak, asko etxean hartu dituen mandatariak eta pertsona herritarrak. Ez du jarri izan mugatik nor, nongoa eta nolakoa den pertsona bisitaria.
Ez du arazorik izan hontaz edo hartaz mintzatzeko. Esan ere esan ditu esan beharrekoak: gerra eta armatzearen aurkakoak, pertsonak erbesteratzearen aurkakoak, migrazioaren arazoraz, errefuxiatuen egoerataz, emakumeei buruz, abortoaz edo LGBTQ+ asuntoaz −nahiz eta letra horiek denak gehitxo iruditu−. Horregatik guztiagatik izan da gehiengo handi batek onartua Frantzisko aita santua, Bergoglio pertsona bezala.
Baina Frantzisko aita santua izan da. Aita santua kristau katoliko apostoliko eta Erromako erlijioa jarraitzen dutenen Elizako agintaria izan da. Erlijio hau bizi dutenek esperantza handiak zituzten aita santu honetan jarriak. Ilusio handiz jarraitu dituzte haren joan-etorriak, entzikiklak, idatziak, adierazpenak eta jarduera guztiak, baina azken aldera desilusioak ere ukitu ditu eliztarrak.
Nazareteko Jesusen mezuak eta predikuak zabaldu eta praktikatu zituen, batez ere talde zaurgarrienekin, baina Jesusek aipatu ere egin ez zuen erlijioa eta haren izenean sortu zutena, apenas ukitu du. Aldaketa ñimiño batzuk egin baditu ere ezerezean geratu da dena.
IV. mendeko dogma eta kredoak hor jarraitzen dute oso-osorik bonba-pakete baten antzera, norbaitek ukituz gero, kristautasuna lehertuko litzatekeen beldurrez. Ulertzen dut. Dogma eta kredo horiek gabe ez litzateke erlijiorik egongo. Nazareteko Jesus jarraituz gero, behar bada, kristautasunak, hots, Kristoren jarraitzaileak izango lirateke.
Agur Jorge Mario Bergoglio, kristau ona.
Agur Frantzisko aita santua.
Aaa! Eta... futbola ere mito berri bat da. Telebista ez ikustearena ere ez da ideia txarra.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.