Bidea da helburua!
Urte bukaeran Garapen Kontseilua utziko dut eta zuekin partekatu nahi dut Garapen Kontseiluari buruz dudan ikuspegia, lurraldeko abentura handi bat bezala eraiki baita.
Garapen Kontseilua 1994an sortu zen, "Euskal Herria 2010" abiatu eta bi urteren buruan. Eragile eta erakunde guzien arteko elkarrizketa gune bilakatu zen. Hautetsiekin batera (horiek Hautetsien Kontseiluan biltzen hasi baitziren, 1995etik goiti), Lurralde proiektu baten eta lehen ekintza-programen lantzeko bidea eman zuen. 2000ko Hitzarmen berezia urrats horren emaitza handienetako bat izan zen: egiazko «tokiko plan Kontratua» bat, Estatuaren, Eskualdearen eta Departamenduaren finantzamendu posible guziak erabiltzen zituena. «Lurralde gobernantza» horri esker (gisa horretako bakar-bakarra da), tresna anitz sortu ziren, frantses gobernuarekin negoziaturik, hala nola Euskararen Erakunde Publikoa eta EPFL (tokiko lur funtsen Erankunde Publikoa), eta beste anitz.
2005ean, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak ziklo berri bat abiatu zuten: "Euskal Herri 2020". Eta hor sartu nintzen abenturan, bi elkarteetan (Garapen Kontseiluan eta Hautetsien Kontseiluan) lanaldi erdiko lehen langile gisa. Nahiz eta garai instituzional konplikatuagoak izan, milako bat eragile mobilizatzea lortu genuen, baita anbiziotsuak eta berritzaileak ziren lurralde proiektu berri bat eta Lurralde Hitzarmen bat egitea ere. Obra berriak ireki genituen: gazteria, Agenda21, lurralde antolaketa iraunkorra, lurralde marka, elkarrizketa soziala... Ahultzetik urrun, lurralde gobernantza indarberritu zen eta, gizarte zibilaren eta hautetsien arteko lanaren heldutasunari esker, 2010etik aitzina, Euskal Herriko gobernantzaren bilakaerari buruzko lan bat hasi zuen. Prozesu horren erdi-erdian egon nintzen, ko-animatzaile gisa. Prozesu horrek adostasun sendo bat erdietsi zuen estatus bereziko kolektibitate baten aldarrikapenaren inguruan eta gero, 2017an, Euskal Hirigune Elkargoaren sortzearen inguruan.
Baina Herriarteko Euskal Elkargoaren aldeko bozka kasik segurtatua zelarik, Frantziako Estatuak 2016 hastapenean Garapen Kontseiluaren desagerraraztea pentsatu zuen, horren finantzatzaile nagusia izanik. Garapen Kontseiluko zuzendari bilakatu berria nintzen eta borroka berri bati lotu nintzaion, gizarte zibilaren askatasunaren defendatzaile sutsu multzo batekin. Gure hautetsiak konbentzitu genituen Garapen Kontseilua elkarte moduan atxiki behar zela, juridikoki frogatu NOTRe legearekin bat zetorrela, eta politikoki sendotu ere behar zela. Zortearen ironia: kolektibitaterik ezean, Euskal Herriak «estatus bereziko garapen kontseilu» bat ukan zuen!
Garapen Kontseilu berri hori Euskal Hirigune Elkargoaren partaidea zen baina, aldi berean, Elkargoarekiko independente, eta gizarte zibilaren beste sektore batzuetara zabaldu zen, 2018an 100 kidetik 300era pasatuz, eta 2021ean 400era! Gaur egun, Garapen Kontseilu autonomo bakarra da Frantziako hirigune guzien artean. Gainera, handiena ere da.
Heldu den abenduaren 2an, 2024-2026 denboraldirako biltzar berritu bat bilduko dugu, 400 kide baino gehiagorekin, horietatik 1/3 berriak! Ez ote da Iparraldeko demokrazia bizi baten seinale, non Garapen Kontseilua baita gure gizarte zibilaren aniztasunaren adierazpide nagusia?
Euskal Elkargoa bezalako erakunde boteretsu baten ondoan (Frantziako herriarteko egiturarik handiena, 158 herrirekin, 21 eskumenekin, 1.200 eragile baino gehiagorekin...), Garapen Kontseiluak bere lekua aurkitzen jakin du eta Euskal Elkargoaren politika publiko berrien akuilu izan da. Eta, tenorez ibiltzeko eta hautetsien erabakiak aitzin pentsatzeko, erritmoa segitu behar izan da! 2018tik goiti, "Elkargoaren Proiektua " elikatu, ondare naturalari, arlo sozialari, etxebizitzei, mugikortasunari, klima planari, berdintasunari, mendiari, turismoari, gazteen etxebizitzei, SCoT eskemari, tokiko hirigintza planei eta beste kontu batzuei buruzko ekarpenak egin. Garapen Kontseiluak gai horiei buruzko proposamen sendoak egin ditu eta, aurten, politika publikoari buruzko bere lehen ebaluazioa egin du (elikadura proiektuarena).
Baina «ekarle» eginkizun horrez gain, Garapen Kontseilua «inkubagailuaren» eginkizuna hartzera ausartu da, esperimentazio berritzaileak eramanez lurralde dinamika berriak agerian emateko. Azken urte hauetan, hainbat gai landu ditu, hala nola trantsizioaren ekonomia (ADEMErentzat Tranz'eKo dispositiboaren animazioa segurtatuz), gazteen orientazioa (Eskualdeak sostengatzen duen ibilBIDE esperimentazioarekin), mugaz gaindiko herritartasuna (antropologian doktoregai bat errezibituz eta Euro-Eskualdeak sostengatzen duen Mugalur proiektuaren abiatzearekin)...
Hurrengo asteetan "Euskal Herria 2040" lan prospektiboa hasiz, frogatu dugu gure lurraldearen etorkizuna marrazteko Garapen Kontseiluak duen gaitasuna sekula baino gehiago onartua dela.
Ezinbestean, Garapen Kontseilua, aldi berean, Euskal Herriko bake sozialaren eta kontakizun kolektibo baten langilea izan da, lurraldeko gai nagusiei eta haren bilakaera instituzionalari buruzko adostasun sendoak lortzen lagunduz. Garapen Kontseiluak jakin du «estrategaren» funtzioa atxikitzen eta lurraldearentzat funtsezkoa den «iparrorratza» izaten. Demokrazia parte hartzailerako tresna izateaz gain, Garapen Kontseilua «lurralde pentsamolde» baten fabrikazio kolektiborako tresna da.
Garapen Kontseiluak segituko ote du lurraldeko «iparrorratza» izaten? Hori da, ene ustez, Garapen Kontseiluaren etorkizuneko desafio handienetako bat.
Izan ere, gutarik anitzen iduriko, Garapen Kontseilua ez da sekula helburu izan, energiak mobilizatzeko eta ikuspegi kolektibo bat eraikitzeko bide bat baizik. Euskal Elkargoa bera ere (eta edozein kolektibitate!) ez da berez helburu bat, baizik eta bitarteko bat, beste batzuen artean, gure lurraldea molde harmoniatsuagoan garatzeko.
Helburua Euskal Herrian ahalik eta etorkizun hoberena eraikitzea baldin bada, helburu horrek bere zentzu osoa hartzen du mobilizatzeko eta elkarrekin egiteko moduan. Urte guzi hauetan, oso garrantzitsua izan da enetako, laguntzaile eta profesional talde eder batekin, Garapen Kontseilua guzientzako etxe irekia izan dadin. Eta horren lortzeko, eragileak gure mahaien inguruan errezibitzeko manera garrantzitsua da, berotasunez eta adiskidantzaz, entzumenaren eta denen lekuaren alde egiteko, sentsibilitateak edozein izanik ere. Garapen Kontseiluaren dinamika beren lurraldearekiko atxikimendu eta engaiamendu handia duten emazte eta gizonengan oinarritzen da, lurraldearen interes orokorraren aldeko engaiamendua ospe pertsonal edo ezagupen instituzionalaren bilaketa ororen gainetik jartzen duten pertsona batzuengan.
Gure lurraldearen hurrengo urratsak elkarrekin ibiliz eginen ditugu, Euskal Herria gure Amankomuna izan dadin.