Inigo de Pablo, Nikole Ziarrusta, Ihintza Angoitia, Zulay Gil eta Jagoba Navas

Bidegurutzea: dekolonialitatea eta burujabetza(k)

Euskal Herriko topaketa baten marko teorikoa. Maiatzak 23-24-25/Artea

 

Bandera trapu bat da
Haizerik ez badabil

Dut, "Haize Eza"

 

Une historiko bakoitzak dagozkion galderak iradokitzen ditu, eta galdera horien erantzunak asmatu eta landu beharreko erronkak izaten dira. Subjektu orok, nork bere kokalekutik, galderen erantzunak aurkitzen saiatu behar du politikaren eremuan eztabaidan sartzeko. Politika zentzurik zabalenean, eraldatzaileenean. Gatazkak, polarizazioak eta kontrabotereak ezartzen diren gizarte-espazio gisa ulerturik politika.

Hurbilketa historiko batean, Jainkoa jada ez denean gehiago salbaziorako babesleku gisa ikusi eta sentitzen, Estatua sartzen da jokoan. Harreman ekonomiko berriak ezartzeko estruktura soziala bilakatzen da, zeinak kontrol eta diziplina mekanismo berriak erabiltzen dituen. Baina ez hori bakarrik, babes-eskaera bati erantzutea ere lortzen du. Burujabetza edo subiranotasunaren promesa aliantza biblikotik paktu sozialera igarotzen da orduan.

Epigrafe horri helduta, kontratu sozialak eta liberalismoak beti negatiboa den askatasun bat eskaintzen dute, hau da, bestea baztertzeko atrebentzia hartzen duen baldintza natural bat, pribilegio bat (pertsonen arteko harremana merkataritza kontu huts izatera murrizten da); pentsamendu errepublikanoarentzat, aldiz, askatasuna beti da positiboa: eskubideekin ehuntzen den lotura bat. Baina askatasun partekatuaren sentimendu hori, behetik eta autoritarismoaren aurka azaleratzen den potentzia sozial hori, gero eta estutu handiagoan dago krisi sistemiko testuinguru batean.

Egungo eredu zibilizatzailea, hots, modernitate kapitalista heteropatriarkala eta koloniala bere bi muga estrukturalek markatutako deskonposizio fasean sartu da: bata, barnekoa, denbora-bonba baten antzera jokatzen duena, lan bizia teknologiek ordezteagatik. Izan ere, gizateriaren historian lehen aldiz, soberan dagoen populazio masen kategoria bat dugu. Eta bestea, kanpokoa –XIX. mendean jada Marxek haustura metaboliko gisa ohartarazia–, kapitalismoaren aseezintasun infinitua mundu finitu batekin kontrajartzetik sortua. Bi logika bateraezin. Bi muga horien artean, borroka-eremu bat marrazten da, non Kapitalak Bizitzari aurre egiten dion.

Diagnostiko labur honen ondorio nabarmenena da burujabetzaren aldeko gatazkak garrantzia hartzen duela mundu mailan. Burujabetzaren gatazkaren baitan artikulatzen dira askotariko zapalkuntzak, hala nola klasea, generoa, arraza…. Faxismoaren mamua dakarten eskuin mutur berrien sorreraren irakurketa ere gako horretatik egin beharra dago. Globalizazio deitutakoaren erdi aro berriko fasean kokatzen garelarik, beronen ezaugarriak plano geopolitikoan gatazka multipolarrean diharduten hierarkia eta bloke anitzen hetereogeneotasun handia dira. Palestinako genozidioa bere paroxismo bihurtzen duen neoinperialismoa alegia.

Azkenean hutsune batera daramaten gertaeren eta keinuen nahaspila gisa aurkeztutako errealitate horren aurrean, Joseba Sarrionandiak aipatzen digun kartografoaren begirada garatu behar da, gure gorputz, etxe, herri, lurralde eta abarren azalean zabaltzen den maparen gainean pentsamendu dekolonialaren eta proposamen burujabearen artean sortzen den gurutzaketa ikertzen asmatu dezagun. Izan ere, Euskal Herriko paisaia sozialari “kudeatzaile onen” patina jeltzalea kentzen zaionean, zirriborro bat jabetzen da irudiaz.

Demokrazia pribatizatzea –Jule Goikoetxearen hitzetan–, hau da, erabakitzeko gaitasunez gabetzea maila guztietan, hasi pertsonaletik eta komunitate politikora arte, gero eta aldakorragoak diren kapital globaleko zirkuituetan integratzeko eliteen bide-orria da. Arrazakeriaren aurkako borroka dekolonialen eta burujabetzarik gabeko nazioen borroken arteko topaketa eragingo duen estrategia bat eratzea da mintegi honek aintzat hartzen duen potentzia politikoa.

Bestearenganako bide horretan, bi baldintza bete behar dira: alde batetik, elkarrizketa oztopatu besterik egiten ez duten identitate politiko jakin batzuei uko egin behar zaie eta, bestetik, Mendebaldeko edozein herritan gertatzen den kolonialtasun bikoitza berrikustea, euskalduna barne, zeinak ez baitu ahantzi behar egungo migrazioa politika kolonialen luzapena dela. Hori egiten asmatuta, ez-izatearen ikusezintasunari argi egiteaz gain, tokian-tokian pentsatzen ikasteaz gain, gehiengoak erakartzeko bidea zabaldu eta beste indar-konstelazio bat marraztuko dugu Euskal Herrian.

Sabino Arana gaindituta eta Txillardegi geureganatuta, Euskal Herria ulertzeko hirugarren jauzia euskal herritar gisa hamaika lekutan jaioa izango den subjektu batek egingo du, lehenago egin ez den bezala; zeinaren abizenak historiaz beteta egongo baitira, lehenago egon ez diren bezala, eta guztiz komuna izango den hizkuntza batekin, hots, zuzenbidearekin. Izan ere, askatasun-haize horrek, borrokaz, tradizioz, sufrimenduz eta irrikaz ehundutako ikurrin zaharra kulunkatzen duenean, Amaia Lasa bertsoak xuxurlatzen ditu: ala ere/Euskal Herria sortzen ari gara.

Search