Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Bigarren eraldaketa nagusia?

Hirugarren legealdiaren hasieran, 2015eko azaroan Donostian Juan Jose Ibarretxek emandako hitzaldian egin zen publiko “Bigarren Transformazio Ekonomiko Nagusia” ekimena. Lehen eraldaketa nagusiak 1980ko hamarkadan izan omen zuen hasiera, gure industrian kalte sakonak utzi zituen krisialdiari aurre egiteko asmoak bultzatuta.

Altzairuaren monolaborantzan oinarritutako eta teknologia zaharkitu baten bitartez barne merkatuan salneurritan lehiatzen zen kultura batetik abiatuta, jauzia ekarri omen zuen lehen eraldaketak industriaren dibertsifikazioan, nazioartekotasunean, kalitatean eta berrikuntza teknologikoan oinarritutako kultura ekonomiko berri batera. Bigarren eraldaketa nagusiak produktibitate altuko hazkunde eredu intentsiboa eraikitzea planteatzen zuen. Marraztutako trantsizioa honakoa zen: ekoizten duen enpresaren estadiotik, ikasten duen enpresaren estadiora, “ikasten ikasten” duen enpresaren hirugarren estadiora, eta, azkenik, ingurunearekin batera sistema konplexu gisa eboluzionatzen duen enpresaren estadiora.

Gakoa omen zen produktibitate iturri berriak txertatzea, enpresen arteko lan banaketa berri baten bidez (balio katea eta nazioartekotzea birdefinitzea) eta enpresen barruan eredu taylorista gaindituko zuten berrantolaketen bidez, ahaztu gabe, prestakuntza handiagoa, kalitatea eta bezeroaren gogobetetasuna bultzatzea.

Horrek guztiak eskatzen zuen elektronika, informatika eta digitalizazioaren iraultza berrira garaiz heltzea, eta nanoteknologian eta biozientzietan egosten ari den hurrengo iraultzarako prestatzea. Ez zuen ahazten energia berriztagarrietan oinarritutako eredurako aldaketaren beharra, ez eta klima aldaketaren erronka. Are gehiago, garai haietan esaten zen koherentzia erakutsi behar zuela beste esparruekin: fiskalitatea eta politika publikoak, dirua eta kreditua, lehia eredua eta lanaren eta enpresaren mundua. Horrela, presio fiskala berreskuratzearen alde egiten zen, errentaren eta kapitalaren gaineko zerga pertsonalen bidez, iragan hurbilean atzerakada handia jasan zutela argudiatuta.

Bestalde, kritikatu egiten zen lan merkatuaren dualtasuna, bateraezina delako produktibitate handiko hazkunde intentsiboko eredu baten eskakizunekin, eta partaidetza –eta arrisku– eredu partekatuen alde egiten zen soldata eta produktibitatearen arteko lotura zaintzeko modurik onena zela iritzita. Azkenik, proposatzaileen aburuz, bigarren eraldaketa ekonomiko horri ezin zitzaion ekin autogobernu kuota handiagoak dituen esparru juridiko-politiko berri bat eskuratzen ez bazen.

Hamalau urte ez da denbora luzea, baina bai nahikoa begiztatzeko ea norabide egokian doan eraldaketa hori. Ez da, ordea, edozein denbora tarte, hain justu errezesio handia bete betean jo duen garaia. Uste denaren aurka, Hego Euskal Herriak ez du oraindik berreskuratu 2008ko barne produktu gordinaren maila.
Hamalau urte galdu dira, ahaztu gabe 2020 makur datorrela. Hortaz, ez litzateke bidezkoa izango modu abstraktuan ebaluatzea atzeraldi honen usainik ere antzematen ez zen unean botatako proposamena.

Egin daiteke ordea, alderaketa, modu erlatiboan, krisi bera bizi izan duten Europako beste 263 erregioekin. Ariketa horretan, emaitzak ez dira txukunak. I+G+b arloari dagokionez, ikusten da geldituta dagoela ahalegin berritzailea. I+G arloko gastuaren ehunekoak beheranzko joera erakusten du 2012. urteaz geroztik. Europan dugun posizioa okertu egin da. 2007. eta 2013. urteen artean, EAE 54. postutik 59. postura igaro da, eta Nafarroa Garaia, 56. postutik 72. postura. Izan ere, EAEk BPGren %2,24ko maximoa izan zuen 2012an, %1,80koa 2016an, eta Nafarroako Foru Komunitateak %2,13ko maximoa 2009an, eta %1,62koa 2015ean. Bilakaera hori ezin zaie egotzi krisiak eragindako murrizketei; izan ere, Europan 77 erregiok soilik murriztu dute inbertsio hori, eta 103k, handitu. Gainera, I+Gko gastua gehien murriztu duten erregioen artean gaude: 2013-2015 aldian, 15. postuan dago EAE 77 horien artean, eta, ondoren, Nafarroa Garaia. Narriadura hori islatua geratu da aldiro argitaratzen den “Regional Innovation Scoreboard” txostenean, berritzaile moderatuen taldean sartzen baita Hego Euskal Herria: 133. posizioan EAE eta 146. lekuan Nafarroa. Duela 15 urte, berritzaile sendoen taldean kokatzen ziren.

Bestalde, Industria 4.0-ko teknologien ezarpena neurtzen duten ikerketa gutxi daude; haien artean, aipatzekoak dira “Basque digital transformation in the global economy: industry 4.0 and backshoring reconfiguration of global value chains” txosteneko hainbat datu. EAEko enpresen artean egindako inkesta baten arabera, soilik informatikari eta Interneti loturiko oinarrizko teknologiak dute hedapen esanguratsua: enpresen %55-47k zibersegurtasuna, gizarte sareak, hodeia eta telefonia zerbitzuak erabiltzen dituzte. Makineria automatizatua, gauzen Internet eta M2M sistema enpresen %45-36k erabiltzen du.

Aitzitik, Industria 4.0-ko teknologiarik sofistikatuenak, hala nola Big Data, gehikuntzako fabrikazioa, simulazioa eta robotika, enpresen %29-21etan sartu dira, eta adimen artifiziala, errealitate areagotua, zibersistema fisikoak eta biki digitala, enpresen %15-8tan soilik. Berrikuntza ahalegina ahuldu da eta iraultza teknologiko berriko baliabideen erabilera apala da.

Emaitzak kaxkarrak dira bigarren eraldaketa nagusiaren bi euskarrietan. Are kaxkarragoak, erreparatzen badiegu zenbait alorri: lan merkatuaren dualtasuna amaitzea, progresibotasun fiskala eta esparru juridiko-politiko berria. Estatuko gainerako erkidegoekin konparatzeak dakarren autokonplazentziak eta anbizio faltak ez gaitu urrun eramango, atzera ez bada.

Search