Gontzal Mendibil
Abeslaria

Bizitza sei letratan

Otxandioko jakintsu edo aztiari askok eta askok Sokrates ere deitu izan diogu,  filosofo gutxi izango da munduan gizakion bizitza 6 letratan laburtzeko gai denik. Bittor Kapanagak horrela laburtu zuen: «iz, in, il. Iz: izatea, In: egitea, Il: hiltzea». Hizkuntza ibilian dabilen harria da, darabilguna eta garabiltzana

Hiru urte datoz Bittor Kapanaga, Otxandioko jakintsua joan zitzaigunetik, eta hainbat euskaltzale, hizkuntzalari, euskaltzain, eta beren ezagun eta adiskide elkartu izan gara urte hauetan bere ondarea zabaldu asmoz. Bittor hil ostean, orain eta geroan oso interesgarri suertatu dakizkigukeen 10 karpeta bete idazki laga zizkigun: saiakerak, gutunak, hizkuntza arloko lanak, olerkiak, ipuinak, eta abar, eta horiek egokitzea eta argitaratzea izango da ekimenaren helburu nagusia.

Berak esandakoaz baliatuko naiz. Kapanagaren ustez, oraina etorkizunari begira garatzeko, iragana ikuskatzea derrigorrezkoa zen. Eta unean uneko gaietan iragana izango zuen aztergai. «Asmakizun orok beti erroetara joan beharra du», zioen. Kanpotik, azal hutsean bizi garen garai hauetan, Bittor oinarriak aztertzen zebilen. «Hizkuntza bakoitzak bere mezua darama barnean eta euskerak gauza askoren mezuak ekartzen dizkigu, euren artean pentsaerari eta erlijioari buruz. Noraino erabiltzen ote ditugu hizkuntzak eramaten dizkigun bideak? Noraino erabili ahal ditugu?».

Bittorrek logika erabiltzen zuen ardatz gisa eta galdera zuzenentzako erantzun zehatzak zeuzkan. «Ohitura txar asko dagoela uste dut eta hauen artean esan beharra dut irendu egiten gaituela gaurko sistemak», «pasatzen da, beste hizkuntza zaharren artean oso modernoa dan latinak, asmatu behar eta… asmatu zuten hau, hemendik datorrela eta kitto. Behin diskutitu ere egin nuen eta esan nuen… Cómo sois capaces de decir que la nieta ha parido a la abuela».

Badira dana euskaratik datorrela esaten dutenak ere. Apologetak. Gaurko euskeratik hartu eta hala, peninsulan zehar agertzen dan oro euskeratik datorrela diotenak. Halako astakeriak ere esaten dira. Purismo kastrante bihurtu zaigunak ere ikaragarrizko mina egin digu» «(barrezka) Gaurko sisteman, esplikaziorik onena zera liteke: meteoro baten ondorioa dela euskera, eta arkakuxoak eta perretxikoak bezalaxe sortu zela».

»Hor, bien artean ibili beharra dago. Ezin daiteke guk asmatuta esan, ezta ezin daiteke beste batzuek asmatutakoa egiatzat dauden gezurrak ontzat hartu. Gauzak berrikusteko eta egiatzat dauden gezur sakratuak gezurtzat salatzeko edo gezurtzat dauden egia gordinak egiztatzeko materia daukagu».

Aipamen interesgarriren jabe dugu Bittor. «Bakoitzaren sentimendu erlijiosoak  errespetatzen ditut», zioen, «danenak, baina zientifikoki gauza bat ikusi behar denean, uste dut zientzia hartu behar dela bidetzat eta ez sineskerak edo eritziak. Gauzak sinestea oso polita da baina barruak onartu behar du».

«Euskerak erakusten digu erlijioaren karga oraintxearte bizi izan dala. Nik uste dut euskal erilijioa jatorriz naturalezaren inguruan datorkigula, elukubrazioak egin barik, logika hutsez aztertu behar da. Hizkuntari dagokionez, ohiturari dagokionez, guztietan logika erabili behar da [...] Erlijio guztiak mezu bat darama bere herriarendako. Eta gu, nondik gatoz? Hor dago gakoa!».

Oraintsuko elkarrizketa batean, gaur egungo Frantzisko aita santuari bere burua iraultzailetzat hartzen ote duen galdetu zioten, eta honako hauek beronen erantzunak: «Benetako iraultza erroetara joatea da eta gaurko globalizazioaren aurrean, nortasun kulturalaren garrantzia azpimarratu beharra dugu. Aldaketa nabarmenak egiteko modurik egokienak sakoneko identitatetik datoz, bizitzan ezin da urrats bat bera ere egin atzetik ez bada, nondik natorren, zein abizen daukadan, zein abizen kultural edota erlijioso jakin gabe».

Hil aurreko hilabetean itaundu nion,
–Zer Bittor, burutuko dogu ala?
*Burutzen ari gara.
Eta handik lasterrera
–Non gagoz Bittor?
*Hemen gagoz... «sopas en la mano y hablando castellano».
–Nora goaz Bittor?
*Bagenki! inteligentzia pazientziaren ama da, eta hain dago gitxi.
Zentzua aldatu beharra dago.
–Non gagozan ez konturatzea… grabea da benetan zer nahi dogun ez jakitea, grabeagoa da.
–Nork, Noiz eta Zelan aldatu daikegu hau?
*Nork? –Geuk.
*Noiz? –Momentu guztiak dira aprobetxagarriak.
*Zelan? –Burua hotz eta hankak ibilian.
Nor gara Bittor? –Izandako belaunaldi baten irlatxo bat, haien ondorengoen arlo bat.
Zer dugu? –Adar eta mezu ugari dituen erroa. Balio unibertsaleko fenomeno bat. Erro horien mezuak aztertzea eta interpretatzea dagokigu. Nahiz eta irentasun asko dagoen.

Gure galderei erantzun zehatzak botatzen zizkien Bittorrek. Aspaldi bateko pentsaeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Carlos Castañeda antropologoak hain ondo deskribatutako Juan amerikar yaqui indiarraren antzeko azti pentsalaria zen guretzat Bittor. Euskararen erraietan eta izatasunean murgildu zena eta hitzen esanahiak maisutasunez irakatsi zizkiguna. Bittorren ustetan, gizarte patriarkaletik matriarkalera pasatako arrastoetan ari gara. ARetik URerako joanean. «AR (Arra). UR(emea). Aldaketa honen sakontasuna neurtzeko denbora beharko da eta bildurra ere eman diezaguke», zioen.  

«Hitz askok arrastre bat izan zuten matriarkadutik patriarkadura?». Bittorren iritziz, hitzen morfologiaren azterketak erantzun asko eta asko eman diezazkiguke. Euskaran, ahoz aho jasotako hizkuntza izanik, agertutako idatzietatik harago joan beharra dago, hitzen erroak aztertzera, eta, bestetik, euskaraz idatzitako lehen testuak apaizen eskuetatik datozkigula eta, honek iritzi edo norabide zuzen bat izan zezakeenez, bere mugak izan ditzake.

«Biblia bera, noizbait idatzi zan, gure txikitan Jainkoak idatzi zuela esaten ziguten. Hebreotarren historia dela? Gehiena bai baina. Genesia suposatzen da nunbaitetik hartua zutela. Caldeo, Sumerioak… Hartu dezagun bibliak dinoena, baina orduan Biblia bera aztertu beharko genuke. Genesian agertzen da Noe, eta haren semeak, Sem, Can eta Jafet… Eta Semen semeak: Arfaxat, Lud, Aram...».

Eta Ur eguzkiari emandako izena ere izan zitekeela eta Urte (eguzkiaren ziklo bat).  Urartioen inperioa hedatuz joan zela, eta Eguk denen gainetik zegoen Jainko zentzua  zuela argitzen zigun, halaxe, orduak eta orduak pasa zitzakeen Bittorrek guzti hau aztertu nahian.

Otxandioko jakintsu edo aztiari askok eta askok Sokrates ere deitu izan diogu, filosofo gutxi izango da munduan gizakion bizitza 6 letratan laburtzeko gai denik. Bittor Kapanagak horrela laburtu zuen:

«iz, in, il. Iz: izatea, In: egitea, Il: hiltzea». Hizkuntza ibilian dabilen harria da, darabilguna eta garabiltzana.

(*) Bittor Kapanaga hil zeneko III. urteurrenean, haren figura eta obra gogoan, datorren zapatuan, uztailak 12, bere izenaz eta esanaz baliatu izan garen bertsolari eta kantariok, bertsoaldi eta kantaldi ederra eskainiko dugu Otxandion.

Search