Sofía Marroquín
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko presidentea

Bizitzak aldatzen dituzten konpromisoak

Munduko garapen-erronketara hurbiltzen eta pobretutako herrialdeekin hitz egiten lagundu digu gugandik gertuen dauden erakundeek bultzatutako lankidetzak, gure ehun ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren berezitasunetatik eta ahalmenetatik abiatuta.

Orain dela hiru hamarkada urrats garrantzitsua egin genuen Euskadin. Gure mugetatik milaka kilometrora gertatzen zena kontuan hartzeko konpromisoa hartu genuen, besteen saminak axolagabe utz ez gintzan.

Garai hartan, ernatzen ari ziren elkartasun-adierazpenen eta gizartearen eskaeraren ondorioz, euskal erakunde publikoak garapen-lankidetzarako aurrekontuak bideratzen hasi ziren eta, gure esparruan eta gure baliabideekin, pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokari ekin zitzaion garapenerako GKEek esku hartzen genuen lurralde pobretuetan. Horrela, gaur egungo Euskadiren oinarriak jartzen joan ziren: XXI. mendeko gizarte ireki bat, plurala, askotarikoa, globala, eta bere egiten duena pertsona guztiei giza eskubideak bermatzeko konpromisoa.

Poliki-poliki, erakunde horiek, garapenerako GKEekin batera, beren lankidetza-politikak eraikitzen joan ziren, nortasun eta izaera propioarekin, baina helburu bateratu batekin: urruneko lurraldeetan milaka pertsonak bizitza duina izan dezaten laguntzea eta, hala, horien oinarrizko eskubideak bermatzea.

Hori gutxi ez, eta 2007an Eusko Legebiltzarrean Garapenerako Lankidetzari buruzko Legea onartu zen; bertan, euskal erakundeetako guztizko aurrekontuen %7 lankidetzara bideratzeko erronka ezartzen zen. Nahiz eta ez-betetzeak sistematikoak izan diren eta krisi-garaian aurrekontu-murrizketak egin diren, euskal lankidetza-politikak erreferente izan dira Estatuan.

Bide horretan, Euskadik –garapenerako GKEen bidez– bizitza aldatzen lagundu dio milaka pertsonari; izan ere, euroak eta aurrekontuak baino gehiago da lankidetza. Oinarrizko eskubideak bermatzen laguntzen du, hala nola hezkuntza, osasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ura eta saneamendua eskuragarri izatea, gosearen aurkako borroka…

Baina Euskadiko herritarrok ikasi ere asko ikasi dugu lan egiten dugun herrialde pobretuetatik, eta horrek geuri ere eraldatzen lagundu digu. Orain badakigu gure ingurunean gertatzen dena urruti dauden beste leku batzuekin lotuta dagoela; badakigu, halaber, zenbait pertsona oparotasunean eta gehiegirekin bizitzeko, beste batzuk gabezian edo pobrezian bizi direla eta horren ondorioak pairatu behar dituztela; argi dugu gure gizartea ezin dela aldatu, baldin eta emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berak ez badituzte; pertsona ilegalik ez dagoela ere ikasi dugu, eta, izatekotan, pobrezia eta desberdintasunak eragiten dituzten kausak direla ilegalak…

Azken finean, munduko garapen-erronketara hurbiltzen eta pobretutako herrialdeekin hitz egiten lagundu digu gugandik gertuen dauden erakundeek bultzatutako lankidetzak, gure ehun ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren berezitasunetatik eta ahalmenetatik abiatuta.

Eta munduko desoreka eta desadostasunak berez sortzen ez direnez, munduko biztanle gehienen garapena oztopatzen duten kausak salatu behar ditugu. Uste dugu beste gizarte-eredu baterantz aurrera egin dezakegula; eredu horretan pertsonek, banaka eta kolektiboetan, elkarri begiratuko eta entzungo diote, arazoak partekatuko dituzte eta elkarri lagunduko diote arazo horiek konpontzen; gainera, pertsona guztiak bat etorriko dira funtsezko printzipio batean: desberdintasunen eta bidegabekerien aurrean, ezin da axolagabetasuna onartu. Eta horretarako, gizarte-politikak lehen mailan jarri behar dira, eta horien artean lankidetza-politikak, pertsonei eta pertsonen eskubideei ematen baitiete lehentasuna.

Aurten, 2018an, Euskadiko lankidetza-politikak abian jarri zirela 30 urte bete dira, eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea –garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruan lanean diharduten 80 euskal erakundez osatuta– sortu zela ere bai. Lorpen eta aurrerapen asko erdietsi ditugu urte hauetan, baina erronka handiak ere baditugu etorkizunean. Hala, garapenerako GKEek berretsi egiten dugu lankidetzarekin dugun konpromisoa; izan ere, milaka pertsonarentzat oinarrizko beharra izateaz gain, justizia-irizpideekin bat egiten duen konpromiso etiko eta morala da, eta, horrez gain, gure gizarteak bere egin zuen orain dela hamarkada batzuk.

Search