Pello Otxandiano
Sortuko kidea

Bizitzak eta lurraldeak ehuntzeko udalgintza

Gaur, esku-hartze komunitario sendoak behar dira: narratiba komunitario eraldatzaileak sortzeko gai diren elkarlan dinamikak udalen eta gizarteko eragileen artean.

Esango genuke nahiko onartua dela badagoela sen komunitario baten arrasto sakona Euskal Herriaren historian: tradizio bat, faktore askotarikoak direla medio, mundu ikuskera berdinzale bati eutsi diona, jabetza kolektiboa garatu duena eta praxi demokratikoan saiatu dena. Modernizazioaren haizete disolbatzaileei eutsi dien gaitasun autoeratzailea erakutsi du Euskal Herriak mendeetan zehar; horren adibide dugu, urrunago joan gabe, XX. mendearen bigarren erdian garatu zen herrigintza ziklo oparoa, Edu Apodakak euskal anomalia izendatu duen hori. Bada erreferentzia sistema on bat hain beharrezkoa zaigun herri ikuspegi beregaina birsortzeko saiakeran.

Sen komunitario horren adierazpideetako bat izan daiteke zenbait momentu historikotan udalgintzak agertoki politikoan izan duen protagonismoa: Lizarrako estatutu proiektuaren prozesu eratzailean, alkateen mugimenduarekin frankismoaren hondarretan edota Udalbiltzaren sorrerarekin Lizarra-Garaziko akordioaren garaian, adibidez. Udalak euskal botere politikoaren subjektu izan dira hainbat momentutan, euskal komunitatearen borondate demokratikoa gauzatzeko ahalegina egin duten erakundeak. Eta zertan da gaur ahalegin hori? Zein testuingurutan ari gara ahalegin hori birsortu nahian?

Neoliberalismoa bizitzak eta lurraldeak suntsitzen ari da. Krisia politikoa da funtsean, gure bizitzen eta lurraldeen gaineko erabakimena hustu digutelako, gure autogobernu indibidual eta kolektiboa auzitan dagoelako inoiz ez bezala. Alta, dena ez da itolarria: badirudi Euskal Herriak bulkada berdinzaleari heldu nahi diola, gure metabolismo komunitarioa bizirik iritsi dela XXI. mende distopiko honetara. Hipotesi bat da, problematizatu beharrekoa: demokraziaren pribatizazioaren eta autoritarismoaren oldarraldiaren garai honetan euskal gizarteak berezkoa izan duen gizarte intuizio berdinzaleari eutsi nahi dio. Hori adierazten dute azken garaiko mobilizazio sozialek eta euskal geografian barrena ugaldu diren egitasmo komunitarioek.

Eraldaketa bektoreak definitzen eta indartzen ari dira Euskal Herrian. Energia sozial hau ondo interpretatzen asmatu behar da orain, eta bideak eskaintzen, euskal herrigintzan urrats eraginkorrak eman ditzagun. Zentzu horretan, badago potentzial bat udalgintzan oraindik askatu gabekoa. Izan ere, nahikoa jakintza metatu dugu dagoeneko komunitate lokalak oinarri hartuta burujabetza materialaren eraikuntzan jauzi bat emateko: pertsonen eta komunitateen ahalduntzea helburu duten prozesu herrigileak sustatuz herriz herriz, biharko Euskal Errepublikaren oinarri materialak eraikiz tokian toki.

Gure herri eta hiriak erresistentzia fronte bilakatu ditzakegu: desjabetze prozesuei jabetza kolektiboa kontrajarriz, autoritarismoaren aurrean elkartasun olatu bat altxatuz, xenofobiari bizikidetza demokratikoarekin erantzunez, gure hizkuntza eta kultura biziberrituz, trantsizio feministan bidea eginez, ingurumenaren suntsiketaren aurrean baliabide naturalak zainduz eta praktika ekonomiko iraunkorrak saiatuz, trantsizio energetikoan urratsak eginez eta abar. Ez gara hutsetik abiatzen, azken urteetan praxi dentsitate handia metatu da: Euskal Herrian eraldaketa sozialarekin lotutako esperientzia aberatsak ditugu, behetik gorako bultzadaz eraiki direnak, oinarri demokratikoetan, balio komunitarioetan eta elkarlanaren kulturan sustraitu direnak.

Zer dugu faltan? Narratiba aglutinatzaile bat, lehenik eta behin. Botere ahalmena herritarren eskura izatea aldarrikatzen dute funtsean garaiko mugimendu sozial emantzipatzaileek: askotariko burujabetza. Tokian tokiko prozesu herrigileek ainguratze bat eskain diezaiekete mugimendu emergente hauei, ideiak barreiatuko dituzten eragileak izateaz gain azpiegitura komunitarioa sortu eta aldarrikapenak instituzionalizatzeko gaituz: Euskal Errepublikaren eraikuntzaren lehen geruza, elkarlanerako espazio bat garapenaren adiera integrala ipar hartuta –ekonomikoa, ekologikoa, hizkuntzazkoa, teknologikoa, politikoa, eta abar–.

Eraikin metodologiko bat behar dugu bigarrenez, darabilgun parte-hartze paradigma eguneratzea: nola jarri elkarrekintzan udalak eta gizarte zibil antolatua? Nola bilakatu udalak eragile komunitario eraginkor? Ezaguna da gizarte konplexu eta anitzak direla gaurkoak, eta halakoxeak direla aurrez aurre ditugun gizarte erronkak ere. Bukatu da goitik beherako politika publikoen garaia, proiektuen kudeaketan oinarritzen den instituziogintzaren mugak agerikoak dira. Gaur, esku-hartze komunitario sendoak behar dira: narratiba komunitario eraldatzaileak sortzeko gai diren elkarlan dinamikak udalen eta gizarteko eragileen artean; komunitateak dauzkan behar sozialak hauteman eta lurraldearen kapital soziala aktibatzeko gai den esku-hartze komunitarioa. Horrek udalgintza molde berri bat eskatzen du: udalgintza herrigile bat.

Datozen asteetan ziklo munizipalista berri bat irekiko da Euskal Herrian. Ezkerreko independentismoaren botere munizipala eraginkortzeko garaia izango da. Bizitzak eta lurraldeak ehunduko dituen udalgintza eredu bat martxan jartzeko aukera dugu parez pare.

Search