Bizkaiak txartel bakarra behar du, kalitatezko garraio publikorantzat abiatzeko
Bizkaiak garraio publikoko sare zabala du, hiribarruko zein herri eta hiri arteko hainbat autobus-zerbitzu, metroa, tranbia eta aldirietako trenak, besteak beste. Garraio sare konplexua da, Euskal Herriko korapilatsuena. Hori dela eta, ezinbestekoa zaigu garraio publikoaren mapa koordinatu eta zerbitzuaren erabilera erraztea.
Bizkaiko mugikortasunari buruzko azken datuen adierazten dutenez, 2013an joan-etorrien ia erdia (% 48) oinez egin ziren. Ibilgailu pribatuari dagozkio, berriz, joan-etorrien % 31,5 eta % 18,2 soilik garraio publikoan. Nabarmentzekoa da oinezko joan-etorrien hazkundea, garraio publikoz egindako bidaia kopuruaren murriztearekin batera. Mugikortasunaren panoramak harreman zuzena du bizi dugun egoera sozial eta ekonomiko larriarekin eta garraio publikoaren garestitzearekin. Azken hamar urteotan %35 baino gehiago garestitu da garraio publikoaren kostua.
Bizkaiko herritarrok gure beharretara egokituko den garraio-sistema behar dugu eta, gaur egun, ez da bidaiari berriak lortzeko gai izango den zerbitzu erakargarririk eskaintzen, ezta garraio publikoa egiazko aukera interesgarria bihurtuko duenik ere. EH Bildutik oso garbi ikusten dugu Bizkaiak garraio publikoa sustatzeko beharra duela, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta garraiobideen arteko koordinazioa lortzeko.
Bizkaiak herrialdeko garraio publiko modu guztiak koordinatuko duen organoa behar du, tarifak berdindu eta garraiobide desberdinen arteko konpetentzia ekidingo duen erabakigunea. Garraio sistemaren koordinazioan aurrerapausoak emateko neurriak beharrezkoak dira eta horretarako oinarrizkoa da bidaiatzeko aukera guztien integrazioa, garraio txartel bakarraren bidez.
Momentuz, Barik txartela da Bizkaian martxan dugun ordainketa txartela, sistema garraio modu guztietan erabiltzea onartuko den euskarria. Barik ordainketa elektronikoan baino ez da oinarritu baina ez dio txartel bakarra sortzeko helburuari jarraitu. Euskarri bakarra, plastiko bakarra da soilik Bizkaiko Aldundiak proposatu duena. Aldundiak aurrerapen teknologikoei begiratzen die, bizkaitarrok garraio publikoan ditugun arazoei erreparatu ordez.
Bizkaiak justizia sozialaren ikuspegiak gidatuko duen Txartel Bakarra behar du. Garraio publikoa erabiltzaile guztien eskura jarriko duen txartela, errentaren araberako tarifa ordainduz. Garraio-operadore guztien tarifa-sistema bateratuko duen txartel bakarra da, beraz, hainbat eragile sozialek eta EH Bilduk eskatzen duguna. Gaur egun gure lurraldeko puntu batetik beste batera joateko, bidaia antzekoa edo berdina egiteko, sarritan paraleloan, Creditrans tarifarekin 40 zentimoko aldeak egon daitezke eta aldeak are handiagoak dira bidaia bakarreko txartelaren kasuan. “Bidaia bera, prezio bera”, horrek izan behar du garraio publikorako zentzuzko parametroa, garraio batzuek gainezka eta beste batzuk ia hutsik joan ez daitezen.
Bizkaiak operadore batetik besterako aldaketak zigortuko ez dituen Txartel Bakarra behar du. Alderantziz, lurraldeko puntu guztietara eta bereziki hiriburutik urrunenetara heltzeko garraiobideen uztartzea erraztu eta atsegin izan dadin lortu behar du, erabiltzaileak tarifa garestiagoak ordaintzera behartu gabe.
Bestalde, garraio publikoa gehien erabiltzen duena sarituko duen txartel bakarra behar dugu. Ibilgailu pribatuaren kontra lehiatuko bagara, pizgarriak jarri behar ditugu garraio publikoaren erabileraren alde. Orduan eta bidaia gehiago egin orduan eta deskontu handiagoa ezartzea da garraio publikoaren erabilera sustatzeko bidea.
Azkenik, Bizkaiak Euskal Herriko beste lurraldeekin lotuko gaituen txartel bakarra behar du. Gure garraio-sistema publikoa, bidezkoa eta elkartasunezkoa, euskal garraiobide guztietan joateko modukoa.
Badago Bizkaian bestelako garraio sistema antolatzeko aukera, eta txartel bakarra funtsezkoa da horretarako. Bizkaiak garraioa beste era batera berrantolatu behar du herritarron beharrei erantzuteko. Eredu justuagoa eta kalitatezko zerbitzua bermatuko duena. Izan bedi txartel bakarra gure lehen helmuga bidaia luze horretan.