Josu Amezaga
EHUko irakaslea

Bost milioi egunkari eta irratiei: ongi etorriak

Duela bi hamarkada, Euskal Herriko egunkariak ziren kontsumitzen genuen eguneroko prentsaren %82. Gaur egun %64 dira, eta beheranzko joera nabarmena da.

Eztabaidagarria izan liteke, eta eztabaidatua izan da, Eusko Jaurlaritzak EAEko egunkari eta irrati batzuei eman dien laguntza berezia; bai erabilitako prozedura, bai azken emaitza. Baina eztabaidak eztabaida, puntu positibo garrantzitsu bat du ebazpenak: Jaurlaritzak neurri bat hartu du lurraldeko komunikabide sistema indartzeko. Eta neurri hori hartzeko jendaurrean eman duen justifikazioa argia da: komunikabideak funtsezkoak dira demokrazia batean, informazio eskubidea bermatzeko. Areago, pandemiari aurre egiteko ere berebizikoa izan da bete duten funtzioa.

Argudio horietan bat egiten du, ebazpenak berak aitortzen duen bezala, Europar Batasuneko erakundeekin. Izan ere, urtebete dela kontinenteko herrialdeetako informazio medioen sistema indartzeko plana onartu zuen Europako Batzordeak. Hamarkadetan zehar kezkatuta egon da Batzordea komunikabideekin, baina nagusiki ikus-entzunezkoen arloari begiratu dio. Ipar Amerikako film eta telesailek Europan duten hegemoniak europar nortasuna higatzen dutelakoan, eta ikus-entzunezkoak nortasun partekatu hori indartzeko garrantzitsuak direlakoan, politika indartsuak garatu ditu aspalditik. Baina orain arte ez dio arretarik jarri informazioaren arloari, orain jarri dion indarrarekin.

Hainbat faktorek ekarri dituzte erakunde europarrak begirada berri honetara. Batetik, mehatxupean jarraitzen du europartasunak ikus-entzunezkoen alorrean. Bestetik, beste herrialde batzuetako kapitalak bertako komunikabide sisteman duen presentzia hazkorrak ere kolokan jartzen du Europako zein estatuetako subiranotasun informatiboa. Eta sasi-informazioa hedatzen duten euskarriek gero eta presentzia handiagoa dute gizartean, fake news bezalako fenomenoak sortuz. Horrela, bistan dira kanpo eragileen esku hartzeek zein sasi-informazioek Brexitari buruzko erreferendumean, Trump bezalako politikarien hautaketan edota muturreko eskuinaren diskurtsoaren zabalkundean eragindako ondorio politikoak.

Pandemia garaian indartu egin dira joera horiek. AEBetako Netflix eta enparauek azkartu egin dute beren hedadura. Eta sasi-informazioa covid-19aren negazionismoa indartzeko tresna izan da. Hori guztia, komunikabide tradizionalen ekonomia ahultzen zen bitartean. Europar Batasuneko Balio eta Gardentasun lehendakariorde Věra Jourovak esan berri duenez, komunikabide europarren sistema egoera oso kezkagarrian da.

Testuinguru horretan aldatu du politika Europako Batzordeak. Eta testuinguru ezaguna zaigu Euskal Herrian ere. Hemen ere mehatxu horiez hitz egin dezakegu, eta, zoritxarrez, ez dugu esaterik komunikabide sistema osasuntsua dugunik.

Informazio subiranotasunaren esparruan, egunetik egunera galtzen du indarra gure komunikabide sistema lehendik ahulak. Historikoki sendoen izan dugun arloan, prentsa idatzian, ikusgarria da galera: duela bi hamarkada, Euskal Herriko egunkariak ziren kontsumitzen genuen eguneroko prentsaren %82 (bertan ekoitzitakoez ari naiz, ez Euskal Herria aintzat hartzen dutenez). Gaur egun %64 dira, eta beheranzko joera nabarmena da. Izan ere, datua prentsaren irakurketa digitalera mugatzen badugu, %58 baino ez da bertakoa, Espainiakoa %42 den bitartean. Eta, kasu, honezkero egunkarien irakurketa digitala paperezkoen bikoitza baita; ordezkapen prozesu betean gaudela agerikoa da.

Prentsa zen gure indargunea euskal komunikabide sisteman, irratian eta telebistan beti ahulak izan garelako. Eta azken horietan ere gero eta ahulagoak gara. Esan dezakegu, beraz, gure komunikabide sistema urtzen ari dela. Eta hori urtzen bada, zer herri izango gara hemendik oso hamarkada gutxira?

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak euskal gizarteak kalitatezko informazioa eta hedabide sendoak izan ditzan urrats hau eman izana modu positiboan baloratu beharra dago, esan bezala, eztabaidak eztabaida. Orain galdera da ea neurri puntuala izan ote den ala Europako Batzordearen politika berriari jarraituz hemen ere garatuko den euskal komunikazio sistema propioa sendotzeko politikarik.

Hala balitz (eta hala beharko luke herri honek), zenbait gai aztertu beharko lirateke politika hori egitean. Besteak beste, nola bermatu aniztasuna (gaur egun prentsan monopoliotik hurbil dagoen egoera dugu), nola lotu komunikazio politika eta hizkuntza politika eta zein leku behar duen euskarak sistema propioan, nola ehundu harremanak euskal lurralde guztietako komunikazio sistemen artean, nola sakondu populazioaren alfabetatze mediatikoa (Unescoren ildotik), eta beste zenbait.

Search