Aitor Irigoien
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza

Botswanan ez dute erregerik

Duela hilabete batzuk arte, inor gutxik izango zuen Botswanaren berri. Bat-batean, aitzitik, zoriak eragindako gertaera bat aski izan da Afrikako herrialdea denon ahotan jartzeko. Ez hango errealitateak ardura piztu digulako, Espainiako erregeak han izandako istripuagatik, eta honen testuinguruagatik, baizik. Zer egiten zuen Juan Carlosek Afrikan elefanteak ehizatzen? Zein zen bere xedea? Errege funtzioak betetzen ari al zen?

Hasteko, Lehen Mundu deituriko hainbat herrialdek oraindik duten jarrera kolonialistaren adibide iruditu zait gertaera, Afrika gizarte garatuotan egin ezin den ororen destino bilakatu dugun heinean: desagertzeko arriskuan diren animaliak lasai hiltzeko oihana,  hemengo hondakin arriskutsuen zabortegi erraldoia, edota gurean kontsumitu ezin diren baliabideak (berundun gasolina kasu) esportatzeko negozio-gunea. Deskolonizazio prozesuak aipatzen dizkigute sistemako historia liburuek, baina egun, kolonia ohietako lurrak, baliabideak zein benetako boterea lehengo esku berberetan kontzentratuta daude.
Erregearen istriputik gehien harritu nauena, alabaina, jendearen (inoiz ez bezalako) erreakzioa izan da. Monarkak halako zerbait egiten duen lehen aldia zela zirudien… Zer beste egin du, baina, 1975ean errege izendatua izan zenetik? Bidaiak, bela trabesiak, luxuzko festak, nazioarteko goi bileretan hainbat barregarri geratze… Eta, ororen gainetik, bere ondare pribatua etengabe areagotu. Non dago horren guztiaren zentzua, arrazoia?
Jatorria aurkitzeko 1975 baino atzerago joan behar da, 1936ra gutxienez. Urte hartan, herriak demokratikoki hautatutako gobernuaren aurka egindako altxamendu armatura. Eskuin indarrek, militarrek eta Eliza Katolikoko goi esferek sustatutako eta Francok gidatutako estatu kolpera. Azken horrek izendatu baitzuen, ondoren, Juan Carlos bere ordezko. Ordutik, estatua ez da gai izan iraganarekin eteteko, irudia eta hitzak soilik aldatu dira. Funtsezkoak berdin jarraitzen du: ongi baino hobeto lotuta.
Erregearen azken hanka sartzeak, ordea, hautsak harrotu ditu. Eta horretan, estatua murgildua den krisi ekonomiko larriak zuzeneko eragina izan duela uste dut. INE-k argitara emandako 2012ko lehen hiruhilekoko datuak zinez beldurgarriak baitira: estatuko langabezia tasa %24,44koa da (orotara 5.639.900 langabe), eta gazteen langabezia tasa %52koa.
Haatik, etorkizun hurbilak ez dirudi hobea. EBren aurreikuspenen arabera, 2015ean langabezia tasa egungo mailan egongo da, eta krisia gutxienez 2018raino arte luzatuko da. Hainbat adituren hitzetan, atzeraldi ekonomikoa ez da orain artekoak bezala V formakoa izango, L formakoa baizik. Hots, ez dirudi lehengora itzuliko garenik; okerrera ez egitearekin nahiko lan izango dugu. Hori horrela, zer gertatuko da estatuko ia 6 milioi langaberi prestazioak, laguntzak amaitzean? Hipotekak ezin ordainduta etxebizitza galduko dutenak ugaritzean? Noiz arte iraungo du“bake sozialak”?
Izan ere, orain arteko neurriek herritar arruntei eragin diete. Politikarien soldatek, gastu militarrak edota monarkiak ukiezinak dirudite. Aurrez esanguratsuak ziren gizarte diferentziak are eta handiagoak bilakatu dira. Erdi klase deituriko asmakuntza lurrundu egin da. Herritar asko, goizetik gauera, inoiz pentsatu gabeko egoeran aurkitu dira: lanik gabe, janaria erosteko zailtasunekin…
Espainiako estatuaren bideragarritasun ekonomikoa eta etorkizuna inoiz baino ahulago antzeman daitezke. Egoerak ez ezik, estatuak, kapitalaren lobby-ei men eginez, hartutako erreformek kezka sortzen dute: langileen eskubideak alboratu eta ustiapena baimentzen duen Lan Erreforma; oinarrizko sektoreetan (osasuna, hezkuntza) aplikaturiko murrizketak; BEZa kasu, progresibitatea aplika ezin dakiekeen zergen igoerak… Bitartean, diru publikotik milioiak bideratzen zaizkie bankuei; fraudea burutu dutenei “amnistia fiskala” eskaini nahi zaie; errenta altuenen ondarea zein nazioarteko transferentzia finantzarioak zergapetzeari uko egiten zaio…
Politika fiskala aldatzea ezinbestekoa da, enpresek eta errenta altuek ere dagozkien zergak osorik ordaindu ditzaten. Hainbat ikerketen arabera, mozkinen %10 soilik aitortzen baitute, gainontzeko %90a, banketxeen laguntzaz, paradisu fiskaletara bideratuz. Enpresari, banketxe eta klase politikoaren arteko aliantzaren jokoa da. Merkatu ekonomiarena. Kaltetuak izan ez garen bitartean, gurtu dugun sistemarena.
Amaitzeko, Botswanara itzuliz, hainbat datu interesgarriak iruditu zaizkit. 1855-1966 artean protektoratu britainiarra izan ostean, 1966an independentzia eskuratu zuen, munduko estatu txiroenetarikoa zela. Ordutik, garapen ekonomikoan, hezkuntzan zein osasunean urrats garrantzitsuak egin ditu. Estatu kolperik izan ez duen Afrikako herrialde bakarra bada. Eta, Espainiako estatuak, 2011n, monarkia mantentzeko 59.284.890 € (segurtasuna, zaintza, eta garraioak kontuan izan gabe) gastatu zituen bitartean, Botswanako herritarrek ez zuten arlo horretan zentimorik gastatu... Botswana Errepublika baita.
Zer pentsatua eman beharko ligukeen datua da.

Search