Elorri Arcocha Mendinueta
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea

Che, emakumeak eta Kubako iraultza

Nik neuk ez dut ulertzen nola esan daitekeen Kubako iraultzan neskak lan mota batzuk egitera baztertuak izan zirela

Galdera batzuei erantzuna emateko neure hausnarketak abiapuntu hartu ditut artikulu labur hau idazteko.

Nik neuk ez dut ulertzen nola esan daitekeen Kubako iraultzan neskak lan mota batzuk egitera baztertuak izan zirela. Gerrako testuinguruan «baztertu» hitza egokitzat emanda ere, galdera hori soilik azaltzean emakumeek borrokan izandako rola gutxiesten dugu. “Partisanas” liburuan Ingrid Stroblek azpimarratu zuen herstory (emakumearen historia) idazteko faxismo eta nazionalsozialismoaren aurkako borrokan emakumezkoen rola feminismotik egin diren ahaleginei esker gutxika zabaltzen ari dela. Historialari eta idazle berak oroitarazten digu “lan baztertu” horiek gogor zigortzen zituztela naziek: «El  adversario no hacía ninguna distinción entre el funcionario dirigente y la simple chica para todo».

Kubara itzuliz, Celia Hartek, Haydee Santamaria Cuadradoren alabak, “Haydee del Moncada a Casa” liburuaren hitzaurrean, bere amari buruz idatzi zuen: «Desde que planchaba con sus manos excesivamente femeninas los uniformes de los combatientes ella ya estaría en esta Historia». Eta egon zen, eta dago. Zeren arropak lisatzen ez ezik, eta gogaideen zauriak sendatzen ez ezik, Haydee, beste emakume kubatar ugari bezala (Melba Hernandez, Celia Sanchez, Vilma Espin…), iraultzaren lehen lerroetan egon zen. Horren adibide nabarmenena dugu Mariana Grajales pelotoian, 26 de julio mugimendua osatzen zuen emakumezkoen pelotoian, hain zuzen. Haydee izan zen, era berean, mugimendu horren sortzaileetako bat.

Galdera bat egitekotan, galdetuko nuke zergatik gehienetan gerran emakumeek gizonek baino eginkizun gehiago hartu behar izan dituzten beren gain: erizain, mezulari, garbitzaile, mekanografo… eta soldadu. Akaso, horietatik batek besteak baino garrantzi handiagoa du? Ez dut uste. Susmoa dut, halere, gai honen muina emakumeek gerra bukatu ostean jasan behar izan dituzten egoerak aztertzean dagoela. “Gerrak ez du emakume aurpegirik” Svetlana Aleksievitx idazle eta kazetariaren liburuan gordin-gordin azaltzen dira Armada Gorrian izan ziren emakumezkoen bizipenak etxera itzuli ondoren. Baina zentzu horretan Kubako esperientzia ezberdina izan zen. Nire ikuspegitik aztertuta, kulturalki gizarte matxista izan arren, iraultzak emakumeari berezko lekua eman dio gizartean.

Irlako fenomenoa, nolanahi ere, deigarria da. Emakumeen balioa erakundetu egin zen hasieratik, eta gaur egun arlo guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ordezkaritza-sistema proportzionala da. Ageri da, halere, feminismoak ohiko sexismo deitzen duena, baita paternalismoa ere, oso errotuta daudela gizarte kubatarrean. Agian horregatik Chek ez zion Haydeeri berarekin Boliviara joaten utzi, eta agian horregatik Fidelek ere Kuban gelditzeko eskatu zion. Argentinarraren erailketaren berri izan ondoren, Haydeek bere alabari hau aitortu zion: «Fue un machista imperdonable, me juró que me llevaría a América a hacer la revolución, y acá me ha dejado». Haydee Kuban gelditu zen, garrantzitsua zelako eraiki nahi zuten proiektu berri horrentzat. Batzuek esan dezakete emakumea izateagatik beldurrez babestu zutela; eta agian, arrazoia dute, duela ia 70 urte baino gehiagoko testuingurua egungo ikuspuntutik aztertzen badugu. Baina Historia horrela aztertuta hutsaltzen da; eta hutsaldu ere hutsaltzen da oinarri dokumentalik gabeko galdera erretoriko eta aieruekin. Gerran matxismoa intrintsekoa bada ere, Ejercito Rebelden edozein pertsonaren aurkako erasoak lazki punitzen ziren, eta gradu militarrei dagokienez berriketa gutxirekin ibiltzen ziren.

Egia da; Historia ofizialak ahaztu egin gaitu, gizonek historia idaztean emakumeok ahaztu gaituzte, batez ere gerraren historia kontatu behar denean. «Apenas hay información sobre ellas [emakume partisanoak], porque casi ningún historiador –masculino– podía siquiera imaginar que hubiesen existido», idatzi zuen Ingrid Stroblek. Horregatik borroka egiten dugu, emakumeari berezko lekua emateko Historian, eta beharrezkoa bada sortuko ditugu mitoak emakume itxurarekin, gizonekin egin den antzera. Kuban, zorionez, aspalditik ezagutzen dituzte eredu diren emakumeak. Irlatik kanpo idazten den historiak, zorigaitzez, ez die irlako mugak gurutzatzeko aukera eman eta ikertu beharra dago beren bizitzak ezagutzeko; batzuek fusila hartu zuten gerrara joateko, Chek egin zuen bezala Kongora eta Boliviara joan zenean, eta beste batzuk etxean gelditu ziren, baina guztiak dira eredu.

Search