Koldo Almandoz
GAUR8

«Crowdfunding»-a

Garai batean zozketak izaten ziren diru bilketa egiteko modurik eraginkorrena. Diru bilketa txikiez ari naiz. Kurtso amaierako bidaia egiteko, auzoko nesken eskubaloi taldeari laguntzeko, mendi taldearen egoitza zaharberritzeko... Makina bat zozketa txartel saltzen genituen gure mukizu garaietan. Jakina da zozketa horiek guraso, bizilagun eta ezagunei pasatzen genizkien “iraultza zerga” modukoak izaten zirela.

Dirua biltzeko modu ezberdin eta anitzak asmatu izan dira. Elkarrik atera zuen Ikusi Makusi loteria berezi hartaz akordatzen naizen bakoitzean irribarrea ateratzen zait. Ongi pentsatuta, eta Elkarriko jendea zein ongi kolokatu den ikusita, haiek dira ezpainetan irribarrea tatuaturik daramatenak. Beno, kontua da, Euskal Herrian beti izan dugula trebezia berezia diru bilketarako. Eskuzabalak gara. Ez dago ukatzerik. Ez naiz gure buruari loreak botatzearen aldekoa, zilborrari gehiegi begiratzen dion herria gara, baina ukaezina da elkartasunerako, auzolanerako eta laguntzarako joera dugula.

Kontua da, diru bilketara hain ohitua den eta dirua biltzeko hainbesteko zaletasuna duen herri honetan, crowdfunding-aren agerpenak sekulako eragina izan duela. Gero eta proiektu gehiago finantzatzen saiatzen gara dirua biltzeko sistema digital honen bidez. Gobernuz kanpoko erakunde ugarik eskatzen du finantzaketa behin eta berriro, eta dozenaka herri ekimen, gizarte talde, ikerketa eta kultur eragilek bertan topatu du finantzaketa modua. Diru kopuru txikiekin, hainbat proiektu eta ekimenek, ohiko finantzaketa bideetatik lortzerik ez dutena lortu dute crowdfundig-aren bidez. Komertzialak ez diren edota askatasuna beharrezkoa duten proiektuek gisa honetako diru bilketekin bermatzen dute aurrera eramaten dituzten proiektuak independenteak izatea. Diru publikotik edo politikarien esku sartzetik libre.

Baina bazterrekoak eta independenteak ziren proiektuak finantzatzeko jaio zen sistema honen arrakastak, bere galbidea ere ekar dezake. Batetik, gehiegi dira egun finantzaketa eskatzen duten proiektuak. Nik ez diet jada apenas kasurik egiten iristen zaizkidan eskariei. Azkenean ez dakizu zeinek merezi duen eta zeinek ez, eta lan gehiegi ere eskatzen du banan-banan guztiak aztertzen hasteak. Saturazio efektua gertatzen hasi da. Bestetik, eskatzaileen nortasuna bera dago. Innobasquek ikerketak egiteko, hainbat zinemaldik edo mendi espediziok aurrera egiteko... guztiek eskatzen dute dirua crowdfunding bidez. Hau da, ohiko iturrietatik jasotzeaz gain (diru publikoa, babesleak, publizitatea...), diru bilketa digital sistema ezberdinetara jotzen dute askok finantzaketa bila. Eta bai, bakoitzak nahi duen proiektuetan jartzen du dirua eta edonork dauka aukera dirua eskatzeko. Baina, nire ustez, eskatzen duenak ere badu ardura etiko bat. Zer esatea nahi duzue, nik ez nioke inori bere espedizio-oporraldia ordainduko, edo ez nuke dirurik jarriko Manu Chaok edo Kepa Junkerak disko bat egin dezaten (beno iruditzen zait azken honek jada eskuratu zuela “crowdfunding” puska ederra), edo ez nuke dirurik jarriko Alex de la Iglesiaren film bat finantzatzeko. Adibideak dira soilik eta ez ezinikusi kontua. Iruditzen zait badirela muga batzuk crowdfunding-aren kontu honetan, eta muga horiek gurutzatzen hasiak dira hainbat pertsona, proiektu eta erakunde.

Garai batean, estatuek gobernuz kanpoko erakundeak baliatu zituzten beraiek egin behar zuten lan soziala egiteko, edota aldi baterako laneko enpresen esku utzi zuten lanaren gestioa. Ez al da egun gauza bera gertatzen ari besteak beste kulturarekin? Kultura, erakunde pribatuen babesaren eta jendearen eskuzabaltasunaren esku uzten ari dira. Eta erakunde pribatuek eta bankuetako gizarte ekintzek badakigu zein proiektu mota babesten dituzten (orain artean, legeak derrigortuta; orain, krisialdiaren aitzakian, ezta hori ere). Are gehiago, diru bilketa hauetako askoren kontu korronteak negozio dira haientzat. Eta jendearen eskuzabaltasunari dagokionez, beti itsasoko kala berean arrantzan aritzeak arrainen desagerpena dakar.

Search