Dena alperrik bada
Orduan zer? Ekainaren 17an bozkatuko da Auzo Udala Debako Udalean eta onartuko ez balitz, Itziarren ez da beste galderarik izango.
Nola iritsi gara baina honaino:
• Itziarri eskatu zaio: segregazio asmoak albo batera uztea. Eta Itziarrek kunplitu du.
• Itziarri eskatu zaio: kontsentsu politiko zabala bilatzea. Eta Itziarrek kunplitu du.
• Itziarri eskatu zaio: legearen eta arauen barnean aritzea. Eta Itziarrek kunplitu du.
• Itziarri eskatu zaio: Debaren bideragarritasuna bermatzea. Eta Itziarrek kunplitu du.
• Itziarri eskatu zaio: parte hartze zabaleko herri galdeketa egitea. Eta Itziarrek kunplitu du.
• Itziarri eskatu zaio: herri galdeketan Auzo Udalak babes zabala izatea. Eta Itziarrek kunplitu du.
Hori guztiori gutxi balitz, itziartarren %95ak Auzo Udalaren alde bozkatu du maiatzaren 25eko galdeketan.
Aitortza administratiboaren izenean, Itziarrek eskatu zaion guztia kunplitu du. Pausoz pauso, bata bestearen atzetik baldintza guztiak bete ditu. Eta orain? Zer demontre gertatzen da aitortza hori ematen ez bada? Inolako aitortza administratiborik gabe jarraituko dugula, autonomiarik gabe; ez bagina bezala, luzaroan.
Auzo Udalaren proiektuak Debako Udalaren gehiengoa alde duen arren (Ezker Abertzalea, Aralar eta Itziar Herria Sortzen) legeak bi herenen babesa eskatzen dio, eta bi bozka falta dira horretarako. EAJ, EA edo Ezker Anitzako zinegotziek alde bozkatu beharko lukete.
Dagoeneko amorrazioa nagusitzen ari da Itziarren. Dena alperrik bazen, zergatik eskatu zaizkigu horiek guztiak itziartarroi? Engainatuak sentitzen gara, adar jotzea izan da hau guztia. Itxaropen faltsuak emanaz alperrik zorabiatu gaituzte.
Dena alperrik bada, Itziarri jarri zitzaizkion baldintzok, ez ziren baldintzak, amarruak ziren. Debaren bideragarritasun bermeak edota galdeketa, huts egin eta Itziarri aurpegiratzeko jarriak. Baina gainditu direnean aintzakotzat hartu nahi ez direnak.
Dena alperrik bada, itxaropenik ere ez da. Frustrazio mortala bakarrik. Nor egiten da erantzule?
Legea betetzea, kontsentsu politikoa bilatzea, bozken %95a eskuratzea ... eskatutakoa fin-fin betetzea alperrik bada, gure gizartea zertan da aurrerakoia? Zertan da demokratikoa?
Dena alperrik bada, dena gezurra da. Demokraziari buruz esan zaiguna gezurra da; elkarbizitza hobetu nahi dela gezurra da... Egia bakarra inposaketa da. Eta horren aurrean zer?
Inork ez du ataka horretaraino iritsi nahi. Eta garaiz gaude oraindik. Erabakiak arduraz hartzeko denbora daukagu. Horregatik, EA, EAJ eta Ezker Anitzako zinegotziei Auzo Udalaren alde bozkatzea eskatzen diegu. Eta dei egiten diogu euskal jendarteari igandean Deban egingo dugun giza katean parte hartzera, Plaza Zaharrean hasita goizeko 12tan.
(*) Sinatzen dute artikulu hau ere: Maria Jesus Aranberri, Ander Zulaika, Ibon Aranberri, Alex Irizar, Miriam Arrizabalaga, Maria Koro Unanue, Lurdes Albizu, Arantxa Lizarralde, Arkaitz Ezenarro, Ihintza Irizar, Aintzane Mujika, Unai Loiola, Bixente Zulaika, Itziar Irizar.