Tomas Karrera

Denoi dagokigu gure bultzada eman

Preso ohi batek borondatea baikorra zela eta adimena ezkorra zela esan zuen. Preso egondakook borondatearen seme-alabak gara. Askok boluntariok izan ginen gatazka armatuan. Gure baitan helburu eta amets argi bat: Euskal Herria libre eta hobeagoa sortzea. Patuak eraman gintuen espetxera, deportaziora, atzerrira, beste lagun batzuekin patua krudelagoa izan da…

Euskal Herria libre eta hobeagoaren aldeko borrokalari eta boluntarioak ginen. Borroka armatuak, ez baita dohainekoa, bere kostua du. Kostu garestia, sarritan  suntsitzailea, norberarekiko ere. Hamaika zalantza, hamaika izu eta mamu sortarazten duen sufritzaileak.

Gatazka politikoak eta armatuak zauri larriak utzi ditu euskal gizartean. Denon artean sendatu beharreko zauriak. Zubi eta bide anitz beharko dira iraganaren arrakalak gainditzeko. Horregatik, denon artean, lehentasunak ordenatu beharko ditugu, eta herri honek esperoan dituen eztabaida estrategikoak martxan jarri baino lehenago, lehentasunak gauzatu behar ditugu.

Pakea, maiuskulaz lortzeko, elkarbizitza irabazi, iraganari uko egin gabe, giza eskubideen eztabaida sakonduz, biharko edo hobe gaur arratsaldeko Euskal Herrian nola ulertzen eta ulertuko ditugun, nola aplikatzen eta aplikatuko ditugun giza eskubideak.

Kalera Kalera Usurbilgo ekimena borondatearen baikortasunetik sortu da. Bakea eta askatasuna irabazteko. Eta gu, preso ohiok, gure borondatearen baikortasunetik gure ekarpen xumea egin nahi izan dugu. Ez dagokigu inolako prozesurik kudeatzea. Baina, bost urte sueten amaigabea aldarrikatu zenetik, bai esan dezakegu: Aski da!

Elkarbizitza eta demokratizazioa usteltzen dituen egungo egoerak ezin du gehiago iraun. Ez gara gauza izan estatua engaiatzeko bake prozesuan, ezta sikiera ere bere errepresio estrategia bortitzean geldiarazteko.

Sueten iraunkor eta amaigabeak bake amets goxoan lokartu gintuen. Hainbat euskal eragilek bizikidetzaz mintzatzen ziren bitartean, mendeku politikari amen egin diote, eta horrek usteldu du ametsa. Madridek eta Parisek inposatutako egoerak ez garamatza inora, bakearen eta elkarbizitzaren aurkakoa delako.

Bost urte igaro eta ametsak deseginda. Ez dago etorkizunik gaurko egoera mantenduz gero. Ezinezkoa zauriak sendatzea, ezinezkoak elkarrizketak, ezinezkoa elkarbizitza.

Gatazka armatuak irauten duen bitartean, legedia eta justizia aplikazioa bereziak dira. Politika antiterrorista guztiak lekuko, politika penitentziarioak barne. Uneari eta gatazka armatuaren iraunkortasunari egokituak daude legediaren gogortasuna eta aplikazio errepresiboa. Ezin dira mantendu gatazka armatua desagertzen denean, bestela berezitasuna ohitura bihurtzen da eta gizarte osoak pairatzen du egoera errepresiboa. Estatua biolentziaren eta injustiziaren erantzule bakarra bihurtuz.

Bake ametsean lokartuak geunden batzuk eta errepresaliatuak beste asko. Azken bost urte hauetan zenbat pertsona, zenbat profesional –mediku, abokatu, sikologo...– atxilotuak edota preso izan dira? Zenbat sufrimendu metatu behar dituzte gatazkaren ondorioak pairatzen ari direnek? Noiz emango diegu aukera bat bakeari eta askatasunari?

Denok egokitu behar dugu gure jarrera ireki den fase politiko berriari. EPPKren azken komunikatua horretan datza. Estatuaren jarrera itxia ikusita, urratsak egin nahi ditu, oztopoak kendu, bidea erraztu. Beste guztioi dagokigu babesa ematea, bidea errazago egitea.

Usurbilen lehen harria jarri nahi izan dugu preso ohiok.

Lehendabizi etxean, kolektiboari babes osoa adierazten, eta gero, kalean herriko dinamikak berpiztu nahi izan ditugu, herri mobilizazioak oinarrizko eta ezinbestekoak baitira. Honez gain, denon artean bakea eraiki behar dugunez eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanetan jarri gara konponbidean parte har dezaten, proposa ditzatela nola amaitu behar den sakabanaketarekin, nola finkatu elkarbizitza, nola irabazi nahi duten bakea.

Denoi dagokigu gure bultzada eman, Euskal Herria libre eta hobeagoaren aldeko borrokalari eta boluntarioak ginelako, gara.

Search