Bego Bitorika
Sortzen elkarteko koordinatzailea

Denon artean eraiki behar dugu

Beste behin ere, Hezkuntza-komunitatea kalera aterako gara gure hezkuntza- sistema eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berresteko eta inposaketei indarrez  ezetz esateko. LOMCE onartu zenetik, mobilizazio ugari burutu ditugu hego Euskal Herriko herritarrok. Eta gauza gutxi aldatu dira.

Nafarroako eta EAEko gobernuek, bestelakorik adierazten badute ere, lege hori aplikatzen ari dira gure eskoletan modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabalduz.  

Inposaketei eta lege arrotzen aplikazioari ezetz esatearekin batera, ozen esango  dugu gure herrian nahi eta behar dugun hezkuntza-sistema eraikitzeko eskubidea dugula. Gure hezkuntza-eredua nolakoa izango den eztabaidatu, hausnartu eta erabaki nahi dugu, Hau da momentua!

Euskaldunon garaia da, Euskal Hezkuntzaren garaia da, gure lege propioak egin nahi ditugu, Euskal Herritik euskal Herrira.  Espainia zein Frantzia aldetik etorriko zaizkigun lege eta erreformek euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza-sistema mugatzea eta baldintzatzea dute helburu. Eta ez dugu lege inposatzaile berririk onartuko.

Inposaketa guzti horien gainetik urratsak eman behar ditugu Euskal Herriko Hezkuntza-Sistema propioaren bidean. Eta lan horretan ez gara hutsetik abiatzen, herri honetan hainbat proiektu eta lan burutu baitira dagoeneko.

Eta aurrera egiteko,  geure hezkuntza eraikitzeko eta inposaketei aurre egiteko, guztiok elkarlanean aritu behar dugu. Eta guztiok esaten dugunean, ez gara bakarrik hezkuntza-komunitateaz ari. Gure iritziz, hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe,…). Horregatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar duela deritzogu.

Nafarroako eta EAEko administrazioei euskal hezkuntza-komunitatearekin eztabaida eta hausnarketa prozesu bat ireki dezaten eskatzen diegu, gure errealitatetik eta gure beharretatik euskal hezkuntza-sistema propio baten oinarriak eraikitzeko.

Eraiki dezagun denon artean Euskal Eskola Publiko herritarra eta parte hartzailea. Euskalduna, hezkidetzailea, anitza, kalitatezkoa, eredu pedagogiko propioa izango duena…

Azaroaren 28an hego euskal herriko  lau hiriburuetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei. Gu ere han egongo gara.

Search