Inaxio Mendizabal
Euskaltzalea

Donostiako Belodromoa

Donostiako Belodromoan ez zen soilik Euskal Herriak Herri izaten jarraitzen duela ageriko egin. Donostiako Belodromoa ez zen gai izan bertaratu ziren guztiei eserlekua emateko. Eta sartu zirenek ere ez zuten han inolako karrera edo aposturik ikusteko paradarik ukan.

Hura ez zen festibal bat. Ezta ikuskizun hutsa ere. Estzenaratu ziren ikus-entzunezko saio bakanak, dotorezia haundiz emanak denak, gero etorriko zenari giroa prestatzeko, girotze-lanketa egiteko muntaiak ziren, edozein gure herritako jaietan festa-giroa  pizteko egiten dugunaren antzeko.

Belodromoan egun horretan, nekez ematen den feneomenoa gertatu zen.

Ekitaldia, Espainiak 6 urte pasak preso eduki eta atera berri den Arnaldori ongi-etorria emateko prestatua zegoen. Eta ondo eman zitzaion. Joaldunez bi ileretan inguraturik bera, eta txalo zaparrada beroarekin belodromoa gainezka zuen jendetza osoa zutik. Eta han, Arnaldo bakarrik azaltzen zen preso atera berri omendu lez, baina egoerak hala aginduta omenaldirik gabe geratutakoak eta oraino barruan edo ihesean darraitenak ere haren lekuan ikusteko aukera ematen zuen Elgoibarko mutila lotsarazteraino luzatu zen une hunkigarri hark.

Eta orduan gertatu zen, magia bailitzan, ziurrenik istoriara igaroko den fenomenoa.

Ordurarte, sekula santan, inork inoiz inon egin gabe zegoen moduan, euskaldunon buru-bihotzetan txertatuak edo iltzaturik ditugun zenbait poesia eta kanturen zatiak josiz, bilduma zirraragarri eta paregabea osatu zuen Zumaiako Maia haundiak, maila gorena joz. Aukeratzen zuen poesia edo kantuaren letra zati bakoitzak Euskal Herriak pairatutako ukapen eta zanpaketa istorioan gertaturiko pasarte bakoitzari oroimenean argi eginez, pasartez pasarte, gure istorioa kantuz azaldu zuen, kantua bera istorio bihurtuz, emozioak bor-borka bihotzetan gora jarriz, Herri sentimentua eta langile herritar kotzientzia uztartuz. Askatasun bidean aurrera egiteko daukagun erronkan grina eta borondatea haundituz joan zen, giroa erabat berotuz. Han, kolektibo baten bihotza hasi zen taupaka! Kuraia piztu zen!

Gero etorriko zen Arnaldoren hitzaldia. Ikusmin haundia zegoen eta berari entzun-gose zenari ez zion hutsik egin. Ohi zuen bezalako freskotasunez eta logika sinpleena erabiliz joan zen egon zitezkeen eta dauden zalantzak uxatuz: zergatik egin zen ezker abertzalearen estrategia aldaketa (Nazioartean, Hego Ameriketan zeuden mugimenduak jarraituz, eta Europan bertan independentzia lortzeko sortzen ari ziren aukera berriak kontutan hartuz); zergatik behar dugun Independentzia; zergatik behar ditugun etxean bizkor preso edo ihesean ditugun guztiak, askapen prozesuan sakonduz aterako ditugula azkarrago, ez dugulako borroka egiten presoak daudelako, borroka egin delako baizik presoak;  hasieran izan genuen indarra eta erakargarritasuna ahultzen joan zaigula eta nork lapurtu digun ilusioa, galdetu zuen. Barealdi horri azalpenak aurkitu eta aldatu beharrekoak aldatuz, gure helburuak lortze bidean ilusioa berriro pizteko, derrigorrezko jo zuen herritar langilegoaren gaur egungo beharrak zeintzuk diren aztertu eta behar horiek asebetetez helburuei begira aurrera egiteko balioko digun proiektu politiko herritarra matxan jartzea. Hobeto bizitzeko ditugun oztopoei aurre egiteko balio duen proiektua dugula, erakutsi behar dela. Hobeto bizitzeko borrokatu behar dugula, frogatu. Objetiboki aski baldintza betetzen ditugula eta askapen prozesua ezkerretik indarrean jartzera jo behar dugula, inori itxaron bage, irabazi nahi badugu, zioen. Hori eginez, Espainiari, Kataluinian bezala, luze gabe, hemen beste fronte bat irekitzea dela kontua. Ez dagoelako Espainia noiz demokratizatuko den zain egoterik, ez eta hura demokratizatzeko lanetan alferrik murgildu ere. Han ez direlako ematen hemen ematen diren hainbat baldintza. Hemendik egin behar dugula indar.

Beraz eta honenbestez, esan dezakegu Belodromoan emandako 2 hitzaldi horiekin, bai Maiak eta bai Arnaldok, Euskal Herriaren burujabetza lortzeko eta bere herritarrok euskaldun izateko eta zapalkunta eta bazterketa mota guztietatik aske izan gaitezen egin beharko duguna egiteko, indar horniketa lan izugarria egin zutela han bildutakoengan. Batak, setimenduak kantuz astiduz gogoa eta kuraia piztu zituen, aurrera egiteko beharko den ausardia jasotzeko. Besteak, bidea zuzen egiteko buruak argituz, gogoan izan beharreko metodoa erakutsi zuen.

Orain metodo hori praktikan jartzeko, bide-orria denon artean osatzea dagokigu. Eta nago han taupaka hasi zen kolektiboaren bihotzak taupadak ematen jarraituko duela, eta han bildutako jendetza andanak kolektibo horren hauspo aktibo izatean jarriko duela  bere ahalmena.

Ekin lanari eta aurrera! Badator udaberria. Zabal ditzagun ateak eta har dezagun arnas, haize berriak sentituz eta gehiengoak osatuz, Herri asketako gizon eta emakume libreak izateko bide horretan gure alea erein dezagun. Geuk egiten dugunaren baitakoa izango baita gure etorkizuna  

Lot gatzaizkion beraz bide horri, beste mundu bat posible dela sinetsita. Gehiengoa izanik zapalduak garenak, gehiengoa garela aldaketaren premia dugunak jakinik, maitasunez sar gaitezen dena irabazteko dugun borroka bide horretara. Alde dugu arrazoia. Alde dugu indarra (hala ematen ez badu ere!). Bertol Brechet-ek zioen bezala: makina munstroak sor ditzake gizakiak mundu osoko gizakiak menderatzeko, baina makina horrek gizakia behar du atzean. Ez gal gure… bizi bedi…itxaropena!

Gora Euskal Herria eta askatasuna! Gora gu ta gutarrrak!

Search