EAEko Hezkuntza Hitzarmenaren harira
Eskola publikoarekin egin bezala, ikastolei ere aitortu behar zaie buruturiko lan eskerga euskal irakaskuntzaren alde.
Asko hitz eginda azkeneko hilabete hauetan EAEko Hezkuntza Hitzarmenaz eta ugariak izan dira gai honen inguruan kaleratutako iritziak. Egindako ekarpenek izugarri aberastu dute gure herrian oinarrizkoa den hezkuntzari buruzko eztabaida eta eragile ezberdinen parte hartzeak –zenbait eragileren isiltasuna deigarria gertatu bada ere– erakusten du etorkizunari begira garrantzitsuak izan daitezkeen erabakiak hartzeko garaiaren atarian gaudela. Askotarikoak izan dira aurrez aurre egin duten ikuspegiak eta halakoetan gertatzen ohi den bezala gai batzuk hartu dute zentraltasuna, beste batzuk alboratuak geratu diren bitartean. Zenbait gai eztabaidaren erdigunean ez kokatzeak piztu du hain zuzen ondorengo lerrotan laburbilduko dugun hausnarketa.
Sarritan adostu nahiak berarekin dakar norberaren planteamenduengandik neurri bateko aldentzea. Hau erabat ulergarria da akordioak, finean, bestearekin –ezberdin pentsatzen duenarekin, alegia– lortu behar baitira; alde horretatik, EAEko Hezkuntza Hitzarmena berri on bat da ezberdinen arteko akordioetara heltzeko borondatea dagoela erakutsi dezakeen heinean. Baina horrek ez du esan nahi norberaren ikuspegi nagusiei uko egin behar zaienik eta behar bada bestearekin bat etorri nahi izateak norabidea lausotzea ekarri du eragile batzuen artean.
Edozein dela herria hezkuntza-sistemak hartzen duen berebiziko garrantzia erabatekoa da: gurean ere, Euskal Herrian ere. Izan ere, Euskal Herria da erdigunean jarri behar duguna eta batzuetan badirudi oinarrizkoa den hori aipatzeak ere nolabaiteko lotsa eragiten duela. Batzuk uste dugu hizkuntzak eta kulturak egiten gaituela herri: euskarak eta euskal kulturak egiten gaitu Euskal Herri. Geure buruaren jabe nahi izateak, berriz, egiten gaitu nazio eta nazioak berarekin du nahi izate hau herria subjektu politiko soberanoa bilakatzea. Biziraupen arazo gordina dugu hau. Behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, hizkuntzak eta kulturak hezkuntza-sistemak eskaintzen duen babesa ezinbestekoa dute iraun nahi badute etorkizunari begira. Are gehiago, sistemak nazionala beharko luke eta hori posible da –gurean, izango da– oraindik eraikitze dugun nazioan; hots, burujabetza –baita hezkuntza eremuan– norabide jakin batean kokatu behar da gure ustez: Euskal Errepublikan eta, testuinguru honetan, eraiki beharreko Euskal Hezkuntza-Sistema Nazionalean.
Esandakoak ez du dotrina adierazpen hutsala izan nahi, ez da hori gure asmoa; besterik gabe azpimarratu nahi dugu eman beharreko urratsak argi izan behar duela iparra eta hezkuntza arloan egin beharrekoak auziaren ikuspegi orokorra edukitzea eskatzen duela. Bistakoa den zerbait gogoratu behar dugu: hitzarmena EAEn kokatzen da, bai, baina ezin dugu Euskal Herriaren gaineko begirada osoa galdu. Egungo errealitate politikoa abiapuntutzat harturik, hori bai, aipatu norabidean erabakiak –eta adostasunaren bidean beharko luke– hartu daitezkeelakoan gaude. EAEren kasuan orain da momentua aurrera egiteko eta, horregatik, komeniko litzaiguke hainbat irizpide argi izatea eraiki beharrekoak oinarri sendoak izan ditzan.
Jakina denez, edozein hezkuntza-sistema indartsuk indarra duen administrazioaren eskola indartsua gorpuztea eskatzen du nahitaez. Aurrerago publikotasunaren gainean ñabardura funtsezkoa egingo badugu ere, esango genuke ezinbestean babestu behar dela EAEn eskola publikoa. Eta ez hori bakarrik: eskola publikoari eta bertan diharduen irakasleriari aitortu behar zaie azken hamarkadetan, eta askotan baldintza kaskarretan, burutu duten lan eskerga, besteak beste berrikuntza pedagogikoaren eremuan, baita ere euskalduntzearenean. Komunitate honek dituen erronkei begira (euskalduntzea eta euskal kulturaren irakaskuntza barne, ez dezagun ahaztu) argi eta garbi esan behar da porrotera gaudela kondenatuta eskola publiko indartsua izan ezean.
Eskola publikoaren aldeko jarrera tinkoak eta bizi dugun egoeraren gaineko ikuspegi kritikoak, dena den, ez du zertan dilema «gaiztoa» sortu behar. Edozein herritarrak ikus dezake protagonismo ikaragarria hartu duela «sistema dualaren» inguruko eztabaidak eta bertan publikoa ez den eskola kalte iturri nagusien erantzule gisa agerrarazi dela. Badirudi, gako nagusia eskola publikoa eta itunpeko eskolaren artean aukeratu behar izatea dela, berdin zein den eskola. Ikuspegi horrek azkeneko hamarkadetan indarrean egon eta dagoen Eskola Publikoaren Legearen nolabaiteko «arrakastaz» pentsatzeko bidea ematen digu bidean ezaguna den tesi nagusia garaile gertatu delarik: eskola publikoa da ala pribatua, ez da beste aukerarik. Eta ikastolaren kasuan, etxe barruan ere neurri batean barneratua izan delarik, pribatua izatearen lurraldea baino ez da aurrean dagoena, «publikoa» bihurtu ezean noski.
Alde horretatik publikotasunaren inguruan zerbait nabarmendu behar delakoan gaude. Publikoa administrazioaren ardurape zuzeneko eskola litzateke eta gainerakoak eskola pribatuaren eremu zabalean kokatu beharko lirateke. Deigarria da zein puntutaraino ahaztu den ikastolek –hemen ere ezberdintasunak baldin badaude ere– behin baino gehiagotan erakutsi dutela publikotasunaren aldeko borondatea. Hori bai, nortasunari eutsiz, bereak dituen kudeaketa oinarriei helduz eta administrazioaren irenste hutsaren aurka azalduz. Latza da entzutea ikastola pribatua eta pribilegioen eremua dela eta, alde horretatik, zenbait gaitz sozialen kalte iturri, bazterkeriarena barne. Gogoratu behar al da ikastola gizarte mugimenduak sortu eta bultzaturiko zorioneko eskola alternatiba gisa sortu zela testuinguru ilun eta latzetan? Ibilbide historiko luze eta oparoa egina dute ikastolek orain eztabaida labainkorrean urtzeko.
Eskola publikoarekin egin bezala, ikastolei ere aitortu behar zaie buruturiko lan eskerga euskal irakaskuntzaren alde. Inortxok ez du ukatuko euskara irakaskuntzaren eremura eraman izatea beraiei eta bertan lan egin duten irakasleei zor diegula eta aintzat hartu beharko da ba euskal kulturaren alderdiari erreparatuz curriculumari dagokionez egindako ekarpena? (horiek horrela, deigarria egin zaigu euskal curriculumaren gaineko isiltasuna). Argi: aitortza bai, baina ez gero lur emateko. Herri honetan urte luzetako esperientzia dugu besterik gabe sare publikoa eta pribatutasunaren ilunaren arteko hautua egiteko nagusitzen ari den ñabardurarik gabeko sistema dualaren amaieraren borrokan. Aintzat hartu beharko litzatekeen beste alderdi bat ere azpimarratu nahiko genuke: batzuen iritziaren kontra bada ere, guk ez dugu uste ikastola «Euskal Eskola Nazionala» denik, baina esan behar da ikastola, egun, nazionala den eskola bakarra dugula eta Euskal Herrian bera dela batasunaren ikuspegitik hartuta eskola-zubiaren funtzioa betetzen duen eragilea. Eta eskola publikoaren aldeko bestelako ikuspegiak ezin direla gutxietsi diogun neurri berean, mahai gainean jarri nahi dugu egiten diren aldarrikapenak –funtsezko ardatza den irakasleriarenak barne– ezin direla jantzi aurrerakoiaz aurkezten den aitzaki edo printzipio bihurtu «publikoaren» eremutik kanpo diharduten ikastolen kontra jotzeko.
Hezkuntza hitzarmena ez da hezkuntza legea, eta orain dugu benetako erronkari erantzuteko ezinbesteko betebeharra. Eskola sare osoa, administrazioaren ardurapean dauden eskolak eta beste gainerakoak osatzen dutena –den denak, salbuespenik gabe-, eta beti ere bazterkeria eta pribilegioaren aukerei ateak itxiz, adostasunaren estadioan kokatzen saiatu beharrean dagoelakoan gaude, baldin eta norabide jakinean lan egingo badugu eta horri begira ateak irekitzen baditugu: eraiki beharreko Euskal Hezkuntza-Sistema Nazionala.