Iker Garin Santamaria
LAB Irakaskuntza

EAEko Hezkuntza sailaren ateak, lehioak eta itoginak

Larunbat honetan irekiko ditu ateak BECek eta beste behin ehundaka oposaketarik jokoan jarriko dute haien etorkizuna. Ateak ireki BECek eta ateak ireki Hezkuntza Sailak bere etxean langileak sartu edo egonkortu daitezen.

Etxea, ikastetxea, ez da ordea denok nahiko genukeena. Itoginez beteta aurkitzen da eta ur jarioa pixkanaka goraka doa.

Zer zentzu dauka bestela 600 plazara iristen ez den deialdi publiko batek, baldin eta 3.000 plazako murrizketa eman behar bada Espainiako Tribunal Konstituzionalaren epai bati men eta amen eginez? Prest gaude 50 irakasleko 8 irakasle gutxiago izango diren ikastetxeetan lan egiteko? Gure seme alaben irakaskuntza egoera honetan uzteko?

Non gelditzen da hezkuntzaren kalitatea baldin eta ikasleak hamar egunez irakasle gabe uzten baditugu? Non pasako dituzte hamar egun hoiek? Liburutegian? Bada, 30 ikastetxetan 9 orduko laguntza kendu dute, ondorioz, liburutegiak itxiaz. Horrela sustatzen dugu irakurzaletasuna?

Liburutegirik ezean, informatika gelara eramango ditugu? 2020rako ikastetxe guztien digitalizazioa egin nahi omen dute baina ez dago hau aurrera eramateko urtez urteko plangintzarik. Sare Hezkuntza Gelan proiektuan parte hartzen duten ikastetxeei laguntza murriztu zaie (Lehen urtean 12.000 euro, bigarren urtean 11.000 euro, aurten ikastetxeei gehienez, 5.000 euro emango dizkiete) Ez dakigu zer plan duen Hezkuntza Sailak konektibitatearekin, ezta ere WiFi aren ezarpenarekin. Gainera proiektu honen barnean ez dauden ikastetxeei IKT arduraduna kentzen diete bretxa digitala handituz.

Aplikaziotik aplikaziora, zer esan Lomceren aplikazioaren inguruan? Hemen ere, men eta amen. Kontra omen gaude denok, Heziberri gora, Heziberri behera, baina aplikazioa errealitate bat da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Batxilergoan Dekreturik gabe, aurtengorako ez dago jarraibiderik.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerian utzi duen bezala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, Lanbide Heziketaren bidearen hautua egiten duten ikasleek euskaraz ikasteko aukera murritzagoa dute. Euskarak Lanbide Heziketan duen presentzia ez dator bat Derrigorrezko Hezkuntzan duenarekin. Honi, ikasle hauek nahitaezkoak dituzten praktikak, euskaraz egin ahal izateko ezintasuna gehitu behar zaio. Horrela, hezkuntzak euskaldundu dezakeena, lan munduak erdaldundu egiten du.

Eusko Jaurlaritzak aitortu du, euskarazko irakaskuntzak Derrigorrezko Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan daukan pisuaren arteko aldea handiegia dela. Distantzia hau txikiagoa izan dadin, Lanbide Heziketan euskarazko irakaskuntza sustatu nahi dute. Nola? Asmoen artean, D eredua indartzea eta B eredua sortzea. Ditugun datuen arabera, Lanbide Heziketako zentro ugarietan D ereduko eskaintza murriztu egin da. Hau al da Administrazioak D eredua indartzeko duen proposamena? Ez dugu ahaztu behar, legealdi honetan, EAEko Lanbide Heziketako legea aurkeztu dutela, eta Legebiltzarrak onartuz gero, B ereduaren sorrera finkatuta geldituko dela. Derrigorrezko Hezkuntzan ikasle gehienak eredu euskaldunetik datozela ikusita, ba al du zentzurik hizkuntza ereduen formulan sakontzea, datu guztiek, eta administrazioak onartzen duenean ereduen formulak ez duela behar beste euskalduntzen?

Autonomi Erkidegoaren Euskararen Erabilpenaren legeak zehazten duenez, ikasle guztiei, eskolak euskaraz hartzeko eskubidea onartu behar zaie. Gaur egun, eskubide hau ez dago Lanbide Heziketan bermatua. Administrazioak arduragabekeriaz jokatzen du beste behin ere, ikasle guztien hizkuntz eskubideak bermatu beharko lituzkeelako, eta hau gauzatu dadin, beharrezkoak diren baliabideak ipini beharko lituzkeelako.

Denborarekin erasoak pairatzen dituzten irakasleen kasuak goraka doaz. Hauek salaketa egiteaz haratago ez dute inolako erantzunik, inongo segurtasun bermerik. Langileen ordezkarioi datuak ezkutatzen dizkigu Administrazioak. Zergatik? Zer estali nahi du Hezkuntza Sailak? Eta erasoetaz hitzegiten gaudenez, zer asmo du Hezkuntza Sailak Zubietako erraustegiak erasotuko dituen 30 Km-ko erradio batean barnebiltzen diren 200 ikastetxeekin?

Aipatu behar da ere Heziketa Bereziko hezitzaileak 2003tik Lan Hitzarmenik gabe daudela eta hezitzaile hauen laguntza behar duten haurrei arreta emateko behar beste baliabide ez dela eskeintzen. Jangela zerbitzu apropos bat eskeintzen ez den bezela, izan ere,egungo jangela eredua agortuta dago, bai antolaketa zein funtzionamendu aldetik eta kolektibo honetako langileen lan baldintza prekarioak guztiz salagarriak dira.

Larunbatean ateak irekiko ditu BECek, ateak irekiko ditu Hezkuntza Sailak baina ez ditu leihoak itxi eta hezkuntzaren kalitateak etengabe egiten du alde leiho hauetatik.

Has gaitezen bada etxea berrantolatzen eta berria eraikitzen.Has gaitezen hezkuntza herriaren eta hezkuntza komunitatearen beharizanetara   egokitzen. Has gaitezen euskal herritar gisa hezkuntzan ere ditugun eskubideak bermatzen. Eta garrantzitsuena dena, goazen hezkuntza ikasle bakoitzaren beharizanetera egokitzen. Kalkulo politiko,ekonomiko,partidistak… lurperatu eta egin dezagun apustu bizitzagatik. Egin dezagun apustu ikasleengatik, ikas-irakaskuntza prozesuaren erdigunean jarriz, baita erabakietan, noski. Eta LAB horretan dago, bestelako hezkuntza eredu baten bidean urratsak ematen, alternatibak eraikitzen eta adostasunak lantzen. Finean, hezkuntzatik euskal estatua iruten!

Search